1 Zer sentitu zenuen irabazle izendatu zintuztenean?
Poz handia. Asko kostatu dakit. Urte asko ibili naiz beti inguruan-inguruan, askotan bigarren edo hirugarrena, baina txapela irabazi gabe neukan. Beti buruan: "ea txapel bat". Itxurako txakurra izanez gero, beti gauza hori.
2 Urte asko parte hartzen?
Antonio Alustiza hasi baino urte bat edo bi lehenago hasi nintzen ni, Patxi Etxeberria fenomeno hura zebilenean. 30 urte bai, behintzat. Tarteka urte bat edo beste atera gabe ere.
3 Zergatik aurkezten zara?
Ez nuen zaletasun handirik. Txakur ona genuela eta aitak animatu ninduen. Ondoren txakurra itxuran dagoenean, probatu. Ostikeria da nik txarki pasatzen dudala. Igandean urduri nengoen. Ez jendearengatik. "Ea txakurrak zer egun duen!" Nahiz eta txakur ona izan, egun guztiak ez dira berdinak izaten. Edo ardi txarrak tokatu. Ni txakurra lanean hasteraino gaizki pasatzen dut.
4 Txakurra ongi gidatzeko, zer?
Txakur ona izatea. Ongi moldeatutako txakur bat izan behar du. Bestela, gauzak ez badira ongi ateratzen, gaizki pasatzen da. Mendi Gorbeia artzain txakurra da, gorria. Indartsua, potentzia handikoa, azkarra da. Tenkorra ere. Ez zaio menderatua egotea gustatzen. Bi urtetan asko hobetu du. Independentea da, lana berak egitea gustatzen zaio. Baina han esaten zaiona egin behar du. 7 urte ditu, 4 lehiatzen. Euskal Herriko txapelketan hirutan egon da, hemen bigarren gelditu da. Orain onenean dago. Duela bi hilabete suge batek lepoan hozkatu eta kasik hil zen.
5 Nola trebatzen duzu?
Ibili. Nahiz eta ez behar, arditara edo basora joatean, ni beti txakurrarekin joaten naiz. Oinez noala, beti bidaltzen nabil: ezkerretatik edo eskubitik, geldiarazi... Beti horrela, jolasketan pixka bat, baina serio xamar beti. Nik horrela jartzen ditut txakurrak. Esanekoa izatea ardirik eta ezer gabe erakusten diet. Larrean jarri eta geldi dadila. Oso garrantzitsua da txikitan txakurra eskutara egitea. Eta hots egiten zaionean beti etortzea. Aldian aziendarekin ere ibili egin behar da.
6 Txapelketarako entrenamendurik?
Ez dut sekula banderarik jarri. Sasi edo belar moltso baten atzetik pasarazten dut. Edo nahi dudan lekuan geldiarazten dut. Ilarduiako Lezeko Jose Mari gai horietan fenomenoa da. Baserrian ardiekin entrenatzeko prest zuela dena esan zidan. Han egon ginen biok. Heldu den astean ere egonen gara. Amaiurrera gonbidatu ninduten eta Mendi oso ongi ibili zen. Aurretik erakustaldiren batean ibiltzea ona da. Bestelakorik, ez. Axuri batzuk ditut larrean: buelta eman, bildu... Hiru-lau egunetik pixka bat.
7 Bi ariketa ditu txapeltak, ezta?
Lehena, zeharkako hesia, 7 minututan egin behar dira. Ardien arabera, nahiko motza da, ardiek erraz ihes egiten dute. Oso ongi eta azkar ibili behar da osatzeko. 8 segundoren faltan bukatu nuen. Lehenengoa ongi egin behar duzu bigarrenera pasatzeko. Eskortan ardiak sartu eta ateratzeko proba elegantea da. Niretako errazagoa da. Lehen proba itxuran egin badu, asentatu eta bigarrenean oso ongi ibiltzen da.
8 Orain Euskal Herriko txapelketa?
Garain da, irailaren 13an, 17:30ean. Askotan egon naiz Euskal Herrikoan. Beti nahiko itxuran, 5. eta 6. izan naiz. Ahaleginak egiteko asmoarekin joanen naiz.
9 Txapelketan erreleborik badago?
Gazte gutxi daude. Gustatu egin behar zaizu. Ez da erraza. Horrela ibiltzeko ere pixka bat plazagizon ere izan behar da. Bestalde, euskal artzain txakurrak bakarrik lehiatu daitezke Uharten. Orain artzain askok pintoak (border collie) dituzte.
10 Txapelagatik zer esan dizute?
Etxekoak kontentu daude. Ilobek poz izugarria hartu dute. Ama poza baino pozago zegoen.
11 Txapela defendatuko duzu 2026an?
Txakurra ongi badago, bai. Bi urte, behintzat, onak izan ditzake.