“Ezetz igo Etxarriko kruzetik mendi gainera 40 minutu baino gutxiagoan”. Horrela hasi zen Patxi Huizi eta bere bi lagun Felix Igoa Mozo eta Angel Agirreren arteko apustua. Guztira, lau mila pezeta jokoan. Erronka onartu eta irabazi egin zuen Huizik, goizeko seietan lanera joan baino lehen. Irabazitakoarekin, “Bar Urbasa”-n afaltzera lagun bat gonbidatu zuen. Eta ondoren, San Ferminetara. Eta orain, 50 edizio eta gero, ehun korrikalari baino gehiagok parte hartu zuten apustu gisa sortutako lasterketa horretan. Miguel Ulaiar eta Rafael Larraza, “Txifli”, etxarriarrek utzi dituzte iada antolakuntza lanak, baina aspaldi hasi ziren laguntzen. Aiert Lizarragari, aldiz, urte gehiago gelditzen zaizkio oraindik laguntzeko. Udaberri elkartea izan da urte guzti hauetako antolatzailea. Aurtengo edizioa, ordea, berezia izan da. Mende erdia ez baita askotan ospatzen.
Apustu batetik lasterketa federatu batera
1975eko apustua gaur egungo edizioarekin alderatuz gero, zerikusi gutxi ikusten ditu Ulaiarrek: “Ibilbidea bai. Hori mantendu egin dugu, behintzat”. Antolakuntzan orain baino jende gehiago behar zela aitortu du. “Lehen, boligrafoa, papera eta erlojua besterik ez zen behar. Oraingo txip-ekin soberan dago jende asko”, onartu du atzetik Txiflik. Gaur egungo teknologiak, nahiz eta korrikalari dezente gehiago egon, asko erraztu ditu lanak. Batzuk “mendi gainean” eta beste batzuk behean. Horrela banatzen omen ziren antolakuntzako kideak hasierako edizioetan. Walkie-talkie bidez eramaten zuten korrikalarien gaineko kontrola, nahiz eta batzuetan, ezin izan elkarren artean komunikatu.

Aspaldiko kontuak besterik ez dira hauek. 50 urte beranduago errazagoa baita lasterketa kontrolatzea. Pentsaezina zaio Ulaiarri gaur egun horrela ibiltzea: “Txip-ekin asko erraztu da dena”. Lasterketak bere historia luzean izan duen bilakaera arrakastatsua dela eta, Nafarroako zirkuituan sartzera iritsi da. Gaur egun, Federazioa egiten da kargu, eta horrek, aitortu du Lizarragak, “asko lagundu du”.
Testuinguru bakoitzak aldaketak eskatzen ditu. Gauza asko aldatu egin dira. Ez, ordea, ibilbidea. 10 kilometro “eskas” direla dio Ulaiarrek. Hala ere, zerbait aldatu zuten aspaldi. Hasiera batean, udaletxetik hasi eta udaletxean bertan bukatzen zen lasterketa. Baina horrek ez zion herriari giro gehiegi ematen. Beraz, plazan amaitzea erabaki zuten hirugarren ediziotik aurrera. Horrela, lasterketa udaletxean hasten da, bargara sartu eta mendi gainera igo egiten da. Bertan buelta eman eta bide beretik jaitsi egiten da plazara.
Mendi-lasterketen “boom”-a hemen ere
Azken hamarkadetan mendi lasterketak bigarren plano batetik protagonista izatera iritsi dira. Edizioak geroz eta jendetsuagoak diren honetan, eta gazteen artean hedatuagoak dauden honetan, Mendira Joan-Etorria ez da salbu.
Ulaiarrek aspaldi gordetzen ditu edizio bakoitzeko erregistroak: lehenengo apustuko ziurtagiritik 2012ra arte. Sei kidek besterik ez zuten parte hartu bigarren edizioan. Beste sei hirugarrenean. 2024an, ehun eta hogeita hiru. Diferentzia argia da, eta are gehiago, lasterketa Ferietako igandean egiten dela kontuan hartzen badugu. Izan ere, hasierako edizioa uztailean egin zen, San Ferminetan, zehazki. Gero, Ferietako igandera mugitu zuten. Txiflik badaki gazte askorentzat “astelehen latza” badela igandekoa.
Aiert Lizarraga: “Udaberri elkarteak betidanik antolatu izan badu ere, herriak bere parte sentitzen du iada joan-etorria. Herriko jendea beti dago prest laguntzeko”
Hala ere, muga bat jarri behar izan dute antolakuntzatik: 150 parte-hartzaile gehienez. “Gure mendiak ez du hainbesterako ematen”, onartu du Lizarragak. Ezin dituzte hainbeste korrikalari horrelako aldapetan sartu. Ibilbide zirkular bat izango balitz, agian bai, baina joan-etorriaren ibilbidea negoziaezina da.
