Astekaria

Ehun sakandar inguru ariko dira Triku Trailen

Maider Betelu Ganboa 2025ko eka. 26a, 12:00

Korrikalariak, iazko edizioan. FESTAK.COM

Ekainaren 29an, igandea, Etxarri Aranazko kanpinean jokatuko da mendi lasterketa. 450 tokiak bete dira, "harro egoteko modukoa". 

Ekainaren 29an, igandea, jokatuko da XI. Triku Trail mendi lasterketa, bi distantziatan: ohiko Triku Traila (21 km, 1.300 m +) eta Triku Trail Motza (10 km, 524 m +). Izena ematearekin "oso pozik" daude antolatzaileak, "dortsalak agortu direlako". Guztira 450 korrikalariendako muga du antolakuntzak, eta gehienek Triku Trail Motzaren alde egin dutela azaldu du Igor Artiedak. "Iaz antolatu genuen lehenengoz ibilbide motza, eta sekulako harrera izan du. Aurten %55 inguruk hautatu dute. Gehienak gazteak dira, asko iraunkorki korrika egiten ez dutenak, baina Triku Trail Motza egitea erronka gisa hartzen dutenak. Pozik gaude, trebatzeko bada ere Triku Trail erreferente bat delako".  

Etxarri Aranazko kanpina irteera eta helmuga izanda, inguruko parajeetan Triku Trailek ibilbide zoragarria du. "Motzak Luzearen lehen 4,5 km-ak eta azken 4,5 km-ak hartzen ditu". Lasterketak Nafarroako Mendi Federazioko lasterketen Rankingerako puntuatuko du. Etxarri Aranazko kanpinean asteburu polita izaten da, korrikalari askok asteburuko egonaldia egiten dutelako bertan. "Guk ez dugu Ezkaurre, Orhi edo Beriain bat lasterketako ikur bezala, horregatik beste elementu batzuk saltzen ditugu. Basoan eta eremu ia gehiena itzalpean duen lasterketa eskaintzen dugu, ibilbide gorabeheratsua duena, eta korrika egiteko oso aproposa dena, ez baita teknikoa. Hiru igoera potente ditu, paraje oso ederrean. Triku Trail familia giroan egiteko aproposa da, asteburu pasa etortzeko primerakoa". Proba ikusteko, "Lizarrusti, Haritzen ibilbidea, kanpina... toki asko daude". 

Ehun sakandar inguruk eman dute izena, tartean 46 etxarriarrek. "Hori guretako oso datu polita da, harro egoteko modukoa, lasterketa errotuta dagoela erakusten duelako eta gazteek erronka bezala dutelako". Lan handiko egunak dira, "gustura egiten ditugunak".