Astekaria

"Ez zegoen nire esku. Buelta ahalik eta gutxien eman, eta aurrera"

Maider Betelu Ganboa 2025eko azaroaren 4a

Joanes Bakaikoa A Serieko Lau eta Erdiko Txapelketan. JOSE MARI MARTINEZ

Joanes Bakaikoa izan da Lau eta Erdiko sorpresetako bat. Altunaren bajak finalerdietarako aukerarik gabe utzi zuen, baina egindako lanarekin pozik egon daiteke

Lau eta Erdiko txapelketa azken txanpan dago. Hala ere, final laurdenetako ligaxka ez zen inoren gustuko moduan despeditu. Jokin Altuna baja izan zen tendinopatia muskularrarengatik, eta EPEL-ek araudia aplikatu zuen: 22-0ko aldeko emaitza eman zion Javi Zabalari. Ondorioz, errioxarra zuzenean sailkatu zen finalerdietarako, eta Joanes Bakaikoa eta Jon Ander Peña aukerarik gabe geratu ziren. Nolanahi ere, egindako txapelketaren balorazio positiboa egiteko hamaika arrazoi ditu aurrelari etxarriarrak.

Lau eta Erdiko final laurdenetako bukaera zurrunbilo hutsa izan zen. 
Bai, halaxe izan da. Gertatutakoa espero ez genuen zerbait izan zen, eta niretzat kirol mailan oso gogorra izan zen. Azkeneko partidua jokatu aurretik inolako aukerarik gabe gelditzea ez zen erraza izan.

Iaz B Serieko Lau eta Erdiko txapela irabazi zenuelako sartu zinen aurten A Serieko txapelketan. Final zortzirenetan Artola zenuen aurkari, eta pronostiko guztiak gaindituta, 15-22 irabazi zenion eta lehen mailako final laurdenetako ligaxkan sartu zinen lehenengoz. 
Niretako poz handia izan zen. Beti hor egoteko gogoa nuen. Nik uste beste urte batzuetan ere maila izan dudala, baina xehetasun txikiengatik ez nuen lortu, eta aurten poz handia hartu nuen Artolari irabazita. Ligaxkan ere gustura aritu naiz. Ongi hasi nintzen Zabalaren kontra, Altunaren kontra oso zaila nuen, berak oso ongi jokatu zuen eta ongi irabazi zidan. Ilusio ikaragarria nuen Peñaren kontrako azkeneko partidurako, baina espero ez zen gauza bat gertatu zen, eta aukerarik gabe geratu nintzen.

Lau eta Erdia zure txapelketa fetitxeetako bat da; promesen mailan Lau eta Erdiko hiru txapel dituzu eta kaiolan espezialista zara. Zein da A edo B Serietan jokatzearen arteko ezberdintasunik handiena?
Pilotarien maila. Izenak esaten duen bezala, A Seriean lehen mailako pilotarien kontra jokatzen da, eta asko nabaritzen da. A Seriean %100ean ez bazaude, aurkariak jan egiten zaitu. B Seriean, %100ean ez bazaude ere, partidak aurrera atera ditzakezu, baina lehen mailan buru-belarri egon behar zara,%100ean.

"A Seriean lehen mailako pilotariak daude. %100ean ez bazaude, aurkariak jan egiten zaitu"

Ligaxkari ongi ekin zenion, Zabalari 22-21 irabazita. Partida gogorrean, errebantxa lortu zenuen: 1-9 edo 17-21 galtzen joatetik, markagailua irauli eta 22-21 gailendu zinen, burua hotz mantenduz eta sufritzen jakinez. Hala ere, ez zinen oso gustura gelditu. 
Izan ere, partida oso arraroa izan zen. Halako abantailarekin galtzen zoazenean zure buruarekin ez zaude oso gustura, eta buelta ematea oso zaila ikusten duzu. Nola edo hala partidari buelta ematea lortu nuen eta, justu-justu, baina ongi bukatu zen. Hala ere, Artolaren kontrako partidan sentsazio hobeak izan nituen. 

