Baiko adarreko Sanferminetako lau eta erdian final laurdenetako partida jokatu zuten ekainaren 25ean, Hernanin, Joanes Bakaikoak eta Iñaki Artolak. Joanes Bakaikoa asteburuan bi partida gogor jokatzetik zetorren, ekainaren 20an Etxarri Aranatzen Agirre irabazteagatik eta ekainaren 22an Zaldibarren Zubizarreta III.a garaitzetik. Iñaki Artola, zerrendaburua izaki, final laurdenetan sartu zen lehian.
Joanes Bakaikoaren eta Iñaki Artolaren arteko partida oso gogorra izan zen. Hasieran Bakaikoak estu hartu zuen Artola, ez zion bere nahieran ibiltzen utzi. Horrela, estu joan zen partida eta bi pilotariak nor baino nor lehiatu ziren, zortzigarren tantoko berdinketara arte. Hortik aurrera, Iñaki Artolak errematearekin mina egin zion Joanes Bakaikoari. Etxarri Aranazko aurrelariari sufritzea tokatu zitzaion, eta asteburuko bi partiden nekea ordaindu zuen. Bitartean, Artolaren gantxoek, dejadek eta bestelakoek aldea zabaldu zuten, 14-8. Azkenean, 22-15 irabazi zuen Artolak, eta Bakaikoa sanferminetako lau eta erdiko txapelketatik kanpo geratu zen.
Artolak Baikoko adarreko finalerdikoa jokatuko du uztailaren 4an Donostiako Atano III.ean, ekainaren 27an Peña II.ak eta Larrazabalek jokatuko duten partidaren irabazlearen kontra.
Argazkia: IKER AZURMENDI