Futbola

Asier Urkia, Euskal selekzioko talde teknikoan

Guaixe 2025eko urriaren 22a

Asier Urkia Ijurra, Osasunako 2025-2026 staffeko argazkian. OSASUNA

Euskal selekzioak eta Palestinak azaroaren 15ean San Mamesen jokatuko duten partidan etxarriarra fisioterapeuta izango da, Jagoba Arrasatek gidatuko duen taldean. Partidarako sarrerak urriaren 23an jarriko dira salgai.

Urriaren 21ean Euskal selekzioko talde teknikoa aurkeztu zuen Euskal selekzioaren kirol zuzendaritzak, Mikel de Gregorio buru. Euskal selekzioak eta Palestinak azaroaren 15ean San Mamesen jokatuko duen partidari begira, talde tekniko berria iragarri du selekzioaren kirol zuzendaritzak. 

Jagoba Arrasatek jarraituko du Euskal selekzioko buru izaten. Alboan, Mikel Labaka bigarren entrenatzailea, Imanol Etxeberria atezainen entrenatzailea, Jon Zubillaga analista, Isusko Ortuzar fisioterapeuta, Iban Urkiza prestatzaile fisikoa, Xabi Valencia medikua eta Asier Urkia fisioterapeuta izango ditu. Asier Urkia Ijurra etxarriarra Osasunako fisioterapeuta da, Arrasateren lan taldean egon zen entrenatzaile bizkaitarrak Osasunan egin zuen ibilbidean, eta orain bere konfiantzazko fisioterapeuta izango da Euskal selekzioan. 

Bere futbol-mailaz haratago, kirol-zuzendaritzak staffa osatzen duten pertsona guztien konpromiso maila handia nabarmendu nahi izan du. 

Palestinaren kontrako sarrerak, urriaren 23an
Euskal selekzioaren eta Palestinaren azaroaren 15eko lagun arteko partidako sarrerak urriaren 23an, osteguna, 10:00etan jarriko dira salgai Euskal selekzioko webgunean (www.euskadifutbol.eus).