Etxarri Aranatz
Seinale batzuk jartzea besterik ez da falta. Zeren, dagoeneko, plaza eta eskola arteko txirrindulendako bidea edo bidegorria eginda dago. Tarte horretan Sakanako Donejakue bidearekin bat egiten du bidegorriak eta, beraz, erromesak ere ibiliko dira. Irailaren 2an beharrezko seinaleztapen lanak egin zituzten.
Hasteko, eskola pareko aparkalekuaren ondoan erromesendako atsedenleku bat jarri dute. Handik herrira oinezkoendako eta bizikletendako hiru metro zabaleko bide bat abiatzen da. Herrira joateko bihurgunetik aurrera, eskoletako bidean, bizikletendako bi norabideko bide bat egin da, 2,20 metro zabal dituena. Gainerako 2,80 metroak oinezkoendako dira. Izan ere, eskoletako bidean ez da autorik ibiliko. Eskoletako bideko zorua tarte batzuetan konpondu egin da, esaterako, Zurkillo erreka gaineko zubi gainean. Hondatuta zeuden barandak berritu ditu udalak. Tarte horretan gehienezko abiadura 15 km orduko da.
Aranaz eta Mundiño kaletik plazaraino iritsiko dira erromesak eta txirrindulariak. Bi kale horietan erabilera partekatu behar dute oinezkoek, bizikletek eta autoek, baina bizikletek lehentasuna izanen dute. Kaleetan seinaleztapen horizontala eta bertikala jarriko dira, erabilera duala adieraziz, eta abiadura orduko 20 km-ra mugatuko da. Ibilgailuen trafikoaren egungo norabidea mantenduko da. Ezarri den bidegorrian ez aparkatzeko ohitura hartu beharko dute orain auto gidari batzuk.
Bestalde, Sakanako Bizikleta Bide Sarearen baitan, Etxarri Aranazko eta Lizarragako dermioko bide bana lotu egin dituzte. Beraz, NA-120 errepidetik joan beharrik gabe partzelariako bidetik bi herrien arteko joan-etorriak egiteko aukera dago. Lizarragatik abiatzen direnak Astarategietara joateko bidea hartu beharko dute, San Martin ermita baino beherago dagoena. Bideak Etxarri Aranazko Euntze dermioraino segitzen du eta han Epertegietako bidearekin bat egiten du. Handik Erdiko bidea hartu, Mugarasko txabola pasa eta Zierbidetik Etxarrira iritsiko da txirrindularia edo oinezkoa.
Azkenik, udalak jakinarazi duenez, Euskalerriari frontoiko lanak ferien ondoren hasiko dira.