Etxarrin futbol zelairako belar artifiziala behar dute

Guaixe 2025eko abuztuaren 1a

Etxarri Aranazko futbol zelaia. UDALA

Belar naturala kendu eta artifiziala jarriko da, mantentze lan txikiagoa duelako.

Etxarri Aranazko Udalak San Donato futbol zelaian belar artifiziala jarri nahi du eta, horretarako, kontratua emateko deialdia egin du. Proiektua egitea eta lanak 455.003,41 euroko (BEZ barne) aurrekontua du. Baina bi lotetan banatuta emanen du zeregina udalak. Alde batetik, aurre prestaketa eta eraispen lanak, 111.110,69 euroko balioa dutenak. Eta, bestetik, belar artifiziala, 247.476,23 euro balio duena. Lanak finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren 16.000 euroko dirulaguntza du. Eskaintza egin nahi duen enpresak agorrilaren 25eko 23:30era arteko epea du. Kontratua eskuratzen duen enpresak bi hilabete izanen ditu egitekoak despeditzeko. 

Utzubar txiki dermioko kirol azpiegiturak 1995ekoak dira. Futbol zelai nagusiak 105 metro luze eta 67 metro zabal ditu. Gaur egun belar naturala du, eta astean 10 ordutik gorako erabilera intentsitatea du. Goragoko kategoriek erabiltzea lehenesten da, eta, nolanahi ere, haren gainazalaren degradazioa mugatzen saiatzen da.

Hala ere, joko zelaiaren erabilera intentsiboak, belar naturala mantentzeak dakarren kostu handiak (ureztatzea, ongarritzea, segatzea, aireztatzea, eskarifikatzea, eta abar) alternatiba iraunkorragoak eta iraunkorragoak kontuan hartzera behartu du Etxarri Aranatz Kirol Elkartea eta udala. Horien artean, egokitzat jo dute belar  naturala artifizialarekin ordezkatzea, erabilera intentsiborako prestazio hobeak dituelako eta mantentzeari dagokionez eskakizun txikiagoa duelako. 


Futbol zelai berriak izanen duen itxura. UDALA

Horretarako, lehenik, joko zelaiko egungo kapa begetala kenduko da. Gaur egun dagoen drainatze sistema egokitu eginen da. Gainean belar artifizialarendako oinarria jarriko da, ureztatze sistemarekin batera eta, azkenik, belar artifiziala jarriko dute. Lanak despedituta, zelai bakarrean hiru futbol zelai izanen dira. Zelaiaren luzeran 11 jokalariko taldeendako egonen da, eta zabaleran 7 jokalariko taldeendako bi futbol zelai sortuko dira. Aurrenekoaren marrak txuriak izanen dira, eta atzeneko bienak urdinak.