Erregional mailako igoera fasean bigarren kanporaketa jokatzen ari da. Etxarri Aranatzi arerio latza tokatu zaio, hain zuzen ere liga erregularrean bere aurkaririk sendoena izan zena: San Jorge. Liga Altsasuk irabazi zuen (96 puntu), eta San Jorgek eta Etxarri Aranatzek lehia gogorra izan zuten bigarren postua lortzeko borrokan. Azkenean, San Jorge bigarren izan zen (83 puntu), eta Etxarri Aranatz hirugarren (80 puntu)
Igoera faseko bigarren kanporaketan Etxarri Aranatzek eta San Jorgek preferenteko postuetako batengatik borrokatuko zutela jakiteak ikusmin handia piztu zuen. Izan ere, bi taldeak oso onak dira, eta norgehiagoka oso estua aurreikusten zen, hala izaten ari den moduan.
Joaneko kolpea
Joaneko partida San Donato zelaian jokatu zuten bi taldeek ekainaren 15ean. Etxean jokatu zuen Etxarri Aranatzek, eta zale asko bertaratu ziren taldea animatzera. Partida hasi eta berehala, 7. minutuan, San Jorge taldeko Julen Rodriguezek gola sartu zuen eta markagailuaren kontra aritu behar izan zuen Etxarri Aranatzek. Bi taldeak nor baino nor borrokatu ziren, baina Etxarriri partidari buelta ematea kostatzen zitzaion. Egoera gehiago korapilatzeko, 38. minutuan Alvaro Martinezek San Jorgeren bigarren gola sartu zuen, etxarriarrendako kolpe gogorra, eta partida maldan gora jarri zitzaion partida Etxarri Aranatzi. Baina Ioseba Bakaikoak zuzentzen duen taldeak ez zuen behera egin, eta atsedenaldira joatear zirela Pello Altzelaik 45. minutuan sartutako golarekin 1-2 hurbildu zen Etxarri. Horrek airea eman zion Etxarriri, eta sekulako ilusioa piztu zuen zaleen eta jokalarien artean.
Atsedenalditik bueltan Etxarri Aranatz aldea murrizten saiatu zen, partida berdintzen, baina San Jorgeren defentsak ongi zaindu zuen atea eta markagailua ez zen gehiago mugitu. Joaneko partida San Jorgeren alde, 1-2, bukatu zen.
Sentsazioak berreskuratzera
Bi taldeek itzuliko partida ekainaren 21ean jokatuko dute,18:30ean San Jorge zelaian. Etxarri Aranatzek badaki erronka zaila duela aurretik, baina gorritxoak emaitzari buelta ematera aterako dira, asko baitago jokoan: preferentera igotzea. Horretarako, sentsazio positiboak berreskuratzea ezinbestekoa da. "Kanporaketa zaildu zaigu, baina emaitzari buelta ematera aterako gara" azaldu du Ioseba Bakaikoa entrenatzaileak. Gol bateko aldea du San Jorgek, eta zelai faktorea alde, baina Etxarrik ez du etsiko. Etxarriar ugari hurbilduko dira taldea animatzera, eta ea guztien artean ahal den.