Astekaria

"50 orduz Hartzabal 50 aldiz igotzea da erronka"

Maider Betelu Ganboa 2025eko irailaren 12a

Triku Traileko Oihan Artieda, Igor Artieda, Aimar Araña eta Andoni Goikoetxea, "50 urte, 50 ordu, 50 igoera" prestatzen. UTZITAKOA

Urriaren 5ean 50. edizioa beteko du Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorriak. Triku Trailek Udaberri elkarteak antolatutako probari aitortza egin nahi dio. "50 korrikalari lotzeko ez dugu inolako arazorik izan; saltsa sortuko da" dio Igor Artiedak

1. '50 urte, 50 ordu, 50 igoera', Triku Trailek irailaren 12tik 14ra antolatutako Mendira Joan Etorriari herri omenaldia. Nolako saltsa!
Gu beti saltsatan sartuta gaude, martxa gustatzen zaigu eta. 

2. Udaberrik antolatutako Etxarriko Mendira Joan Etorria oso herrikoia da. Plazatik Hartzabalera, maiatzara igo eta jaitsi (10 km). Laburra da, baina badu berea. 
Garai batean gogorra zen, baina egun 10 km-koa izanda oso herrikoia da, lasterketa txiki bat. Nolanahi ere, 50. edizioa beteko du eta aitzindaria da Euskal Herriko mendi lasterketatan. 

3. Noizbait parte hartu al duzu?
Bitan bakarrik. Aurten antolakuntzan lagunduko dut. 

4. Nola bururatu zitzaizuen aurretik lasterketa omentzea?
Triku Trailen balorazioa egiten ari ginela, Joan Etorriak 50 urte beteko zituela aipatu zen. Data borobila, 50 urte asko dira. Urte horietan pentsa zenbat jende pasa den Udaberriko antolakuntzatik, zenbat korrikalari... Horregatik probari aitortza egin nahi genion. Pentsatzen hasi, eta 50 urte, 50 orduz 50 igoera Hartzabalera, hori da erronka. 

5. Noiz hasiko zarete?
Irailaren 12an 11:00etan Etxarri Aranazko udaletxe paretik aterako da lehen korrikalaria. Hurrengo txandak, herrira jaitsi beharrean Jeingenekoaren bordan egingo ditugu. Txoko bat utzi digute, eskuzabaltasunez, eta anoa gunea bertan jarriko dugu. Irailaren 14an 12:00etan abiatuko da azken txanda. Beraz, 50 ordu gau eta egun, etengabe. 

6. 50 txandetarako jendea lortzea zaila egin zaizue?
Ez ba! Herriko 50 pertsonatik gorako zerrenda egin genuen, neskak eta mutilak. Gure harrikadaren berri eman genien, eta jendea txandak betetzen joan zen, bete arte. 50 ordutan 50 korrikalari ezberdin egongo dira, baina badakigu jende gehiago batuko dela, ekimen irekia delako. Tartean beste erronkak sortu dira: batzuek 10 igoeretara iristea nahi dute, beste batzuek bostetara... Saltsa egongo da. 

7. Korrikalari guztiak etxarriarrak al dira?
% 90 eta asko etxarriarrak dira, baina irailaren 14ko eguerdiko azken igoerara lasterketarekin harreman berezia duen jendea gonbidatu dugu: 28 edizio egin dituen Jose Antonio Salgado altsasuarra, Joan Etorria sarritan irabazi duen Fernando Etxegarai beratarra, urtero etortzen diren Txurregiko korrikalariak, ultra trailetako Imanol Aleson... pentsatzen dut gehiago ere animatuko direla. 

8. Irailaren 14an 13:15ean auzatea iragarri duzue Etxarriko plazan. Beste sorpresaren bat egongo da?
Ordu horren bueltan iritsiko da azken igoera Etxarri Aranazko plazara. Oraingoz ez dago sorpresarik, baina agian azken orduan zerbait okurritzen zaigu (kar-kar). Igande eguerdiko azken igoera bereziena izango da, eta txanda horretara gehitzeko deialdia egin nahi dugu.

9. Omenaldiarekin urriaren 5eko 50. edizioan parte hartzera animatzen duzue?
Jakina! Pentsa lasterketa honek 50 urtetan zenbat aurpegi ezagutu dituen. Aitortza egin nahi diegu auzolanean egon diren pertsonei; bestalde, urriaren 5ean jokatuko den lasterketari nolabaiteko proiekzio bat eman nahi diogu, korrikalariak animatu. Azkenik, bere garaian apustua eta erronka egin zuten gazteak omendu nahi ditugu. 

10. Nolakoa izan zen proba sortu zuen apustua?
1975eko uztailean izan zen. Etxarriko bidegurutzetik mendi gainera 40 minututan igotzea zen erronka. Alde bakoitzak 2.000 pezeta jarri zituen. Alde batetik korrika, Patxi Huizi Oiarbide, eta beste aldetik, Felix Igoa Mozo eta Angel Mari Agirre. 

11. Nork irabazi zuen apustua?
Patxi Huizik; 37 minututan igo zen. 6:00etan Irurtzunera lanera joan aurretik egin zuen apustua, Irabazitakoarekin larunbatean lagun bat gonbidatu zuen Bar Urbasan afaltzera eta ondoren sanferminetara. Pasadizo bikaina!