Bide horren azken hamar urteetan parte hartu izan du Jon Irigoien Fresnedak. "30 urte asko dira eta espero dut beste 30 edo gehiago hor egotea", esan du.
Zeinek sortu zuen enpresa?
Sei bazkidek. Denak ezagunak eta lagunak ziren eta indarrak batu eta enpresa sortzea erabaki zuten. Lankideak enpresaren eta haien lanaren jabe izateko asmoz, lan sozietate anonimo gisa sortu zuten.
Zertan hasi zen lanean Eseki?
Enpresetan mantentze lanak eta instalazio elektrikoak egiten hasi ziren. Premia handia zegoen orduan eta gaur egun ere bai. Sakana, Iruñerriko, Lizarraldeko, Gipuzkoako eta Arabako bezeroak ditugu. Gehienbat enpresendako lan egiten dugu. Energia berriztagarriekin orain zerbait egiten dugu etxeetan.
Sail gehiago dituzue?
Ingeniaritza saila sortu zen eta automatizazioa, robotika eta homologazioak egiten hasi ginen 2016an; CE markatzea eta 1215/1997 Errege Dekretura egokitzapena. Lehenengo ikasi, ondoren departamendua sortu eta lanak egiten hasteko. Ingeniaritzako gure proiektuetarako CE markatzeak behar genituen. Europako zuzentarauak esaten duen moduan eginda dagoela ziurtatzen duen ziurtagiria da. Makinek bete beharreko lege pila daude. Beste ingeniaritza batzuendako markatzea eta dokumentazioa sortzen dugu.
Automatizazioa gero eta handiagoa da enpresetan, ezta?
Bai. Guk automatizazio txikietan sartzen gara, automoziorako eta halako sektoreetarako linea handi horiek ez ditugu egiten. Gehienbat paletizazioa eta ekoizpen katean gauzak toki batetik bestera eramaten duten roboten proiektuekin aritzen gara. Dezenteko eskaera dago. Azken urtetan lankide pila sartu ditugu. Pausoz pauso goaz, pixkanaka, gure filosofia baita bertako jendea kontratatzea, lanpostu egonkor bat sortzea eta bertako gazteak enpresan sartzea.
Beste ingeniaritzendako lan egitean harremanak ere sortuko dira, ezta?
Hala da. Harreman asko ditugu, eta horietatik lanak ateratzen dira. Azken batean, gure artean lanak banatzen ditugun familia bat, lan talde bat gara. Beste enpresekin halako erlazioak egiten ditugu.
Antolatzen diren sektoreko azoketara joaten zarete?
Bai. Gaur egun mugitu beharra dago. Mundua globalizatuta dago, azkenean dena elkarri lotuta dago. Halako azoketatik ideia gehiegi ekartzen ditugu (barrez). Bidaiak egiten ditugunean, bueltan izaten da: "orain hau eta beste egin behar ditugu". Baina buru hotz jokatu behar da, pixkanaka eta ondo aukeratuz zertara bideratu behar dugun enpresa, eta zer komeni den. Argi dago haize boladak hartzen jakin behar dela. Energia berriztagarriak adibide garbia dira. Gu energiatik sortu ginen eta energia berriztagarriak 2012an bueltaka hasi ziren azoketan. 2016-2017an energia berriztagarrien saila sortu genuen. Sail horretarako pertsona batzuk jarri genituen, trebatzen. Horren isla da sail horretan gaur egun daukagun lan maila eta ditugun bezeroak.
Lanak egiteko bazkidetzen zarete?
Saiatzen gara, lan guztiak ezin baititugu egin eta espezializazio guztia ezin duzulako izan. Beraz, lankidetzak egiten ditugu. Esaterako: energiaren eraginkortasunean aritzen den Iruñeko Grupo 3E; Tabar, altzairu herdoilgaitzezko eta soldadura teknikoko instalazioak egiten dituena eta Compresores Redin.
Lan kargarik handiena non?
Instalazio elektrikoa eta mantentzea %50 izanen da gutxi gorabehera. Beste erdia ingeniaritzak eta energia berriztagarriek hartzen dute. Sail bakoitzean espezializazioa gero eta gehiago lortzen ari gara. Jendeak prestakuntza hobea izan dezan, horretan gaude.
Ikerketa eta garapena?
Gurea egiten dugu sail guztietan. Horren eredu da Esergy solar, sortu dugun eta hurrengo urteetan bulkatu nahi dugun produktu bat da. Oso interesgarria da. Horri buruz ezin dut asko hitz egin, baina gure produktu bat merkatura aterako da. Hori garatzen ari gara. Eta beti dago buruan zerbait bueltaka.
Adimen artifizialak eragin dizue?
Asko. Gu baino bizkorrago doanaren sentsazioa dut. Zerbait ikasten duzu eta badago zerbait hobea edo beste zerbait egiten duena. Hor gabiltza, lasterketa betean.
Zenbat langile zarete?
40ren bueltan gaude. Bospasei lagun trebatzen dauzkagu. Sakanako eta inguruko ikastokietakoak hartzen ditugu.
Nahikoa espazio duzue?
Bai, pabiloi handia dugu.
Nola dago merkatua?
Gu, momentuz, oso ongi. Egia da inguruan dauden enpresak lan gutxirekin daudela. Baina, alde batetik, atzeratu zitzaizkien mantentze lanak eta hobekuntzak egiteko baliatzen ari dira. Datorrenera prestatzen ari dira eta, beraz, lana daukagu. Eta energia berriztagarrien sailean lan handia dugu ere. Momentuz ondo. Eta aurreikuspenak onak dira.
Zer ematen du ekonomia sozialeko enpresa izateak?
Batetik, askatasuna, lanerako konpromisoa eta zure lanaren jabe izatea. Familia bat izatea, eta bai ongi dagoenean bai gaizki dagoenean denak antzeko proportzioan erantzukizuna eta konpromisoa izatea.