"Edozein txokotako torturatuk bere eginen du"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko irailaren 23a

Unai Razkin, egileetako bat, eta Patxi Arratibel, dokumentaleko parte hartzaileetako bat, Lizarragako tunelean. AITOR KARASATORRE

Manu Gomez Genua Mikelatxo Urbi kolektiboko kidea Donostiako Zinemaldian egon zen. Izan ere, Sakanan egindako torturari buruzko 'Arg(h)itzen' dokumentala zinema jaialdian eman dute. 

Mikelatxo Urbi kolektibo sakandarrak egin du Arg(h)itzen: torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen dokumentala. Ikusentzunezkoak 1966. eta 2011. urteen artean Sakanan tortura pairatu zuten 30 lagunen lekukotzak jasotzen ditu. Horretaz aparte, tortura zer den eta estatuaren inpunitate egiturak argitara ateratzeko asmoz zortzi adituk ere hitza hartzen dute dokumentalean.

Ibarrean sortutako ikusentzunezkoa Donostiako Zinemaldira iritsi da. Zinema jaialdiaren barruan Euskal Herrian egindako produkzioak biltzen dituen Zinemira atalerako aukeratu dute. Hiru emanaldi izan ziren Donostian asteburuan: larunbata 20an, 22:30, Principe aretoan eta igandea 21ean, 16:00etan Antiguo Berrin eta 18:15ean Trueban.


Manu Gomez Genua. UTZITAKOA

Halakorik espero zenuten?
Izena eman genuenean onartuak izateko esperantzarekin egin genuen. Baina, espero-espero... Guretako sorpresa handia izan da.

Lantaldean zer sentitu zenuten Zinemaldirako hautatuak izan zinetela jakiterakoan? 
Alde batetik, poz izugarria. Gure lana baliozkotzat jotzen duelako, kalitatezko lana dela aitortzen du. Bestetik, ardura. Geroztik izan direlako hamaika lan, hamaika kezka eta hamaika zeregin. Hau oso handia da eta ez dakit biharko eguna nola joanen den.

Protagonista sakandarrek zerbait esan dizuete? 
Gehientsuenak ikustera joatekoak ziren. Hori guretako pozgarria da. Tantaka komentarioak ailegatzen ari zaizkigu: "zeinen ongi!" "Zer poza, mezua zabaltzen dela"... Halakoak, bai.

Euskal zinemari eskainitako Zinemira atalean lehiatuko da dokumentala. Horren zer balorazio egin duzue? 
Lehiatzearena bigarren partea da. Zinemaldian dokumentala egote hutsa sari handia da. Baina lehiaketa hor dago eta, zergatik ez? Errealitatea baino, amets bat balitz bezala aritu gara hortaz. Badakigu gauza batzuk egiteko daudela eta horiek egin ditugu ahalik eta urrutien iristeko.

'Arg(h)itzen' gora eta behera. Baina zer da? 
Fran Baldaren ideia bat izan zen. Sakanan urtetan eta urtetan tortura pairatu zuen jende asko zegoela, eta haien testigantzak jaso behar zirela dokumental moduko bat egiteko. Ideia horretatik abiatu ginen. 30 testigantza jaso ziren. Ondoren adituengana jo genuen eta gaia handitzen joan zen.  Dokumental bat da, Sakanatik Euskal Herrira eskainitako dokumentala da. Ez da dokumental lokala. Euskal Herriko historia, torturaren historia, torturaren psikologia, tortura nola gainditu daitekeen... Horiek azaltzen dituen dokumentala da. Beraz, Euskal Herriko edozein txokotan aurkezteko modukoa da. Edozein txokotako torturatuk bere eginen du dokumentala. Jendeak ez du gauza lokal bat bezala ikusiko.

Joan zen urtean mustu zenutenetik zer bide egin du dokumentalak?
Neurri batean, joan den urteko Altsasuko mustutzea pase pribatua izan zen. Parte hartu zuten guztiak izan ziren, baita gonbidatuak ere. Ondoren herrietan eman zen. Baina erabateko mustutzea Bartzelonan egin genuen martxoaren 27an. Zergatik? Dokumentalak orain duen itxurarekin han eman genuelako estreinakoz. Altsasuko emanalditik Bartzelonako emanaldira aldaketak egon dira: iraupena zazpi minutu motzagoa da, 75 minutu irauten ditu; irudi batzuekin zenbait gorabehera genituen eta marrazkilari batek irudi horiek marrazki bihurtu zituen, eta, momentu honetan, araudia betetzen du.

Donostiakoak beste zinemaldi batzuetako ateak zabal ditzake? 
Ate joka hasi gara. Ikusiko dugu jotze horrek zer ekarriko duen. Bestalde, Donostikoaren ondoren, hiru egunetara Madrilen emanen dute. Uste dugu baietz, Zinemaldiko zigiluak aukera emanen digula alde batetik bestera gehixeago mugitzeko dokumentala.

Telebistetan emateko bidea emanen du? 
Hor ere zerbaitetan ari gara.

Alfonbra gorria zapaltzeko prest zeundeten? 
Prest beti. Hori ere amets bat da. Euskal ekoizleen sariketan aurrera eginez gero, aurki jakinen dugula esan digute. Eta joan beharko genukeela. Hori nire buruan, behintzat, momentu honetan ez dago.

Kolektiboko zein joanen da Donostiako emanaldira?
Berez bost gara. Aurkezpenera hiru joan ginen: Unai Razkin, Luis Kintana eta ni neu. Gauza bategatik edo besteagatik Juan Kruz Aldasoro eta Aitor Karasatorre ezin ziren joan. Donostian ikusi eta ikasitakoak gozatzeko izan ziren. Eta testigantza eman duten eta joan ziren sakandarrak zaintzeko. Batzuk nahiko urduri ikusi genituen aurreko hauetan.

Sakanan atzera emanen duzue?
Bai. Berriro ere herrietatik ate joka hasi zaizkigu. Pentsatzen dugu Sakanan deitzen duten tokietara emanaldia eskaintzera joanen garela.