Gazte berriemaileak izanen ditu Etxarrik

Guaixe 2025eko azaroaren 6a

Mireia eta Olaia erdian, udaleko, ikastolako eta institutuko ordezkariez inguratuta. ARTXIBOA

Gazte etxarriarrek Nafarroako Gobernuak eta Etxarri Aranazko Udalak haiendako propio antolatutako jarduera eta ekimenen berri jasoko dute. Horretarako, Gazte Informazio Puntua jarri eta bi gaztek eskaintzaren berri zabalduko dute.

Nafarroako Gazteria Institutua eta Etxarri Aranazko Udala bat egin dute herrian Gazte Informazio Puntua jarri eta gazte berriemaileen figura sustatzeko. Gazte Informazio Puntua Andra Mari ikastolaren DBHko ikastetxean jarriko da, eta ikastolan hainbat herritako ikasleak daudenez, eskualdeko informazio puntua izanen da. Puntu horrek informazio ohol baten itxura hartuko du. Hartan Nafarroako Gazteria Institutuak antolatzen dituen jarduera, ekimen, ikastaro, lehiaketa, beka, lan eskaintza, dirulaguntza eta bestelakoen berri emanen da. Horrekin batera, Etxarri Aranazko Udalak gazteei zuzendutako bere eskaintzaren berri zabalduko du.  

Bestetik, bi Gazte Berriemaile ere izanen den dira: Mireia Munduate Zabala eta Olaia Garziandia Iraurgi. Biak ere ikastolako DBHko 4. mailako ikasleak dira. Beraien egitekoa izanen da institutuak eta udalak gazteei zuzendutako eskaintza gazteen artean zabaltzea. Baina, aldi berean, gazteen kezkak eta lehentasunak jasoko dituzte erakundeei jakinarazteko. Etxarri Aranatzek gobernuaren programan estreinakoz parte hartzen duenez, bi gazteek informazio zabalkunde hori nola eginen duten oraindik ez dago zehaztuta. Nafarroako beste herrietako Gazte Berriemaileek nola egiten duten jakiteko prestakuntza saioa dute azaroan. Hartan ere udaleko kultura, kirol eta gazteria teknikari Eztitxu Etxeberria Barandiaranek parte hartuko du. 

Munduate eta Gartziandia berriemaileen egitekoa ikasturte guztian bete beharko dute, maiatzera arte. Eta akaberan lana egoki egin izana aitortzen duen diploma jasoko dute. 

Etxarri Aranazko Udalean jakitun dira adin horretako ikasle etxarriar guztiak ez daudela ikastolan, beste ikastetxe batzuetan ikasten ari direla, esate baterako, Sakana Lanbide Heziketa institutuan edo Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza institutuan. Hori dela eta, gazte horiengana nola iritsi eta informazioa nola bideratu aztertzen ari dira udalean. Gazte Informazio Puntua jartzeko Etxarri Aranazko Udalak Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du.