Astekaria

Burua tente despeditu du denboraldia Etxarri Aranatzek

Maider Betelu Ganboa 2025ko uzt. 2a, 10:00

Etxarrik San Jorgeren kontrako itzulerako partidan atera zuen hamaikakoa, Ioseba Bakaikoa entrenatzailearekin. ETXARRI KIROL ELKARTEA

Etxarri Aranatz futbol taldeak ezin izan du preferentera igotzeko ametsa gauzatu, San Jorgeren kontra erori baita. Hala ere, denboraldia "oso ona" izan dela uste du Ioseba Bakaikoa entrenatzaileak eta esker oneko hitzak besterik ez ditu

Etxarri Aranatz futbol taldeak denboraldi bikaina egin du. Erregionaleko ligan hirugarren sailkatu da, kopa irabazi du, baina ginga jartzea falta izan zaio, igoera fasean San Jorgeren kontra erori egin delako. Erori, baina zutik erori da Etxarri. Beste batean izango da.

Ioseba Bakaikoa
Ioseba Bakaikoa Salceda lakuntzarra izan da Etxarri Aranazko entrenatzailea 2024/2025 denboraldian. Etxarri futbol taldean hasi zen futbolari. Ondoren, preferenteko Uharte Arakilen, hirugarren mailako Aoizen eta Txantrean, erregionaleko Lagun Artean, Bigarren B mailako Beasainen, Lagun Artean –preferentera eta hirugarren mailara igo ziren– eta Txantrean aritu zen. Bere ibilbidea herriko taldean despeditu zuen, Lagunen, 35 urte zituela.

Bitartean entrenatzaile atera zuen. "Beti gustatu izan zait". Lagun Arteak eskatuta, benjaminen taldea entrenatu zuen lehenengoz, eta jubenilak, beste denboraldi batean. "Tarteka atseden hartzen dut, entrenatzaileena dedikazio handia delako". Lazkaoren deia jaso zuen, baina pandemia eta familia arazoengatik utzi zuen. Duela bi urte Lagun Artearen deia jaso zuen, maila galtzear zegoen jubenilen taldea entrenatzeko, eta hamar egun egin zituen.

Etxarri Aranatz futbol taldera
2023/2024 denboraldia bukatuta, Etxarrik Bakaikoarengana jo zuen. "Etxarrin jokatu nuen, kariñoa diot eta beti oso ondo tratatu naute. Gainera, entrenatzeko gogoa piztu zitzaidan, deskonektatzeko. Entrenatzen ari zarenean ez baitago lanik, gertukoen gaixotasunik, etxeko ardurarik... Gero guztia itzultzen zaizu bueltan, baina airea hartzeko gogoa nuen eta animatu nintzen".

Bakaikoak joan zen urteko blokea topatu zuen taldean. Gehienak jokalari gazteak, Xabat Goikoetxea kapitaina –larunbatean erretiratu zen– eta beste bizpahiru beterano izan ezik. Oinatz Carreño Beasainetik iritsi zen, eta Aimar Ijurra Altsasutik. Bakaikoa bere lan egiteko moduan hasi zen lanean, taldeak bere egin duena.

Ioseba Bakaikoa: "Plantillak taldearekiko konpromiso handia izan du"

Primerako liga
Taldeak ongi ekin zion ligari, eta hala jarraitu zuen, bukaeraraino. Altsasuk irabazi zuen liga (96 puntu), San Jorge bigarren izan zen, eta Etxarri hirugarren. "Altsasuk ez du areriorik izan, merezitako txapelduna da, eta San Jorgek eta biok lehia estua izan dugu, baina gehienetan beraiek egon dira gure gainetik. Igoera faseak erakutsi du gure multzoa, laugarrena, erregional mailako indartsuena izan dela, gure multzotik hiru talde igo direlako preferentera: Altsasu, San Jorge eta Rotxapea, eta gu ez gara igo San Jorgeren kontra erori ginelako".

Denboraldi ona egin du Etxarrik, ezbairik gabe. "Nahi genuen tokira iritsi gara, igoera faseko azken finalera, baina..."

Kopa, egun politenetakoa
Tartean, Etxarri Aranatzek, kopa irabazi zuen historian lehenengo aldiz, Carcastilloko Larrateri Funesen 1-2 irabazita. "Taldearendako sekulako gorakada izan zen; nire bizitzako egunik politenetakoa, finalak zaleak eta Etxarri herria bera mugiarazi zuelako, transmititu zen kariñoarengatik... Partida oso ongi prestatu genuen eta jokalariekin alderdi emozionala asko landu genuen. Tarteka taldeko irudiekin musikadun bideoak jartzen dizkiet, alde emozionala lantzeko. Finala kontra jarri zitzaigun, baina berdintzea eta deskontuan 1-2 irabaztea lortu genuen. Zortea faktore oso garrantzitsua da futbolean eta alde izan genuen, igoera fasean ez bezala. Zoramena izan zen, sentitu genuena sekulakoa izan zen, poztasun handia".

Etxarrik ilusioa piztu du herrian. Aspaldiko partez, inoiz baino jende gehiago gerturatu da futbol partidak ikustera. Juntan jende berria sartu da, lan egiteko gogotsu, eta guztiak batu egiten du. "Etxarri Aranazko apalategian geratu da kopa, bizi guztirako. Zaila izango da berriz halakorik lortzea. Denboraldiko gertakaririk politena izan da".