Josu Igoa zure botilleroa goraipatu zenuen. Eskerrak eman zenizkion, jokoan zentratzen laguntzeagatik.
Josurekin oso harreman ona dugu, geroz eta hobea, gainera. Gero eta gehiago egoten gara elkarrekin, eta ariketa fisikoa elkarrekin entrenatzen dugu normalean. Oso pertsona ona eta pilotari ona da. 

Zure onena ateratzeko zer eta nola esan behar dizun jakingo du. 
Bai, hala da. Oso lasaia da eta aholkuak ere oso ongi transmititzen ditu. Ez du urduritasunik transmititzen, eta niri horrek on asko egiten dit. Gustatzen zait, berak esandakoak oso ongi etortzen zaizkit.

Altuna izugarri miresten duzu, beraren kontra aritzea "ametsa" zela esan zenuen. Batzuetan Osasunak Real Madrili irabazten diola aipatu zenuen, baina kasu honetan ez zen hala izan. 
Banekien aurretik zer partida nuen, Altunarekin oso zaila nuela, eta berak egun ona ez bazuen, hura aprobetxatzen saiatuko nintzela. Jokin pilotari ikaragarria da, eta, gainera, egun oso ona izan zuen. Dena asmatu zuen, eta sake-errematearekin min handia egin zidan. Sekulako partida egin zuen. 

Halako egoera batean eustea ez da erraza izango.
Ez da erraza, baina noren kontra ari zaren kontziente izan behar duzu, eta alde horretatik ez nuen sekulako makilkada hartu, oso zaila nuela banekielako. Altunaren kontra galdu ondoren, ilusio ikaragarria nuen Peñaren kontrako hirugarren partidurako.

Hor iritsi zen makilkada, eta inork espero eta nahi ez zuen moduan.
Hor etorri zen, bai.

Denetariko iritziak entzun ziren Altunaren bajaren ostean: araudia ez dela justua, errebisatu beharko litzatekeela, gauza bat dela arerioari irabazitako puntua ematea, baina 22-0ko emaitza ematea, tantoaverageak duen garrantziarekin, ez dela gainontzekoendako justua, gehiegizko abantaila ematea dela... Nolanahi ere, ez da erabakitzeko gai erraza.  
Ez dakit, nire esku ez dauden gauzetan ez naiz sartuko. Nik ez ditut hor egoteko aukera asko izan; esfortzu handia egin dut hor egon ahal izateko. Azkeneko partidua jokatu eta galtzea asumituko nuke, jakina, baina jokatu gabe aukerarik gabe gelditzea niretzat oso gogorra izan da.

"Azkeneko partida jokatu aurretik aukerarik gabe gelditzea oso gogorra izan zen"

Nola jaso zenuen albistea?
Ezagun batzuk ditugu, pilotaren munduan denetaz enteratzen direnak. Altunak erabakiaren berri eman baina egun bat lehenago lagun horietako batek kontatu zidan Altunak ez zuela jokatuko esan ziotela haren gertukoek. "Baina nola ez duela jokatuko?” erantzun nion. Beraz, egun bat lehenago jakin nuen. Niretako, kirol mailan, oso gogorra izan zen, baina ez zegoen nire esku, eta nire esku ez zegoenez ezin nuen ezer egin. Ez dago besterik: buelta ahalik eta gutxien eman, eta aurrera segi.

Bajak sarritan egoten dira, baina sailkapena ez dagoenean horren itxia, ez diogu aparteko bueltarik ematen. Altunaren bajak, aldiz, goitik behera baldintzatu zuen dena, zu eta Peña aukerarik gabe geratu zinetelako eta Zabala zuzenean sailkatu zelako. 
Txapelketan nire esku ez dauden gauzak ez dira nahi bezala atera. Peñak Zabala irabaziko balu, Altunak azken jardunaldian ez jokatzeak ez luke eraginik izango, baina ez zen hala gertatu eta, beraz, biok Altunaren mende geunden. Ondoren Altunaren baja eta horrek ekarritako guztia pasatu zen. Momentuan ez da ongi hartzen, kosta egiten da, baina berriro diot, gure esku ez dagoenez, ahalik eta buelta gutxien eman eta aurrera segi.

