Futbola

Etxarri Aranatz, buelta ematera

Guaixe 2025ko eka. 16a, 10:02

Etxarri Aranatzek eta San Jorgek lehia estua izan zuten. Iruindarrek gol bateko aldea dute. ETXARRI K.E.

Igoera faseko bigarren kanporaketako joaneko partidan 1-2 galdu zuen Etxarrik San Jorgeren kontra. Sanduzelain jokatuko den itzulerakoan markagailua irauli beharko du Etxarrik

Erregional mailako igoera fasean Etxarri Aranatz bigarren kanporaketa jokatzen ari da. Arerio latza tokatu zaio Etxarriri, liga erregularrean euren aurretik bigarren sailkatutako San Jorge. Norgehiagoka oso estua aurreikusten zen, eta hala izan da. 

Joaneko partida San Donato zelaian jokatu zuten bi taldeak atzo Etxarri Aranatzen. Partida hasi eta berehala, 7. minutuan, San Jorge taldeko Julen Rodriguezek gola sartu zuen. Bi taldeak nor baino nor borrokatu ziren, baina Etxarriri buelta ematea kostatzen zitzaion. Egoera hankaz gora jarri zitzaion Etxarriri 38. minutuan Alvaro Martinezek San Jorgeren bigarren gola sartu zuenean, baina Ioseba Bakaikoak zuzentzen duen taldeak ez zuen behera egin eta Pello Altzelaik 45. minutuan sartutako golarekin 1-2 hurbildu zen Etxarri. Horrek sekulako ilusioa piztu zuen etxarriarrengan. 

Atsedenatik bueltan, bigarren zatian Etxarri Aranatz aldea murrizten saiatu zen, baina San Jorgeren defentsak ongi zaindu zuen atea eta, azkenean, 1-2 San Jorgeren alde bukatu zen partida. 

Itzulikoa, ekainaren 21ean, Sanduzelain
Itzuliko partida ekainaren 21ean jokatuko da, larunbatarekin, 18:30ean San Jorge zelaian. Etxarri Aranatzek badaki erronka zaila duela, baina gorritxoak emaitzari buelta emateko gogotsu daude, asko dagoelako jokoan: preferentera igotzea.