Aizkora

Jon Erdoziak lehen mailari agur

Maider Betelu Ganboa 2025eko urriaren 21a

Jon Erdozia, ahalegin betean. NEREA MAZKIARAN

Etxarri Aranazko aizkolaria Lekunberrin jokatutako kanporaketan gazteena izan zen eta ezin izan zion lehen mailako kategoriari eutsi

Lekunberriko festetan kirolak protagonismo handia izaten du. Lau eta Erdiko Pilota Txapelketarekin batera, Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zen Lekunberrin. Guztira bederatzi aizkolari lehiatu ziren azaroaren 14an Donezteben jokatuko den finalerako bost txartelen bila, Joxean Etxeberria baja izan baitzen, gaixotasunarengatik. Lekunberrin lehiatu zirenen artean Jon Erdozia etxarriarra zegoen, lehiatu ziren aizkolarien artean gazteena, 22 urterekin. Beteranoena Jon Rekondo leitzarra zen, 40 urterekin. 

Aizkolarien lana ez zen samurra izan: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu zituzten. Ez zen sorpresarik egon: Iker Vicente faborito nagusia izan zen azkarrena (15:53), Ibai Soroaren (16:33) eta Oier Kañamaresen aurretik (17:42). Haiekin batera, Txomin Amondarainek (18:30) eta Julen Kañamaresek (19:25) lortu zuten final handirako txartela. Otsagiko txapeldunak azaldu zuen “sasoiko, oso ongi” aurkitu zela.