Zein aldarterekin atera zinen igandean Bizkaia pilotalekura Peñaren kontra jokatzera? Gertatutakoa ahaztuta eta gogotsu, edo ez zenuen burua behar zen tokian?
Ustez ongi nengoen, gogotsu, baina partida hasi zenean, pixka bat inkontzienteki, burua ez neukan oso fin, egia esan. Ez nengoen kantxan eroso, eta uste dut tentsio puntu hori nabaritu nuela. 22-14 galdu nuen.

Zure telefonoak su hartuko zuen txapelketan barna, aurreko astean bereziki.
Ligaxkako lehenengo partiduan Zabala irabazi eta gero, Altunaren kontra jokatu aurretik dei asko izan nituen, gero ez hainbeste. Bestalde, animo mezuak jaso ditut, espero ez nituen batzuk ere bai, egin dudan lana baloratuz, eta asko eskertzen ditut.

"Balorazioa egiten jarrita, Lau eta Erdian egindako lanarekin kontentu nago"

Oraindik ez da nahikoa denbora pasa hoztasunez txapelketa guztiaren balorazioa egiteko, baina zein sentsaziorekin bukatu duzu Lau eta Erdia? Egin duzun lanarekin kontentu zaude?
Orokorrean egin dudan lanarekin oso pozik nago. Emaitza ona edo txarra izan, nik uste lan oso ona egin dudala bai txapelketaren aurretik, prestakuntzan, eta txapelketan zehar ere bai; oso kontentu nago egindako lanarekin. Baina buruan duzunean aurrera egiteko aukera izan dezakezula... Min hori oraindik hor dago, pixka bat sartuta, baina pasatuko da. Egindako lanarekin gustura nago.

Argi geratu dena da, beste behin, oso kontuan hartzeko pilotaria zarela, bukaerara arte amore ematen ez duena, aurrelari borrokalaria eta arrokatsua. A Serieko Txapelketa jokatuta nabaritu duzu katedran edota komunikabideetan errespetu gehiago lortu duzula?
Gainontzekoek zer pentsatzen duten, ez nuke jakingo esaten. Egia esan, besteek zer pentsatzen dutenari ez diot gehiegi erreparatzen. Jendeak irabazteko pilotari gogorra naizela eta halako gauzak esaten ditu, baina ni egunerokoan zentratzen naiz, lana ahalik eta hobekien egiten saiatuz. Horrela segituko dut, emaitzak ongi edo gaizki atera, ahal dudana egiten.

Lau eta Erdia bukatuta, Binakako Txapelketa ate joka dator. Aurreko urtean ez zintuzten B Serieko Binakakorako hautatu, ordezko gisa jokatu zenuen. Aurtengorako prest egongo zara, betiko moduan, eta hautatu edo ez, hori enpresaren esku egongo da.
Bai, azkenean betikoa da. Pilotariok gure esku dagoena egin behar dugu, txapelketetarako ongi prestatu, eta gero enpresak erabakiko du txapelketan nor sartuko dituen. Ahalik eta hobekien entrenatuko dut, beti bezala, eta ahalik eta hobekien egoten saiatuko naiz. Jokatzen badut, oso gustura jokatuko dut, eta bestela, aurrera segituko dut orain arte beti egin izan dudan bezala.

Azkenaldian atzelarien krisiaz asko hitz egiten ari da. Atzelari gutxiago daude aurrelariak baino. Esaterako, San Mateotan Ezkurdiak atzelari jokatu zuen. Zuek ere presio hori nabaritzen duzue?
Egia esan, guk ez dugu horri buruz gehiegi hitz egiten. Ezkurdiak sanmateoetan atzelari jokatu zuen, baina, bestela, ez da egon aparteko aldaketarik. Dena den, bakoitza berera aritzea, hori da egokiena. Noizbehinka esperimentuak egitea ez dago gaizki, baina nik uste gehiegi egitea ere ez dela ona. Aurrelaria aurrelaria da, eta atzelaria atzelaria. Bakoitza, berera.

Zorionak Lau eta erdian egindako lanarengatik. Ea halako beste aukerarik sortzen den.
Eskerrik asko, saiatuko gara.