San Kirikoko etxajua sekula baino beranduago

Guaixe 2025eko ekainaren 16a

Eguraldiagatik afari-merendatzen hasteko deia atzeratu egin zen.

Etxarriarrak Andra Mari ermitaren inguruan 19:00etan biltzeko ohitura dute San Kiriko egunez, eta berehala mahaira esertzen dira. Aurten ezin izan zuten halakorik egin, ordu horretan ekaitzak bere burua gonbidatu zuelako festara. Euriak eta kaxkarrak etxarriar kuadrillei erabakia hartzera behartu zituen: aterpean jan edo ekaitza pasatzen utzi eta ermita inguruan gelditu. Aurreneko aukeraren alde egin zuen udalak eta hainbat kuadrillak. Frontoia eta udaletxeko estalopea izan zuten aterpe. Kokatu ondoren bota zuen udalak etxajua. Beste hainbat kuadrilla, berriz, ekaitza pasa ondoren ermita inguruan jarri ziren. Postre garaian iritsi zen euria, dena jasoarazi ziena. Afalduta, kintoek plazako estalopean aurreneko dantzakiak dantzatu zituzten.