Herriko aziendaren erakusketa hartu zuen plazak larunbat arratsaldea, hilak 4. Behi, txerri, behor, asto, ardi, asto eta abarren artean begira makina bat jende izan zen. Elkarrizketa animatuak izan ziren. Gautzearekin batera euritara jo zuen eguraldiak eta hala iraun zuen igande eguerdira arte. Auzatea udaletxeko estalopean egin zen. Bakailaoak arrakasta izan zuen. Dantzaldia estalpe azpian izan zen.
Korrikalariak abiatu ondoren, udaletxeko estalopean tripekiak eskaini ziren auzatean. Sakanako Gazta Txapelketaren 21. ediziora latxa ardiaren esnez egindako bost gazta aurkeztu ziren. Sustrai gaztandegi ubertearrak eskuratu zuen. Podiuma Dorraoko Utxama gaztandegiak eta Arruazuko Albik osatu zuten. Idiazabal jatorri izendapeneko dastaketa batzordeko Joserra Agirianoren laguntzaz David Rivera, Amaia Erdozia, Jurgi Yordanov eta Leire Etxeberriak egin zuten epaile lana eta beraiek izan ziren 100, 75 eta 50 euroko sariak nori zegozkion erabaki zutenak. Lanak eginda gazta dastatzeko aukera izan zuten etxarriarrek.
Goizean zehar artisau eta ekoizle azoka hartu zuen plazak. Lehenengoen salmahaietan bitxiak, artilezko produktuak, kamisetak, poltsak, pilotak eta beste zeuden. Barazkiak, eztia, ardoa, gazta, ogia, pasta eta beste, berriz, zuzeneko salmentan aritu ziren ekoizleen mahaitan ikusgai zeuden produktuetako bat ziren. Sakana Kantuz bere erronda hasi zuenerako eguna argitu zen.