Txirrindulariak

Berastegi eta Beltran de Heredia, Etxarri Aranazko Top10ean

Guaixe 2025ko eka. 23a, 10:30

Beroarekin jokatu zen I. Etxarri Aranazko Emakumeen Lasterketa. TXIRRINDULARIAK

Juniorren eta kadeteen I. Etxarri Aranatz Emakumeen Lasterketako protagonista Izaro Etxarri (Andoain) izan zen

Aralar Txirrindulari Taldeak-Sakana Group-Aleak aurretik Lakuntzan jokatzen zen emakumezkoen txapela berreskuratu du, baina probak tokia aldatu du: I. Etxarri Aranatz Emakumezkoen Lasterketa. 

Etxarrikoa juniorren eta kadeteen mailako proba izan zen, 68 km-koa. Etxarri, Arbizu, Lizarragabengoa eta Lizarragako katea izan ziren ibilbidearen ardatz. Beroak izugarri gogortu zuen proba, eta izena emandako 78 txirrindularietatik 41 sailkatu ziren.

Izaro Etxarrik (Andoain) sekulako erakustaldia eman zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (1:51:15), jarraitzaileei 4 minutu eta erdi aterata. Proba irabazteaz gain, tartekako helmugen saria eta mendiko saria irabazi zituen Etxarrik, eta bere taldea, Andoaingo Txirrindulari Eskola, talde onena izan zen. Bigarren Laida Hierro (Mirat Team) izan zen, eta hirugarrena Irati Aranguren (Andoain), biak 4:30era. 

Bi sakandar sailkatu ziren Top10ean. Ane Berastegi (Ecologicos Navarra-Beratxa) bosgarren sailkatu zen, 4:39ra, eta Ane Beltran de Heredia (Timac Agro-Ermitagaña) zazpigarren, 4:46ra. Enara Perez (Tima Agro Ermitagaña) 21. sailkatu zen, 7:47ra. Amara Arrietak (Ecologicos Navarra-Beratxa), Siets Goikoetxeak (Ecologicos Navarra-Beratxa), Eider Mazkiaranek (Zu-k / Limousin) ezin izan zuten proba bukatu.