Astekaria

"Gauza koloretsua eta indartsua nahi genuen"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko uztailaren 22a

Asisko Urmeneta eta Iker Uribe marrazkilariak.

'Ongi errotik' Etxarri Aranazko herri mugimenduaren "ongi etorri" horma irudia sortzen ari dira uztailaren 14tik Asisko Urmeneta eta Iker Uribe marrazkilariak herriko sarreran.

Dena ongi, uztailaren 21eko astean amaituko dute. 

1. Nork sortu du horma irudia?
Asisko. Netflixeko serie baterako emanen luke. Nirekin harremanetan jarri ziren, eta harremanetan jarriak ziren Ikerrekin ere. Hori delikatua izan ahal da, bi egileen arteko lana; orduan, harremanetan jarri ginen marrazkilariok. Bertsio laburra. 
Iker. Herri mugimendutik nirekin harremanetan jarri ziren. Gai asko sartu nahi zituzten, kondentsatu, eta pentsatu nuen oso lan potentea zela sintesi hori egitea. Orduan, Asiskorekin harremanetan jarri ziren eta askoz errazago izan da dena. 

2. Nolakoa izan da irudia sortzeko prozesua? 
A. Norbaitek marrazki bat eskatzen duenean konstituzio bat idaztea nahi izaten du; baina marrazki bat marrazki bat da. Nola sartu borroka sektorial guztiak? Adinari esker sinpletzen ari gara. Iker oso ona da muralgintzan eta ni baino aise hobea koloregintzan. Lehenengo momentutik lau eskuko kontzertu bat izan da.
I. Marrazkia Asiskok egin zuen. Oso irudi potentea da. Polita geldituko da eta sintesi lan hori egin du; sinplea da, baina ez da erraza sinpletasun hori bilatzea. 

3. Zer kontatzen du irudiak? 
A. Ez dakit nork erraten zuen ekintza batek behar duela bere burua esplikatu. Gero komunikatu behar bada zergatik den ekintza hori, gaizki. Nahiko nuke jendeak ikusi eta ea zer ikusten duen. Abiapuntua ongi etorriaren inguruan da, eta buelta gehiago eman eta ongi errotik jarri dugu; hau ez da orube huts bat, ez da terra nullius (inorena ez den lurraldea). Ez, hemen herri bat dago eta badu bere kultura politika eta bere harrotasuna. Badu zer emanik munduari. Gauza indartsua eta koloretsua nahi genuen; osasuna eta askatasuna. 

4. Horrelako neurri handiko horma irudi gehiago egin dituzue? 
I. Euskal Herrian badugu ezaugarri berezi bat: frontoiz josita dago. Frontoi asko tokatu zait margotzea. 
A. Niretako ona da. Gure lana izaten da xehetasuna, biñeta, tamaina txikiko gauzak ia arnasarik ez dugula hartzen egiten dugun bitartean. Orduan, metroak eta metroak izatea niretako plazera da. Gainera, egin berri dudan lagun batekin aritzea. 

5. Lehenengo aldia da elkarrekin lan egiten duzuela, ezta? 
I. Pistak eman nizkion nirekin kontaktatzeko. 
A. Ogi apur batzuk bota zituen duela hilabete batzuk; azkenean erori naiz bere zepoan. Oso gustura hartu dut.  

6. Nola egiten ari zarete horma irudia? 
I. Uztailaren 14an hasi gara zirriborro batzuk egiten eta gero marrazkia enkajatuko dugu. Behin marrazkia eginda kolorea sartzen hasiko gara. 

7. Nola gidatzen zarete horman? 
I. Kuadrikula teknologikoa da; marrazkiak egiten ditugu eta gero argazkia ateratzen diogu eta transparentziaren bidez enkajatzen dugu. Marrazki oso handiak direnean asko errazten du. 

8. Hormaren ezaugarriak onak dira? 
A. Ez gara kexatuko. Eguraldia ere momentuz espezial ari da.  

9. Zer izango da zailena? 
A. Ez dakit puntu suizida bat dudalako izango den, baina ez dut zailtasunik inoiz ikusten. Ideia badugu, materiala ere bai, makina... Artea beste diskurtsoak iristen ez diren lekuetara iristen da, eta hau kasu bat da. Herritarrendako geldituko da; niretako ohore bat da, pribilegio bat, hona etortzea eta bion artean hau sortzea. Horregatik ahalik eta hobekien egingo dugu. 

10. Zenbat iraungo du? 
I. Oso erlatiboa izaten da. Baldintza askoren araberakoa. Hau oso ongi kokatuta dago, eta nik uste asko mantenduko dela. 

11. Mantenimendua beharko du? 
I. Kasu batzuetan nik egin izan diet, baina normalean ez. Agian jubilazioan deituko didate... 
A. Jendearekin batera zahartu behar dira. Kolorea galtzen hasiko da, gainetik margotuko dute... Materiala ona da eta urte batzuetarako hemen izanen da.