Andra Mari ikastolan herri kiroletan trebatu izanak “zerikusi handia” izan zuen 2024an Etxarri Aranatz herri kirol taldea sortzeko garaian. “Iaz adin ezberdinetako zenbait gazte elkartu ginen, herri kiroletan zerbait egiteko gogoa zegoelako. Ikastolan sokatira, zakua, koxkolak, trontza... halakoetan ibili izan ginen, eta pentsatu genuen: aurten Nafarroako Herriz Herri Txapelketan izena emango dugu? Eta hortik sortu zen Etxarri Aranatz herri kirol taldea” gogoratu du Ander Lakuntzak. “Etxarri Aranatzen herri kirolekiko zaletasun handia egon da beti, asko ikastolatik herri kirol munduan murgildu garelako. Gazte asko prest zeuden, eta talde polita sortu genuen” gaineratu du Mattin Altzelaik.
Taldea osatzea ez zitzaien oso zaila egin. “Jende asko dago ikasturtean beste kirol bat egiten duena eta gero herri kirol taldera animatu dena. Azkenean beti dago norbait” dio Adrian Jakak. Horrela, hamasei herri kirolariz osatutako taldea dute, herri kirol federazioan fitxa dutena. Lehiaketa egunetan hamabi inguru doaz, eta kirolarien ahalmenaren arabera taldea egokitzen dute. “Beran Mattinek ezin izan zuen egon, ezkontza zuelako, eta Hodei Amezkua aritu zen. Uztailaren 25ean, Elizondon, Mattinek parte hartu zuen eta Hodeik atseden hartu. Horrela moldatzen gara” gaineratu du Jakak.

Herriz Herri Txapelketa
Nafarroako Herriz Herri Txapelketatan bi proba konbinatu osatu behar dira. Lehen proba konbinatuan koxkol biltzea (15 koxkol, hirutan), zakua (zakuarekin plazari bi itzuli eman; gizonezkoek 40 kiloko zakua eta emakumezkoek 30 kilokoa), aizkora (gizonek metroko enborra erdibitu eta emakumezkoak oinekoa), korrika eta trontza probak egiten dira. Proba mistoa da; korrikako proban emakume batek eta gizonezko batek parte hartu behar dute aldi berean (kirolari bakoitzak hiru itzuli ematen dizkio plazari), eta trontzako bikotea emakume batek eta gizon batek osatu behar dute (enborrari lau epai). Gainontzeko probetan talde bakoitzak emakumezkoa edo gizonezkoa aukeratzen du, nahieran. Bigarren proba konbinatua txinga eramatea eta ingude altxatzea da. Txingetan talde bakoitzetik gizonezko batek (50 kiloko txingak) eta emakumezko batek (25 kiloko txingak) parte hartu behar dute, 10 plaza ahalik eta azkarren egiteko. Ingude altxatzean gizonezkoek 18 kiloko ingudea erabiltzen dute eta emakumezkoek 9 kilokoa, eta minutu batean ahalik eta altxaldi gehien egin behar dituzte.
Aurten zortzi talde ari dira lehiatzen Herriz Herrikoan: Araxes, Arraioz, Basaburua, Berriozar, Irurita, Txantrea, Ultzamaldea eta Etxarri Aranatz. Bakoitzak bi jardunaldi jokatuko ditu. Etxarri Aranatzek uztailaren 19an jokatu zuen Beran, eta uztailaren 25ean, Elizondon. Abuztuaren 17ko Burlatako finalean egoteko lan ona egin zutelakoan daude.

Behetik gora
2024ko Herriz Herriko Txapelketan zazpi talderen artean bosgarren sailkatu zen Etxarri Aranatz. “Joan zen urtea proba modukoa izan zen. Hasi ginenak egin beharreko herri kirol lanetan banatu ginen. Bigarren jardunaldia Etxarri Aranazko festetan jokatu genuen, eta jendeari asko gustatu zitzaion”.
Aurten nabarmen hobetu dute. “Denbora gehiagorekin hasi gara entrenatzen, eta proba bakoitzerako egokia den kirolariaren profila bilatzen saiatu gara. Adibidez, Adrian arina da, azkarra; beraz, korrikako proban ari da. Mattin eta Hodei indartsuak direnez, txingetan. Talde nahiko osoa gara, orekatua. Onak, guapoak, majoak eta sinpatikoak gara. Guztia dugu” dio, txantxetan, Ander Lakuntzak. Agerikoa da oso harreman ona dutela. “Taldearen ezaugarri nabarmenena dugun aparteko giroa da” nabarmendu du Jakak.
Entrenamenduak, frontoian
Aurten Aste Santuan bildu ziren lehenengoz, baina maiatzetik aurrera serioago entrenatzen hasi ziren. Norbera bere kabuz aritzen da, baina astero bizpahiru aldiz geratzen dira taldean aritzeko, Euskalerriari pilotalekuan. “Andra Mariko Mikel Senar beti dago gu laguntzeko prest. Bereziki trontzako teknika erakusten digu eta erraztasunak ematen dizkigu: tokia uzten digu, materiala...”. Iaz beharrezko materiala lortzen aritu ziren. “Txingak, zakuak... dena. Ingudeko materiala guk egin genuen, tramankulu bat sortuta (kar-kar). Aurten entrenatzera geratzen gara eta listo” dio Lakuntzak.

