Ehorztetxean edo funerarian 40 urte baino gehiago lan egin ondoren, joan zen urteko abenduaren 23an jubilatu zinen.
Zer moduz bizi da jubilatuta?
Behintzat nire denboraren jabeagoa naiz. Eta hortik hasita, lasaiago.
Emazteak, Blanca Echarri Colomok, ehorztetxean lanean segitzen du?
Bai. Hiruren bat urte gelditzen zaizkio.
Hildakoak edozein momentutan izan daitezke. Biak ehorztetxean lanean, familia bizitza eta lana uztartzeko, nola moldatzen zineten?
Ahal izan dugun bezala. Askotan ongi, beste batzuetan hola-hala eta beste batzuetan gaizki. Zeren lana eguneroko bizimoduan sartzen zaizu, familia artean. Askotan zaila izaten da. Heriotzak gutxien pentsatzen denean sortzen dira, eta momentu horretan, jakina, mugitu egin behar duzu. Galde egiten zidaten: "Zer moduz familia? Zer pasatu da?" Familia gu baino askoz okerrago egoten zen, baina hara joan behar genuen, arduratzera. Egunero 24 ordu lan egiteko prest, urte askotan hala izan da. Ondoren enpresa batean sartu ginen lanean eta lan txandak, oporrak eta halakoak genituen. Baina, nahi eta nahi ez, txandak zailak ziren, gogorrak, ordu askokoak. Aspaldi ez garela gazteak eta horiek eramateko, azkeneko urtetan, zure izateko moduan pisu egiten da. Intelektualki goraka ez zara joaten, eta karga.
"Egunero 24 ordu lan egiteko prest, urte askotan hala izan da"
Funeraria Ulayar zuen aitak, Jesus Ulayar Liciagak, sortu zuen. Nolaz?
Aita bere andregaiarekin hasi zen, Materan etxeko Rosa Mundiñano Ezcutarirekin. Amak lehengusu bat Tolosan ezkonduta zuen. Bi anai ziren. Haietako bat Hilarirekin zegoen ezkonduta eta hark esan zion halako negozioa jartzeko. Aita animatu zen. Garai hartan "igualak" esaten zena izaten ziren. Astero edo hilero defuntuen kuota pagatzen zen. Etxez etxe hori saltzen hasi zen aita. Garai hartan ibiltzen zen Urdiaindik hasita Arakil inguru horretaraino, Satrustegi, Uharte Arakil, Arruazu eta horietan. Pixken-pixken negozioa martxan jarri zuen. Hala izan zen.
Familia negozioa izanda, gaztetan laguntzea tokatu zitzaizun?
Jakina. Garai hartan haurrak orain baino askoz maizago hiltzen ziren. Eta hilkutxa aukeratzera norbait etxera etortzen bazen, gu han geunden jolasean-eta. "Nolako mutikoa da? Zenbat urte zeuzkan?" Nik ez dut gogoratzen, baina anai zaharrena (Jesus) bai: neurria ikusteko, aitak hilkutxan sarrarazi zuen. Guk betidanik ezagutu dugu. Kanpoko jendeak askotan esaten zigun: "zuen etxeko berezko usaina bernizarena da". Hilkutxak han izaten genituen. Gure etxean, sobra ere, berniz usaina nabari zen, baina guretako normala zen.
ETAk aita hil zuen. Baina bizitzak aurrera jarraitzen du, eta familia negozioak ere.
Nahi eta nahi ez. Hala izan behar zuen sobra ere, eta hala izan zen. Azkenean, nahi eta nahi ez, ni negozioarekin gelditu nintzen. Eta hala segitu dugu. Denetarik tokatu zaigu. Gurera lana eskatzera etorri diren guztiez arduratu gara. Askotan gusturago, edo ez. Giroa halakoa izan da, ezagutu duenak badakizki gauzak. Denetarik suertatu da.