Errekorrak apurtzeko erronka
Marka bat hausteko erronka batetik sortu zuten apustua. 40 minutu baino gutxiagoan egin behar zuen Patxi Huizik joan-etorria. 37 minututan egin zuen, zehazki. Horrela jaso zuten duela mende erdi bat Ulaiarrek gordetzen duen ziurtagirian. Bertan, UDABERRI elkartearen sinadurarekin, apustuaren nondik-norakoak jasotzen dira. Hor dago gaur egungo Mendira Joan-etorriaren jaiotza. Huiziren marka hobetzeko sortu ziren hurrengo edizioak, eta gaur egun, bi errekor daude apurtzeko gai.
Alde batetik, gizonezkoetan, Juan Mari Garin gipuzkoarraren denbora menderaezin bihurtu da 2001etik. 42 minutu eta 50 segundutan egin zuen joan-etorria, eta momentuz, ezin izan du inork hautsi. “Jendeak geroz eta gehiago entrenatzen du, errekorra apurtzeko prestatzen da. Baina ezin dute. Harrigarria da”, azaldu du Lizarragak. Emakumezkoetan, aldiz, duela hiru urte hobetu zuen errekorra Maria Ordoñez nafarrak, joan-etorria 51 minutu eta 28 segundutan burutu zuen.
Rafael Larraza, "Txifli": “Lehen, boligrafoa, papera eta erlojua besterik ez genuen behar. Orain jende asko soberan dago”
Aurtengo edizioaren berezitasuna kontuan hartuta, Lizarragarentzat polita izango litzateke errekorra etxarriar batek apurtuko balu. Ulaiar eta Txiflik, ordea, oso “zaila” ikusten dute. Azken urteotan egondako irabazle etxarriar bakarra 2021ean gailendu zen. Pandemia garaiak ziren, eta “etxarriarrek besterik ezin zuten parte hartu”, gogorarazi du Lizarragak.
Errekorrak apurtu edo ez, korrikalari eta ikusleek auzatea izan zuten, tradizio bihurtu den moduan. Udazkenean sartu gara bete-betean, eta salda bero bat edonork hartu zuen gustora.

Izen ezagun batzuk
Ulaiarrek atentzio handiz bete eta gorde izan ditu hasieratik edizioetako erregistroak. Eskuz idatzitako eta margotutako papertxoetan, 1976ko edizioa ditu gordeta. Lehenengoa ere, noski. Apustuaren ziurtagiria. Eta 36 urtez, erregistro guztiak eraman ditu berak. Gero, Internet eta teknologien erabilerarekin, kontrola galdu du eta iada ez du lista pasatzen. Hala ere, Txiflirekin batera, gogora ekarri ditu izen batzuk: “Ander Unzurrunzaga etxarriarrak askotan irabazi izan du proba”. Altsasuar bat ere ezin izan dute aipatu gabe utzi: Antonio Salgado, oso ohikoa izan baita urte askoz lasterketa honetan. Tomas Mauleonek, adibidez, hamazazpi aldiz parte hartu du Ulaiarren erregistroak esan bezala.
Derrigorrez egin beharreko erronka gisa hartu dute erregistroen kontua. Hurrengo urteurrenerako, behintzat, zehatzago eta antolatuago bildu nahi dituzte edizio guztien eta parte hartzaile guztien erregistroa.
Miguel Ulaiar: “Hasiera batean udaletxetik hasi eta bukatu egiten zen. Giro gehiago egoteko, bukaeran plazari buelta bat ematea erabaki genuen”
Beste 50 edizio, oparirik onena
Nafarroako lasterketarik zaharrenetarikoa da Joan-etorria. 50 urteetan, urtero ospatutako ia bakarra, “bakarra ez bada”, dio Txiflik. “Lakuntzakoa agian gurea baino lehenago antolatzen hasi ziren. Urte batzuk, besterik ez” uste du Lizarragak. Txiflik argi utzi du: “Ez, ez, ez”. Modu batera edo bestera, argi dagoena da aurtengo edizioa berezia izan zela. Udaberri elkartea antolatzaile nagusia bada, lasterketa herriarena bihurtu dela aitortu du Lizarragak. Orain arte ez da arazorik izan urtero antolatzeko eta zorionez, urtero egin da lasterketa. Ezta pandemia bat ez da gai izan etxarriarrei haien Joan-etorria antolatzeaz gabetzeko. Bide batez, antolakuntza ez da itsasoaren beste aldean gertatzen ari denaz ahaztu, eta aurtengo dortsal guztiek Palestinari elkartasuna erakutsi zioten.
Begirada atzera botaz gero, antolakuntzarik eta herritarren laguntzarik gabe ezinezko ikusten dituzte hirurok Mendira Joan-etorriaren 50 edizioak. Mende erdi honekin batera, lasterketak beste mende erdi bat bete dezala da desiorik handiena, Txifliren esanetan, “nahiz eta ez ikusi”.