Proba gogorrak
Herri kirol modalitate bakoitzak badu berea. “Niretako gogorrena txingak dira, ez baita broma. 50 kiloko txingak eramateak meritu handia du” dio Lakuntzak. “Bakarrik txingak mugitzea, kosta egiten da” arrazoia ematen dio Jakak. “Txingena gogorra da, baina eskatzen duen denborarengatik eta teknikagatik aizkora oso zaila iruditzen zait” dio, aldiz, Altzelai txingalariak. Trontza “oso teknikoa” dela esaterakoan ados daude hirurak. “Kontuan hartu behar da gainontzeko taldeetako trontzalari askok ia bizi guztia daramatela trontzan, eta oso onak dira. Trontzan denbora asko gal daiteke. Gure trontzalariak ez dute horrenbeste entrenatzen, soilik bizpahiru hilabete, eta horregatik meritu handia dute”.
Aizkoran Aritz Oiarbide Erdozia dute taldekide, fitxaketa ona. “Jakina, erdoziatarren lana aprobetxatu beharra dago” diote, irribarrez. Ezin da lehen mailako aizkolaria izan, horregatik Jon Erdoziak ezin du aizkoran aritu. “Aritzi ez diogu inoiz kategoriaz igotzen utziko; debekatuta”, txantxa gehiago. Jon Erdoziak Maddi Beltzarekin osatzen du bikotea trontzan. Aipatu hirurak uztailaren 19an Beran jokatutako Herriz Herriko lehen jardunaldian lehiatu ziren. Haiekin batera, Oier Aierdi koxkoletan aritu zen, Ander Lakuntza eta Aratz Mariñelarena zakuan, Adrian Jaka eta Ane Gorritxo korrikakoan, Nerea Argüelles eta Aitor Oiarbide ingudean eta Garazi Artieda eta Hodei Amezkua txingetan. Basaburua, Txantrea eta Ultzamaldea izan zituzten aurkari.

Beran, ederki
Beran lan ederra egin zuten sakandarrek. Lehen proba konbinatuan (koxkolak, zakua, aizkora, korrika eta trontza) bigarren sailkatu zen Etxarri Aranatz (24:19), Ultzamaldea lehenarekin lehia oso estua izan eta gero (23:44). Bigarren proba konbinatuan, ingude altxatzean eta txinga eramatean, Etxarri Aranatz lehena izan zen, gizonek eta emakumeek egindako lana batuta, ingudean guztira 117 altxaldi egin zituztelako eta txingetan 20 plazak 4:35 minututan bukatu zituztelako. “Oso kontentu gaude. Ongi hasi ginen. Esan bezala, trontza zailena izaten da, gainontzeko bikoteak oso onak direlako, baina Jon eta Maddi ikusgarri aritu ziren; meritu handiz, bigarrenak izan ziren, Ultzamaren atzetik. Horrela, bukaeraraino Ultzamarekin oso berdinduta egon ginen, eta bigarren izan ginen. Eta txingetan eta ingudearekin zer esanik ez; dena oso ongi atera zen" dio hirukoteak, pozik.
Herriz Herrikoa udako txapelketa denez, bestelako planekin lotzen dute. "Berako probarako asteburu osorako landetxea hartu genuen Zozaian, eta asteburu pasa bikaina egin genuen. Baztandarren Biltzarra ezagutu genuen, sekulako festa".

Elizondon, txukun
Uztailaren 25ean Etxarri Aranatzek Herriz Herri Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuen Elizondoko Iriarte frontoian. Araxes, Arraioz eta Irurita izan zituen arerio. Lehen proba konbinatuan (koxkolak, trontza, zakua, aizkora, korrika) Arraioz izan zen finena (4 puntu), Iruritaren (3 puntu), Araxesen (2 puntu) eta Etxarri Aranatzen (puntu 1) aurretik. Eta bigarren proba konbinatuan, hau da, ingudea eta txingak, Etxarri Aranatzek ingudean 119 altxaldi egin zituen (59 gizonezkoak eta 60 emakumezkoak) eta txingetako denbora 5:10ekoa izan zen (3:12 gizonak eta 1:58 emakumeak). "Elizondon nahiko ongi aritu ginen" dio Lakuntzak. "Elizondoko festak ziren. Hatortxu Rock zelako, bestela asteburu pasa egingo genuke" gaineratu dute kideek.
Taldeari eustea
Hasierako ligaxkan egiten duten lana gehituta erabakiko da zein lau taldek jokatuko duten abuztuaren 17ko finala, Burlatan. "Martxa onean gaude, gustura. Finalerako sailkatzen bagara, primeran, baina bestela, ez litzateke ezer pasako, gure helburua ongi pasatzea delako. Kontua da gu oso exigenteak garela; gure artean pikatzen gara, eta lana ongi egin nahi dugu, guregatik" dio Jakak. "Nik uste ingudeko eta txingetako finalean egongo garela, eta lehen proba konbinatuan hortxe-hortxe ibiliko garela" aipatu du Lakuntzak.

Helburua herri kirol taldeak denboran segida izatea da, ikastolatik aterata, gazteek non aritu izan dezatela. "Ea hobetzen joaten garen eta ea jende gehiago animatzen den taldera. Ez soilik Etxarrikoak, beste herrikoak ere bai, Sakanan zaletasun handia dagoelako. Atea zabalik dugu. Jende asko etorriko balitz, agian izena aldatu eta "Sakana" jarri beharko genioke, nork daki!" dio Altzelaik. "Soilik baldintza bat jartzen dugu: parranderoak izatea. Hori jasota dago kontratuan, eta proba bukatuta kaña bat hartzearena, baita ere" egin du irribarre Lakuntzak.