Munduko Arrozak ekimenaren laugarren edizioa hartu zuen Etxarri Aranazko plazak. Orain arte kulturartekotasuna sustatzen zuen ekimena festetan egin izan da, festetako ostegunean, zehazki. Nerea Anso Iriarte zinegotziak argitu zuenez, "ekimena festen egutegitik atera nahi genuen. Festetatik kanpo Munduko Arrozek bere eguna eduki behar duela iruditzen zaigu. Bestetik, aurten festetatik egun bat kendu genuen, eta ostegunean zenez, atzeratzea erabaki zen". Data berria aukeratzeko garaian, Ansok azaldu zuenez, "asteburuero zerbait dago. Data aproposak bilatzen hasi eta, azkenean, irailaren 20an egitea erabaki genuen". Zinegotzi etxarriarrak gaineratu zuenez, "egun polita izan zen. Goizean Munduko Arrozak eta arratsaldean abesbatzaren eta dantza taldearen ikuskizuna izan baitzen".
Ansok gogorarazi zuen Munduko Arrozak ekimenaren helburua: "arroza mundu guztian hainbat modutan prestatuta jan daitekeen elikagaia da. Etxarri Aranatzen beste herrialde batzuetan jaiotako hainbat etxarriar ditugu. Haien bidez arroza nola prestatzen den erakutsi nahi dugu. Etxarrin aniztasuna dago". Etxarri-Palestina elkartasun taldeko Marisa Maiza Begiristainek esan zuenez, "herritar guztiok ikusi behar dugu aniztasuna aberastasun bat dela. Hori aprobetxatu eta gozatu behar dugu".
Etxarri Aranazko plazan hainbat gastronomia txoko izan ziren goizetik. Venezuela, Maroko, Kolonbia, Portugal, Mali, Ekuador eta beste herrialde batzuetako platerak nola prestatzen diren ikusteko aukera izan zuten plazatik pasa zirenek. Haiekin batera Sakana Harrera Haranako kideak ere beraien eltzekoa prestatuko dute. Maizak esan zuenez, "bakarren batek errezeta ikasi nahi bazuen, sukaldariekin hitz egin eta galdetzeko aukera zuen. Horretara animatu genituen etxarriarrak". Ziurtatu zuenez, "egun horrek ere helburu hori ere badu, jendeen arteko komunikazioa bulkatzea, elkar ezagutzea eta harremana sortzea".
Jatekoak 13:30eerako prest zeuden eta plazara hurbildu zirenek dastatzeko aukera izan zuten. Euro baten truke platertxoa, sardexka eta eskuzapia eskuratu zitezkeen. Hori eginda, nahi beste arroz mota dasta zitekeen.
Palestina
Larunbateko Munduko Arrozak ekitaldian Palestina presente izan zen. "Altsasun Palestinako familia bat bizi da. Munduko Arrozak ekimenera etortzera gonbidatu genuen. Omenaldi xume bat egin genien". Maizak azaldu zuenez, "Etxarriko elkartasun taldean beti izan dugu helburu bat: Palestina ahalik eta leku gehienetara eramatea. Gaur egun dagoen gatazkarekin, hartaz hitz egitea, kontzientziak mugitu eta mahai gainean Palestinaren egoera jartzea, hitz egiteko eta salatzeko. Horregatik pentsatu genuen ezin genuela Munduko Arrozetan hutsik egin". Elkartasun taldekoek Palestinari buruzko informazioa eta salmentarako materiala jarri zuten herritarren eskura.
Munduko Arrozak Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, Sakana Harrera Haranak eta Etxarri-Palestina elkartasun taldeak antolatu dute Etxarri Aranazko Udalaren laguntzaz.