Urriaren 5ean 50. edizio beteko ditu Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorriak. Urteurren biribila kontuan hartuta, Trikutrail taldeak horrenbeste urtetan proba antolatu duen Udaberri elkartea, boluntarioak eta 1975 urtean apustua eta lehen edizioa egin zuten Patxi Uizi Oiarbide, Felix Igoa Mozo eta Angel Mari Agirre omendu nahi izan zituen. Horretarako, "50 urte, 50 ordu, 50 igoera" omenaldi herrikoia antolatu zuten irailaren bigarren asteburuan. Mendira Joan Etorrian Etxarri Aranazko portutik mendi puntara igotzen denez, Hartzabaletik gertu, 50 aldiz jarrian igo zen mendi puntara.
Ostiralean 11:00etan abiatu ziren, lehengo txandan, Ander Unzurrunzaga eta David Caballe. Ordutik, beste 49 txanda igo ziren mendi puntaraino. Txanda aldaketak Jeingenekoako bordan egin ziren. Azken txanda bereziena izan zen. Igandean 12:00etan abiatu zen, aurpegi ezagunekin. Etxarriarrez gain, 28 edizio egin dituen Jose Antonio Salgado, sarritan garaile izandako Fernando Etxegarai, urtero parte hartzen duten Txurregiko korrikalariak eta beste zeuden.
Giro ederra
Trikutrailekoak oso pozik daude. "Ekimena primeran joan da, giro polita egon da. Oso sentsazio onarekin bukatu dugu asteburua. Lan gehiegi ez zen, baina ordu asko egon beharra zegoen. Eguraldiak errespetatu du, eta gauez aritu den jendea oso gustura egon da, goialdean behean baino tenperatura hobea omen zegoelako. Oso zapore ona dugu, jende askok parte hartu duelako eta oso giro ona egon zelako" azaldu du Igor Artiedak. Gehienak etxarriarrak ziren, "baina Sakanako beste herrietatik eta kanpotik hurbildu zen jendea baita ere. Uste dugu Mendira Joan Etorriaren 50. Urteurrenari begira herria eta giroa aktibatu ditugula".
Urriaren 5ean, parte hartzera
Jeingenekoaren bordara jende dezente hurbildu zen. "Nagusienek lehenengo urteetako kontu zaharrak kontatzen zituzten; gauza asko ikasi ditugu". Trikutrailekoek esker oneko hitzak dituzte Mendira Joan Etorriko antolatzaileendako. "Gustatzen zaiguna egiten egin diegu omenaldia, mendian korrika, alegia". Denak urriaren 5era begira jarri dira, 50. Mendira Joan Etorrira, hain zuzen ere. Izena ematera eta parte hartzera animatu dute.