Makina bat etxarriarrek basoko bidea hartu zuten ekainaren 16an, San Adrian ermita ondoan eguna ospatzeko. Txistulariek soinu banda jarri zioten egunari goizetik, udalarekin batera basorantz abiatzean. San Adriango plazan fritada (haragi gisatua) eta zopa (haragiaren hondarrekin egina) gosaldu zuten etxarriarrek. Eta 800 litro ardoko kupelari ekin zioten, haren ingurua lagunarteko elkarrizketez betez. Batzuk mezara joaten ziren bitartean besteak bazkarirako prestaketekin ari ziren.
Majo bazkaldu ondoren, txistularien mahaien arteko errondak arratsaldeko lehen dantzak sorrarazi zituzten. Kintoek hartu zuten ondoren lekukoa eta dantzakia hainbat alditan dantzatu zuten. Gernikako arbola kantatu ondoren, etxerako bidea kalejira luze bat bihurtu zen. Santitrei, Leñube, Danbolintxulo eta Arangorrietan geldialdiak egin zituzten, edateko, eta jateko.