Superkopa
Kopa irabazi izanagatik, Etxarri Aranatzek Superkopa jokatuko du Tuterako Lourdesen kontra. Abuztuan izanen da, eta bi partidatan erabakiko da, joanekoan eta itzulerakoan. "Irabazten duen taldeak estatu mailako Errege Kopan parte hartuko du: kopako lehen bonboan sartuko da, goi mailako taldeekin batera. Ea nola ateratzen den".

Igoera fasea
Igoera fasean, lehen kanporaketan Etxarrik San Ignacio izan zuen aurkari. "Joaneko partida oso ona egin genuen. Bigarrena, nahiz eta galdu, ez zen horren txarra izan, baina aurretik genuen abantailari esker kanporaketa gainditu genuen". Bigarren kanporaketan ligako arerio nagusiarekin, San Jorgerekin gurutzatu ziren.

Joaneko partida Etxarrin jokatu zen. "1-2 galdu genuen, baina egin genuen partida gustatu zitzaidan. Ez genuen zortea alde izan, aukerak izan genituelako. Aldiz, San Jorgek izan zituen aukerak ez zituen huts egin. Bere indargunea zelai erditik aurrerakoa da, aurrean potentzial handia dauka. Atzean sendoak dira, baina aurren hiru jokalari oso erabakigarri dituzte, eta ez dute barkatzen".

Itzulerako partida larunbatean jokatu zuten, San Jorge zelaian. Etxarrik erremontatzea posible ikusten zuen, "horretarako, lan egin genuen". Etxarri kontzentratu zen: elkarrekin bazkaldu, eta autobusean joan ziren Sanduzelaira. Zelaira atera baino lehen 8 minutuko bideoa jarri zien Bakaikoak. "Kopako finaleko irudiak agertu ziren, denboraldiko beste partidak... emozioak nahasi ziren, une onak gogoratzea ona baita". Aldagela oso batuta egon da. "Aurten bi jokalariri guraso bana hil zaie, nire ama ere gaizki dago... gurea bezalako aldagela gaztean, kolpe latza izan da".

San Jorgek gol bateko abantaila zuenez, sistema aldaketa egin zuen Etxarrik itzuleran: defentsa gutxiago eta aurrelari gehiago, "baina sistema berriak funtzionatzen zuen probatu baino lehen, 2. minutuan gola sartu zigun San Jorgek. Determinatzailea izan zen, psikologikoki jota utzi zigun, bi gol erremontatu behar genituelako. Hala ere, partida berdintzea lortu genuen eta, eta entxufatu ginen. Tamalez, bigarren zatian San Jorgek ez zuen barkatu".

3-1 galduta, igoera fasetik kanpo geratu da Etxarri. "Autokritika egin beharra dago eta, agian, egin nuen planteamendu hori ez zen egokiena izan. Defentsa gutxiago jartzeko arriskua hartu genuen, golak sartu beharra genuelako, denboraldia ere luzeegia egin da... Dena den, aitzakiak ez ditut gustuko: San Jorge gu baino hobea izan da, eta merezitako irabazlea da. Hala ere, ohiko sistema (4-4-2) ez erabiltzearen arantza dut".

Oso eskertuta
Ioseba Bakaikoak esker oneko hitzak, ez ditu besterik. "Eskerrak eman nahi dizkiot plantillari, taldearekiko izan duen konpromisoarengatik. Gauzak erraztu dizkidate eta nire lan egiteko modura egokitu dira. Etxarriko junta bikain aritu da, ezin hobe, behar izan dugun guztia erraztu digutelako. Eta, jakina, zaleak. Sekulako kariñoa transmititu didate. Guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiet".

Ioseba Bakaikoa: "Eskerrak eman nahi dizkiot plantillari, Etxarri Aranazko juntari eta Etxarriko zaleei, sekulako kariñoa transmititu didatelako. Bestalde, Altsasu Kirol Elkarteak emandako babesa nabarmendu nahiko nuke: gurekin egon dira bukaeraraino"

Bestalde, Altsasu Kirol Elkarteak emandako babesa nabarmendu nahi izan du. "Gurekin egon dira bukaeraraino. Harreman handia sortu da Ivan Claver entrenatzailearekin, jokalariekin... Futbol zelaiak trukatu ditugu belar artifizialean edo naturalean entrenatu behar izan dugunean eta Claverrek laguntza eman digu San Jorgeren partida prestatzeko. Altsasu %100ean egon da Etxarrirekin, babestuta sentitu gara eta hori eskertu beharra dago. Azkenik, etxekoak eta ingurukoak aipatu ditu. "Beraiek dira egunero gure estresa ordaindu eta aguantatzen dutenak, beraz, eskerrak beraiei".

Denboraldiaren balorazio ona egiten du Bakaikoak. "Kirolaren aldetik oso ona izan da, kopa irabazi eta ligan nahi genuen lekura iritsi garelako, igoera faseko bukaeraraino. Futbolak asko ematen dit".

Datorren denboraldian segituko ote duen, "oraindik ez gara Etxarriko juntarekin hitz egiten jarri. Egunotan argituko dugu. Orain atseden hartzea dagokigu, denboraldia nekagarria baita: entrenamenduak mimoz prestatu, jokalariekin banaka hitz egin, ea nola dauden, partidak... dedikazio handia eta denbora da. Horri fabrika gehitu behar zaio, eta familia".