LGTBI bizitzek balio dutela aldarrikatu dute

Guaixe 2025ko uzt. 1a, 11:30

Etxarri Aranazko Udalak deituta, Harrotasunez lelopean, kontzentrazioa egin zen LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean, garagarrilaren 28ko eguerdian. 

Etxarri Aranazko Udalak deitutako elkarretaratzearen akaberan esan zutenez, "harro gaude gure bizitzez, gure historiaz eta LGTBI+ mugimenduaz". Nabarmendu zutenez, "komunikabide nagusiek eta eskuin muturraren diskurtsoek gure bizitzak isilarazi eta ezabatu nahi dituzte. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da gure existentzia ospatzea eta aldarrikatzea". 

Eta gaztigatu zutenez, "oraindik bide luzea dago egiteko". Izan ere, "eraso LGTBI+ fobikoak ugaritzen ari dira, armairuak oraindik bizirik dirau gure egunerokoan, eta gure bizitzak medikuekin edo arauekin justifikatu nahi dituzte". Ondorioz, "antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa da". Udaletik nabarmendu zutenez, "erakundeek politika publiko sendoak sustatu" behar dituzte: besteak beste, ikuspegi feminista duten zerbitzuak, babes kolektiboa eta autodefentsa bultzatzen duten neurriak. Politika anekdotikoak bazter utzi eta benetako aldaketak erdigunean jartzea eskatu zuen. Horrekin batera, udalak konpromisoa hartu du Etxarri Aranazko LGTBI+ pertsonen errealitatea aztertzeko, eta horretan oinarritutako ekintza plan integral bat egiteko. Prozesu hori mugimenduarekin elkarlanean egingo dela aurreratu du udalak.

Ostadarraren koloreak 
Bilkura bitartean kolektiboaren ikur den ostadarraren banderaz inguratuta egon zen kioskoa. Bestalde, Etxarri Aranazko Udalak plazako zabalgunean banku bat jarri zuen eta ostadarraren koloreekin margotu zuten. LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko ekitaldiak auzatearekin despeditu ziren.