Etxarriko frontoiko teilatua konpontzeko lanak eman nahi ditu udalak

Guaixe 2025eko uztailaren 14a

Etxarri Aranazko frontoia. ARTXIBOA

Jarritako elementu isolatzaileek eta zarataren kontrakoek giro-berotasun eta erosotasun handiagoa emanen dute frontoi barruan. Udalak etorkizunean frontoiko teilatuan eguzki instalazio fotovoltaiko bat jartzea aurreikuspen du, elektrizitatea sortzeko. Horretarako prest geldituko litzateke teilatua. 

Etxarri Aranazko Udalak erabaki du Euskalerriari udal pilotalekuaren teilatua estaltzeko materiala, gaur egun fibrozementuzko plakak dituena, altzairuzko txapa plakekin ordezkatzea. Obrak 218.044,69 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Aurtengo foru aurrekontuari EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa baten bidez udalak 155.000 euro jasoko ditu obra egiteko. Lana bere gain hartu nahi duen enpresak eskaintza hilaren 20ko 23:30 arte aurkez dezake. Obra bere gain hartzen duenak bi hilabete izanen ditu lanak despeditzeko. 

Obraren helburu nagusia da teilatuan dagoen eta amianto-zuntzak dituen fibrozementua bere konposizioan kentzea, hondakin arriskutsu gisa kudeatzeko. Aldi berean, teilatuko 22 argi-zuloak estaltzen dituzten egungo plaka gardenak polikarbonatozkoekin ordezkatuko dituzte.  Horrekin batera, frontoiaren barruko baldintza termiko-akustikoak hobetuko dira. Horretarako, batetik, teilatuko txapen azpian isolatzailea jarriko da. Bestetik, frontoi barruan sortzen den zarata xurgatzeko 300 panel akustiko jarriko dira, 375 metro karratu hartuko dutenak, frontoiaren sabaian eta paretetan.