Futbola

Etxarri, Superkopako txapeldunordea

Guaixe 2025eko irailaren 1a

Erregional mailako taldea den Etxarri Aranatzek itxura oso ona eman zuen maila autonomikoko Lourdesen kontra. NAFARROAKO FUTBOL FEDERAZIOA

Lourdesen kontrako joaneko partida erremontatu eta sorpresa emateko itxaropena izan zuten etxarriarrek, baina ezinezkoa izan zen. Final duina eginda eta burua tente esan diote agur Superkopari

Erregional mailako Etxarri Aranatz taldeak irabazi zuen 2024/2025eko Nafarroako Futbol Federazioko Kopa. Kopak beste sari bat zekarren berarekin, Superkopako final handia jokatzea igoera fasean hirugarren mailara igo gabe geratu zen taldearen kontra, kasu honetan Tuterako Lourdes taldearen kontra. 

Etxarri Aranatzek eta Lourdesek abuztuko azken bi asteburuetan jokatu zuten Superkopa. Joaneko partida Etxarri Aranazko San Donato zelaian jokatu zen, abenduaren 24an. Bi taldeek partida borrokatua jokatu zuten, eta lehen zatia husnako berdinketarekin despeditu zen. 53. minutuan Lourdesek gola sartu zuen; Etxarri Aranatz buelta ematen saiatu zen, baina ezin. Egoera okertzeko, partida bukatzear zela, deskontuan, beste bi gol sartu zituen Lourdesek eta 0-3 irabazi zuen. 

Itzulerako partida abuztuaren 30ean jokatu zen, Tuterako Clara Campoamor zelaian, eta Etxarri Aranatz sorpresa ematear egon zen. Oso ongi hasi ziren etxarriarrak, eta 8. minuturako Xabier Igoak markagailua mustu zuen, 1-0. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen, eta atsedenetik itzuli eta bigarren zatia hasi berri, Oinatz Carreñoren bigarren gola iritsi zen. 2-0 aurreratu zen Etxarri Aranatz eta Lourdes urduritzen hasi zen. 50. minutuan 1-2 gerturatu ziren Tuterakoak eta 10 minutu barru berdintzea lortu zuten, 2-2. Etxarri Aranatzek, ordea, ez zuen amorerik eman eta 68. minutuan David Alvarezek 3-2koa lortu zuen. Partida bukaera aldera, Lourdesek hirugarren gola sartu zuen eta hirunako berdinketarekin despeditu zen lehia. 

Etxarri Aranatzek itxura oso ona eman zuen bi kategoria gorago, maila autonomikoan jokatzen duen Lourdes taldearen kontra eta burua tente esan dio agur Superkopari. Superkopako irabazleak, Lourdesek, Errege Kopako aurretiazko kanporaketa jokatzeko txartela lortu du.