Feriak pasa eta berehala hasi dira Euskalerriari frontoian eraberritze lanak. Egitekoen zerrendan langileek lau lan dituzte. Aurrena, gaur egun fibrozementuzko plakak altzairuzko txapa plakekin ordezkatzea. Aldi berean, teilatuko 22 argi-zuloak estaltzen dituzten egungo plaka gardenak kendu eta haien ordez polikarbonatozkoak jarri beharko dituzte. Horrekin batera, frontoiaren barruko baldintza termiko-akustikoak hobetzeko lanak eginen dituzte. Horretarako, batetik, teilatuko txapen azpian isolatzailea jarriko dute langileek. Bestetik, frontoi barruan sortzen den zarata xurgatzeko 300 panel akustiko jarriko dituzte. Horiek, guztira, 375 metro karratuko azalera hartuko dute, eta frontoiaren sabaian eta paretetan jarrita egonen dira.
Lanak Cubiertas y fachadas Larra LSM enpresa egiten ari da eta 217.685,65 euro kobratuko ditu lanengatik. Teilatuan dagoena uralita denez, amiantoa duen materiala, hura kentzera 39.895,88 euro bideratu ditu udalak. Lanak guztira 257.581,53 euroko aurrekontua du. Etxarri Aranazko Udalak lanak finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetatik zuzenean jasoko dituen 150.000 euro ditu. Diru hori EH Bilduk aurrekontuei aurkeztutako emendakin baten bidez lortu zen. Obra bi hilabetetan despeditu beharko du.
Asmoak
Aipatutakoa ez da Etxarri Aranazko Udalak Euskalerriari pilotalekuan egin nahi duen lan bakarra. Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsio Planeko dirulaguntza deialdira frontoiarekin lotutako beste egitasmo bat aurkeztu baitu. Foru gobernuaren laguntza jasoko balu, udalak honako lanak eginen lituzke: teilatu txikia konpondu, bi komuna eta bi aldagela egin eta sarrera ondoan komuna publiko bat. Horrekin batera, frontoi txikia desagertuko litzateke. Udalak itxi eginen luke eta espazio hori trontzan eta herri kiroletan entrenatzeko bideratu nahiko luke.
Foru administrazioaren deialdi berea kultur etxeko areto nagusia moldatzeko proiektua ere aurkeztu du Etxarri Aranazko Udalak. Aulkiak kendu ondoren, aretoak duen malda berdindu, aretoa handitu eta biltzen diren aulkiak jarri nahiko lituzke udalak, Lakuntza edota Burlatako kultur etxeen modura uzteko.
Bi proiektu horietarako finantzazioa jasoz gero, lanak egin ondoren bi espazioak altzariz eta bestelakoez janzteko Europar Batasunak finantzatu eta Cederna Garalurrek kudeatzen duen Landa garapeneko programara eskaera aurkeztuko du udalak.