Eski kanpainak saria eman dio Andra Mari ikastolari

Guaixe 2025eko ekainaren 12a

Ikasle eta agintarien talde argazkia. UTZITAKOA

Aste txurian parte hartu duten ikasle guztien birziklapena eta kontsumo arduratsua sustatzeko ekimena egin zen, aztarna ekologikoa neurtuz. Andra Mari ikastolako ikasleek saria eskuratu dute, bere txandan parte hartu zuten beste lau ikastetxeekin batera. 

Ipar eskiko eskola kanpaina baliatu du Nafarroako Gobernuaren Nicdo enpresa publikoak aztarna ekologikoa txikitzeko proiektua indarrean jartzeko. Kanpaina egiten den hirugarren urtea da eta Aste Txuriak Zaraitzu eta Erronkari ibarretan eragiten duen aztarna ekologikoa murriztea du helburu, eta bertako udalen eta Nafarroako Hondakinak partzuergoaren laguntzarekin antolatu da. 

Aste txuriak dozena bat txanda izan ditu aurten eta bakoitzean hainbat ikastetxetako 240 ikaslek parte hartu zuten astero, Lehen Hezkuntzako 6. mailakoek edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoek. 

Neurketa
Ekimenaren helburua izan da ikasleen txanda bakoitzak sortzen duen aztarna ekologikoaren ranking bat egitea, Pirinioetako ibarretako ingurumenean eragin txikiena izan zuen taldea irabazle izan dadin.

Aztarna ekologikoa uraren, hondakinen eta energiaren erabileran neurtu dute antolatzaileek, beti ere, birziklapena eta prebentzioa sustatu nahian, eta baliabideen kontsumo arduratsuagoa sustatuz. Era berean, bizikidetza kontratuaren betetze maila ere kontuan hartu zuten antolatzaileek. Hau da, ostatuekiko eta haur guztien arteko errespetuari eta kanpainako arduradunekiko errespetuari balioa eman zioten. Gainera, herrietako hainbat tokitako argazkiak egin zituzten, garbitasuna nolakoa zen jakiteko. Ostatuetako arduradunen eta eski begiraleen iritziak ere jaso dituzte balorazioetan, baita arratsaldean egindako jardueretakoa ere. 

Txanda bakoitzean horren guztiaren jarraipena egin eta puntuazioak eman dituzte. Eta, ondorioz, Otsagabian bigarren txandan egon ziren lau ikastetxeak eta Izaban izan ziren zazpigarren txandako bost ikastetxeak saritu dituzte. Azken horretan izan ziren Andra Mari ikastolako ikasleak. Guztiek ere Sendaviva parkean egun pasa batez gozatzeko aukera izanen dute.