Etxarri Aranatz herri kirol taldeak lan bikaina egin du Nafarroako Herriz Herri Txapelketan. Talde etxarriarra Herriz Herriko hasierako ligaxkan bigarren proba konbinatuko (ingude altxatzea eta txingak eramatea) finala jokatzeko sailkatu zen, eta abuztuaren 17an Burlatako Ezkabazabal plazan jokatutako bigarren proba konbinatuko final handia irabazi zuen, meritu handiz, Txantrearen eta Ultzamaldearen aurretik. Mattin Altzelai eta Garazi Artieda, txingekin, eta Aitor Oiarbide eta Nerea Arguelles, ingudearekin, ikusgarri aritu ziren eta merezitako txapela lortu zuten.
Herriz Herri Txapelketako lehen proba konbinatuan (koxkol biltzea, zakua, aizkora, korrika eta trontza) Etxarri Aranatz bosgarren sailkatu zen ligaxkan, eta ezin izan zuen finalean sartu. Arantza hori alde batera utzita, denboraldiarekin kontentu dago taldea. Atsedenaldia hartu dute, orain bakoitza bere kirolean murgilduko delako. Gauzak ongi, 2026ko apirila aldera bilduko dira berriz, datorren urteko Herriz Herrikoa prestatzen hasteko.