Astekaria

Herri kirolen komediak

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko uztailaren 29a

Xabier Artieda eta Lorena Arangoa 'Aranburugoitiarrak'. UTZITAKOA

'Aranburugoitiarrak' antzezlana sortu dute Xabier Artieda eta Lorena Arangoa antzezle sakandarrek. Protagonistak herri kiroletako tradizio handiko familia bateko anai-arrebak dira, eta erakustaldia egiten saiatzen dira "baina ez zaie ongi ateratzen"

Lorena Arangoa irurtzundarra eta Xabier Artieda etxarriarra Aranburugoitiarrak dira elkarrekin sortu duten ikuskizunean. "Elkarrekin lan egiteko gogoa aspaldi geneukan; batak bestearen lanak ikusi ditugu, eta gogoa geneukan". Artiedak kontatu duenez egun batean "beste istorio" baten entsegu batean kointziditu zuten, eta Arangoak zerbait egitea gustatuko litzaiokeela esan zion; "baita niri ere", erantzun zion Artiedak. Baina oso lanpetuta zegoenez horretan geratu zen. "Urtarrilean deitu nion eta esan nion: nahi baduzu udarako zerbait sor dezakegu". Arangoak baietz esan zuen eta Aranburugoitiarrak prestatzen hasi ziren. 

Hiru hilabetez ikuskizun berria sortzen aritu dira, Artiedak azaldu duenez. Lanak anai-arraben istorioa kontatzen du: "Aranburugoitiarrak. Familia batetik datoz non tradizioa den herri kirolak egitea. Badago leinu bat eta beraiek ere probatu nahi dute". Hortaz iristen diren herrira, emanaldia egiten duten herria, eta herri kirolak egiteko behar duten guztia prestatzen dute: esatari batek nortzuk diren, nondik datozen, familia ospetsu batetik datozela eta abar kontatzen du. Lehenengo aldiz plaza horretan debutatu behar dute". Orduan, erakustaldiarekin hasten dira, eta ez da nahi duten bezala ateratzen: "Dena gaizki ateratzen zaie". 

Herri kirolak

"Komedia da, elkarri entzun diogu eta, esan digutenez, eszenan oreka ona da"

Antzezlana "gag-etan" banatuta dago: "Komedia denez eta klown lengoaia duenez lortu dugu batak bestea moldatzea; "elkarri entzun diogu eta, esan digutenez, eszenan oreka ona da"; ikusleek hori esaten badute "ona" dela esan du Artiedak.

Bi antzezleek izan zuten hasierako ideia herri kirolen inguruan zerbait egitea izan zen: "Grazia egiten zigun. Komedia aldetik ongi sartzen da oso gurea den zerbait delako". Herri kirolak "seriotasun handiz" hartzen direla esan du Artiedak, "eta nahi genuen ikuspuntu barregarri hori sartu". 

Dramaturgia bat bazuten, gero beste bat sortu zen... "Nortzuk ziren bi pertsonaia hauek, zer nahi zuten eta abar sortu behar genuen". "Denetarik" pentsatu zutela gaineratu du antzezleak, esaterako, hasiera batean lapurrak izan behar ziren: "Motxila batzuk lapurtzen zituzten eta bertan herri kiroletako arropak zeudela konturatzen dira. Herrian agertzen dira eta disimulatu behar dute". Horrelakoak egiten lortu zuten dramaturgia sortzea. Bestetik, herri kiroletatik "joko gehien" eman zezaketen arloak ere aukeratu behar zituzten. 

"Ni gehiago dokumentatu behar izan naiz. Argazkiak eta bideoak ikusi behar izan ditut ikusteko pertsonaiak mola mugitzen diren, eta izaera eta giroa ezagutzeko, gero zentzugabekeriak sartu ahal izateko". Arangoaren kasuan harri jasotzaile ibilia zela eta diziplina gehiago ezagutzen zuela esan du Artiedak, "harria jasotzeko egiten diren mugimenduak erakutsi dizkit ere. Sasoisu dago". 

Bi antzezle
Herri kirolak "oso serio" hartzen den gauza bat dela esan du Artiedak, beraz, nola hartu du publikoak gaiaz barre egitea? "Oso ongi. Barrez lehertzen dira. Azkenean, klown kodigoarekin sartzen dira. Bi gixajo hauek ikusten dituzte, saiatzen direla baina ez dutela ezer lortzen, eta orduan beraiekin bat egiten dute, enpatizatzen dute, eta sufritzen dute ere". Aranburugoitiarrak antzezlanak bukaera "polita" duela esan du Artiedak: "Buelta bat ematen dio egoerari; pertsonaiei kariñoa hartzen diezu". 

Arangoak eta Artiedak antzezteko estilo propioa dute. Arangoa klown da eta Artieda antzerki fisikoan murgiltzen da. "Nik esango nuke amankomunean dugula eszenatokian jendearekin jolasten dugula, komedian mugitzen gara, eta ongi ulertzen dugu erritmoa zein den jendearekin komedia aurrera eraman ahal izateko", azaldu du Artiedak. Desberdintasunen harira etxarriarri slapstick comedy egitea gustatzen zaio, hau da, komedia egiteko gorputza erabiltzen du eta Arangoak "klown moduan bere estilo propioa du". Biak "moldatu" direla gaineratu du Artiedak: "Badago momenturen bat non elkarri entzun behar diogun; antzerkiaren lehenengo irakaspena da hori". Hortik aurrera, baten txisteak barrealdia sortzen badu besteak itxoin behar duela badakiela azaldu du antzezleak: "Oso ongi entzun diogu elkarri". Hasieran "beldur" pixka bat izan zutela aitortu du, ez zekitelako nola erantzungo zuen jendeak, baina Artiedan mustu zuten eta "oso ongi" joan zen. 

Emanaldiak
Aranburugoitiarrak antzezlana mustu ondoren udan zehar hainbat emanaldi dituztela esan du Artiedak: "Hamabi bat emanaldi ditugu, momentuz; ikusteko aukerak badaude".  

Antzezle etxarriarrak Kutxartean (Entre Cajas) Paraiso Teatro konpainiarekin egin duen antzezlanarekin bi urteko bira egin du eta orain proiektu berriak ditu, "gelditu gabe". Abuztuaren 23an bere ikuskizun berria mustuko du Oinak Hodeietan jaialdian Nafarroako Gobernuaren herri txikietara kultura eramateko programaren barruan: "Formatu txikian mugitzen naiz, Fiesta fiesta Party party ikuskizuna sortu dut. Musikal bat da eta pixka bat denetarik egiten dut". Musikaren inguruan "disfrutatzeko" ikuskizun bat dela azaldu du etxarriarrak. 

Producciones Maestras konpainiarekin ere irailean antzezlan berria prestatzen hasiko dira, eta urrian aurrestreinatuko dute eta abenduaren 13an, Baluarten, mustuko dute. "Intentsiboa izango da; astelehenetik ostiralera, goizero". Besteak beste, Gorka Pastor musikaren sortzailea izango da eta Edurne Ibañezek jantziteria egingo du.