Kontsumo bonoen kanpaina Etxarri Aranatzen

Guaixe 2025ko urr. 27a, 12:00

Etxarriarrak plazako zabalgunean eta inguruan. ARTXIBOA

Etxarriarrak herriko denda eta zerbitzu estableziomenduetan erosketak egitera animatu nahi ditu udalak. 

Etxarri Aranazko Udalak eta Sakanako Dendari, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak hitzarmena sinatu dute. Haren bidez bi erakudeek kontsumo bonoen kanpaina eginen dute Etxarri Aranatzen. Bi erakundeek adierazi dutenez, martxan jarriko dutena sentsibilizazio kanpaina da. Haren bidez herriko denda txikietan eta zerbitzuetan erosketak egiteak duen garrantziaz sentsibilizatu nahi dituzte etxarriarrak. Herrian erosketak eginez, bertako establezimenduak ez direlako itxiko, Etxarriko merkataritza manten dadin eta, horrela, haien zerbitzuez gozatzen segitzeko aukera izaten jarraituko dutelako.

Udalak 10 euroko bonifikazioa ematen duen txartelak banatuko ditu. Horiek dohainik eskuratzeko aukera izanen da. Horretarako bi baldintza bete beharko dira: adinez nagusia izatea eta Etxarri Aranatzen erroldatuta egotea. Udaletxean eskuratu daitezke deskontu bonoak, bat pertsonako. Horretarako, nortasun agiria aurkeztu beharko da. Ezin izanen da beste pertsonen izenean bonorik eskuratu. Salbuespena da ordezkatzen den pertsona agiri ofizial bidez egiazta daitekeen desgaitasuna edo menpekotasuna izatea. Bonoak udaletxean lastailaren 27tik 31ra, astelehenetik ostiralera, banatuko dira, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Guztira 600 bono banatuko ditu udalak. 

Kanpainara atxikitako establezimenduetan gutxienez 30 euro gastatuz gero, bonoa emanda, 10 euro gutxiago ordaindu beharko dituzte herritarrek. Bonoak batzeko aukera izanen da, baina halakoetan erosketa 30en multiploa izan beharko du. Bonoa azaroaren 3tik 16ra erabiltzeko aukera izanen da, epe horretatik kanpo ez da erabilgarria izanen.