XI. Triku Trail mendi lasterketak ustekabeko nobedadea izan du aurten. Iragarritako berotzarraren aurrean, antolakuntzak lasterketa ordubete aurreratzea erabaki zuen. 9:30ak beharrean, 8:30ean abiatu zen lasterketa. "Bi egun lehenago Nafarroako Gobernutik Etxarri Aranazko udalera deitu zuten, iragarrita zeuden tenperatura handien aurrean neurriak hartzeko aholkuak emanez. Ordurako ibilbide erdian beste mediku bat jartzea erabaki genuen, hau da, bat beharrean bi mediku izatea, eta ibilbidean ur hornidura gehiago jartzea. Probaren ordua aurreratzea gomendatu ziguten gobernutik, eta ongi ikusi genuen. Bete betean asmatu genuen" azaldu du Triku Traileko Igor Artiedak.

Korrikalari eta boluntario guztiei eman zieten ordu aurrerapenaren berri. "Posta elektronikoaz gain, whatsapp mezua bidali genien guztiei. Eromena izan zen, baina uste dugu inor ez zela jakin gabe geratu. Guri ez zaigu inor kexatzera etorri, are gehiago, ordua aurreratu izana eskertzera etorri zitzaizkigun korrikalariak". Horretaz gain, hornidura guneetan ur kubo handiak jarri zituzten, esponjekin, korrikalariak freskatzeko. "Harrera ona izan zuten".
450etik 384
Triku Traileko dortsal guztiak, 450 agortuta zeuden aurretik, baina horietatik 384 korrikalari atera ziren, 171 korrikalari Triku Trail Luzean (21 km) eta 213 Triku Trail Motzean (10 km). "Iaz antolatu genuen Triku Trail Motza lehenengoz, eta ohiko ibilaldiak baino parte hartze handiagoa du. Gazte sakandar askok erronka gisa hartu dute, eta oso pozik gaude".
Triku Trail ibilbidea "ikusgarri" zegoen. Hasieran ongi, baina beroarekin berehala sufritzen hasi ziren korrikalariak. Ibilbideko eremu askotan boluntarioek ura eskaini zieten, baina beroak ez zuen aparteko bestelako arazorik sortu. "Ohiko bihurrituak, erorketak eta bestelakoak izan ziren, baina, zorionez, ezer larririk edo berezirik".
Guztira 87 sakandar
Ibilbide Motzak Luzearen lehen 4,5 km-ak eta azken 4,5 km-ak hartu zituen Etxarriko kanpinaren inguruko paraje zoragarrietan. Lekunberriko Iñigo Lasarte izan zen azkarrena (48:55), Mikel Beunzaren (49:34) eta Andoni Egigurenen (50:07) aurretik. Jon Gil gazte lakuntzarra ikusgarri aritu zen, eta bosgarren sailkatu zen (53:21). Asier Estarriaga, lehen etxarriarra, zazpigarren izan zen (53:46). Emakumezkoetan, Guratz Azpiroz uitziarra gailendu zen (1:02:14), Jule Olaizolaren (1:02:51) eta Janire Velascoren (1:04:01) aurretik. Lehen sakandarra Leire Igea etxarriarra izan zen, emakumezkoetan seigarren (1:07:42). 61 sakandarrek osatu zuten Triku Trail Motza, horietatik 25 emakumezkoak.
Ohiko Triku Traila, luzea, Lizarrustiraino iritsi zen. Sufrikario latza pasa behar izan zuten korrikalariek. Xabier Macias iruindarra gailendu zitzaien (1:53:22) ibilbide guztian segika izan zituen Aimar Otxotekori (1:55:05) eta Iñigo Maciasi (1:56:50). Ander Galarza urdiaindarra bikain aritu zen eta 25. sailkatu zen, lehen sakandarra (2:17:32). Andoni Goikoetxea lehen etxarriarra izan zen, helmugan 43. (2:27:48). Emakumezkoetan, Maite Etxezarreta azpeitiarra izan zen txapeldun handia (2:16:56), Lara Estebanezen (2:17:35) eta Adirene Peñagarikanoren (2:23:59) aurretik. Zazpigarren Eneritz Karasatorre etxarriarra izan zen (2:36:16), lehen sakandarra. 26 sakandarrek osatu zuten luzea, horietatik lau emakumezkok.
Triku Trail, zalantzarik gabe, korrikalari sakandarren festa izan zen, 87 sakandarrek parte hartu baitzuten bi ibilbideetan. Guztia antolatzeko 125 boluntario inguru aritu ziren lanean. Arratsaldeko hiruretarako guztia bilduta zuten, eta Etxarri Aranazko kanpinean bapo bazkaltzera bildu ziren. "Ordua aurreratzearekin batera, biltze lanak ere lehenago bukatu ditugu. Litekeena da hemendik aurrera ordutegia aurreratzea. Hobeki denondako". Kanpina topera egon zen asteburu osoan.


