Etxarri Aranatzek ezin izan du denboraldia borobildu. Erregional mailako ligan hirugarren sailkatu zen Etxarri Aranatz, kopa irabazi zuen, baina igoera fasean zorte apur bat falta izan zaio eta San Jorgeren kontrako bigarren kanporaketan erori egin da, tamalez.
Joaneko partidan 1-2 gailendu zen San Jorge Etxarri Aranatzen jokatutako partida. Bueltakoa ekainaren 21ean jokatu zen, larunbatarekin. Etxarri Aranaztik zale ugari bertaratu ziren San Jorge zelaira Etxarri animatzera. Partida hasi besterik ez zenean egin, 2. minutuan Julen Rodriguezek San Jorge aurreratu zuen eta hori sekulako makilkada izan zen etxarriarrendako. Zorionez, buelta emateko gai izan ziren eta bana berdindu zuten Adrian Jakak 12. minutuan sartutako golarekin. Beste gol bat behar zuten San Jorge harrapatzeko, eta bigarren zatian modu guztietara saiatu ziren. Tamalez, San Jorgek bigarrena sartu zuen 51. minutuan. 75. minutuan San Jorgek etxarriarren asmo guztiak zapuztu zituen hirugarren golarekin, eta 3-1 galduta, Etxarri Aranatzek ez zuen preferente mailara igotzea lortu.
Pena da, baina horrek ez du kendu behar Etxarrik egindako denboraldi itzela.
Kapitainaren agurra
San Jorgekoa Etxarri Aranazko kapitainak, Xabat Goikoetxeak jokatutako azken partida izan zen. Etxarri Kirol Elkarteak urteetan emandakoa eskertu nahi izan dio kapitainari. "Urte guzti hauetan erakutsitako konpromisoagatik eta azken partida arte taldearen alde egindako lan eta borrokagatik, gure gazteendako eredu zarelako.... ESKERRIK ASKO XABAT!
AUPA ETXARRI!" adierazi du klubak, kapitainak eskertu duena. "Sekule ez ttut urte guziok ahaztuko, eskerrik asko zuei! Aupa Etxarri!"