Joanes Bakaikoa aurrelari etxarriarrak ezin hobe ekin dio Baikoren adarreko Sanferminetako lau eta erdiari. Ostiralean Etxarri Aranatzen jokatutako final hamaseirenetan Bakaikoak 20-22 hartu zuen mendean Agirre partida oso estu eta borrokatuan. Etxarrin jokatutako beste final hamaseirenetan Zubizarreta III.ak 8 tantotan utzi zuen Senar.
Atseden hartzeko betarik gabe, Bakaikoak Zubizarreta III.a izan zuen aurkari igandean Zaldibarren; Etxarri Aranazko kanporaketako bi txapeldunek final zortzirenetan aurrera egitea zuten jokoan, eta izugarrizko partida gogorrean –405 pilotakada gurutzatu zituzten 72:42 minutuko jokoan– parez pare aritu ziren, 21era berdindu baitzuten. Azken tantoa Joanes Bakaikoaren alde erori zen, etxarriarrak egindako gantxo ikusgarria. 22-21 irabazita, Bakaikoa final laurdenetan dago. Partida bukaeran, Bakaikoak aitortu zuen ez zuela ezkerrarekin gozatu.
Final laurdenetan Joanes Bakaikoak Iñaki Artola du zain. Partida ekainaren 25ean, asteazkenean, jokatuko da San Juan festetan murgilduta dagoen Hernanin.