Udako unetxoak

"Festetako lehen eguna ilusio gehienarekin hartzen da"

Maider Betelu Ganboa 2025eko abuztuaren 1a

Alain Iriarte Ijurra, Etxarri Aranazko plazan.

Mikel Galarza etxarriarrak aitortu du alabari zapia jartzen dioten unea “aurtengo udako unetxoa izango da, ziurrenik”

Etxarri Aranazko bihotzean, plazan, dago Alain Iriarte Ijurra. Aurten aita izan da, eta pozarren dago. Udako momentu bat baino gehiago ditu, ez bakarra. “Udako momentua niretako urtero ezberdina izaten da. Normalean oporrak izaten dira, herriko festak eta sanferminak. Aurten, aita izan berri naizenez, ilusio gehiagorekin hartuko ditut oporrak, alabarekin eta bikotearekin gozatzeko. Oporretara zoazen momentu hori sekulakoa izaten da”.

Hala ere, Etxarri Aranatzen jarrita, udako momentua herriko festetan kokatzen du. “Niri gehiena lehenengo eguna gustatzen zait, larunbata, suziriaren eguna. Eta goizetik, gainera. Suziria, kuadrillako bazkaria, arratsaldeko poteoa, auzatea... Lehenengo eguna ilusio gehienarekin hartzen da eta politena da”.

"Goizeko poteoa eta kuadrillako bazkaria ditut gustukoen. Ondoko giroa ere bai"

Udako momentu hori txikia zenean familian bizitzen zuen. “Aitaren Arbizuko familia gure etxera etortzen zen bazkaltzera; orain bazkari hori igandean egiten dugu. Azken urteetan kuadrillan ospatzen dut, baina aurten bietan izango da, familian eta kuadrillan, goizean alabari zapia jarriko diotelako udaletxean. Horregatik, egunak beste plus bat izango du”. Udako momentua, nolanahi ere, beti partekatutakoa da. “Hori da politena, momentu hori lagunekin eta familiarekin, maitatzen duzun jendearekin konpartitzea”.

Festetako lehen egunetik dena du gustuko, baina politena “bazkaldu aurreko poteoa eta bazkaria” da berarendako. Aurten Arbizun bazkalduko du kuadrillak. “Haurra aiton-amonekin utziko dugu; beraiek ilusioa dute, eta guk baita ere”. Bazkalondokoa asko luzatzen zaie, “baina arratsaldeko auzaterako bueltan gaude. Marmitakoa jartzen dute lehen auzatean, tradizioa da. Ordurako plaza lepo egoten da dantzaldirako. Arratsaldeko poteoa oso polita izaten da ere bai”.

Plaza eta bertsoak
Dantzan plazari bueltak ematea eta “Aupa Etxarri” kantatzea klasikoa da Etxarri Aranatzen. “Tarteka tokatzen da, baina garai batean gehiago aritzen ginen. Zahartzen hasi gara eta...” irribarre egiten du Alainek. Udako momentua ez du inolako usainekin ez kolorerekin lotzen.

Bertsozale amorratua da Alain. “Garai batean bertso eskolan ibili nintzen, eta Nafarroako taldekako bertso txapelketan finalera iritsi ginen Joseba Beltza, Eneko Lazkoz eta hirurak, baina gero utzi nuen. Txapelketak jarraitzen ditut, baina ez naiz bertsotan aritzen, bakarrik parrandan. Festetako larunbatean, goizeko ordu txikitan ziur aterako dela bateon bat. Ez ditugu grabatzen; hor esaten dena, hor gelditzen da (kar-kar)”. Etxarri Aranazko festetan bertsoek bere lekua izaten dute, eta ez du huts egiten. “Iaz saioa aurkeztea tokatu zitzaidan”.

"Sanferminak eta oporrak udako beste momentuak dira niretako, ezinbestekoak"

Udako momentua heltzeko gogotsu egoten ote den galdetuta, “garai batean gehiago” egoten zela azaldu du. “Orain ailegatzen denean helduko da, eta ongi”. Aurten sanferminetarako desiotan zegoela aitortu du. “Oso sanferminzalea naiz. Uztailaren 6an kuadrillakoak beti Iruñera joaten gara gosaltzera. Lanean festa hartzen dugu, egutegian 6a markatuta dugu beti. Urteak daramatzagu toki berdinean gosaltzen. Aurten ere bikain pasa genuen”. Egunez bizi dituzte. “urte pare bat daramatzagu gaupasa egin gabe, eguna luze egiten delako. Dena den, geroz eta argiago dut parrandak egunez egitea dela politena. Pandemiatik hartu dugun gauza politenetako bat da parrandak egunez egitearena. Etxarri Aranazko festetan baita ere. Garaiz erretiratu, eta hurrengo egunean hobeki zaude. Eta orain, alabarekin, are gehiago”.

Alainek udako momentu ugari dituela argi dago. Etxarriko festetako lehen egunean alabari zapia jartzen dioten unea “oso berezia” izango delakoan dago. “Festetako lehenengo eguna, alabaren lehenengo festak, alabari zapia janztea... polita izango da. Beraz, nik uste dut aurten momentu hori izango dela aurtengo udako momentua, argazki hori. Gogoratzekoa izango da”.