"Ez da gauza bera ezezagunaz arduratzea bat-batean, edo gertukoez edo familiakoez"
Altsasura salto egin zenuten?
Soldaduskan nengoen, 1980 urtean izanen zen. Altsasun Construcciones Arreguikoak ibiltzen ziren. Baina aita zurgina zen. Haiendako karga bat zen ehorztetxea. Azkenean, gurekin hizketatzera etorri ziren. Negozioa jende ezagunari eta martxa ezagutzen zuenari utzi nahi zioten. Konpondu ginen. Hala hasi ginen Altsasun, Olatzagutian eta Ziordian. Urdiainen ere aritzen zen Jose Arregui. Bajera txiki bat erosi genuen Beheko benta auzoan. Urtetara Jose Arreguik eskaini zigun beilatoki txiki bat Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoaren ondoan. Handik urte batzuetara Irache Tanatoriokoak klinikarekin konpontzera etorri ziren eta hor jarri zuten denok ezagutzen dugun tanatorioa (2004ko azaroaren 22an mustu zen).
Ehorztetxeak gorpua hartzen duenetik kanpo santuan bukatu arte zer pauso ematen dira?
Hasteko deia jasotzen duzu. Garai batean jendea zuzenean etxera, bajerara edo tanatoriora joaten zen. Baina gehienetan telefonoz da lehenengo kontaktua. Hortik hasita, gorputzaren bila joaten zara, familiarekin gauzak lotzeko. Gure eskutan dago gainerakoa: gorputza jaso, prestatu, nola jantzi, gelan kokatu, jendeari harrera egin, erregistro zibileko paperak egin, medikuarekin egon eta beharrezko guztiak. Hurrengo egunean apaizarekin ordua hartuta duzu. Oraindik funtzio gehienak gorpua bertan dela egiten dira. Funtzioa elizan egiten da. Handik kanpo santura. Geroan eta gehiago errausten da. Lanbide horretan gu ondoan egoten gara. Kasu askotan jende ezaguna edo familiaren ezagunak izaten dira. Gu ondoan egon gara, laguntzen. Ez da gauza bera ezezagunaz arduratzea bat-batean, edo gertukoez edo familiakoez. Tokatzen den bezala jarri behar duzu. Ohitzen zara. Ahal izan dugun bezala egin ditugu gauzak. Gauza da beti gogoan edukitzea nola hildakoa, nola ondokoa, denak pertsonak direla. Beti hori presente izan dugu. Bigarren partea, negozioa da dirua irabazteko, baina gure ikusteko moduan ez da printzipalena izan.
"Ez da gauza bera ezezagunaz arduratzea bat-batean, edo gertukoez edo familiakoez"
Azkenerako, jota dauden pertsona batzuei zerbitzu bat eskaintzen ari zara.
Bai, hala da. Esaterako, ez da berdina hiltzea 80 urtetik gorako pertsona bat, familiak haren heriotza espero duena, eta istripuak eta bestelako heriotza latzak. Urteekin horrek berak ikasten laguntzen dizu, eta ikasmen hori jendeari eskaintzen diozu. Horrela ikasi dugu gure lan klase hau.
Hain jota dagoen familia edo pertsona horrekin tratu hori nola ikasten da?
Ufff. Hasieran, mundu guztia bezala, 18, 19, 22 urterekin gauzak modu batera egiten genituen. Denborarekin ohartzen zara parean duzuna pertsona bat dela. Emaztea lan honetara kanpotik sartu zen, lanbidearekin ez zuen batere erlaziorik. Lehendabiziko kasuetan urduri joaten zen, baina esaten nion: "zu oso urduri joaten zara ez dakizulako ezer. Baina beste aldean dagoenak gutxiago daki. Borondate onarekin aritu behar duzu". Gainera, emaztea oso jendeartekoa da, eta berehala jarri zen. Azken urtetan berak eramaten du lana, nola gestioa, nola jendearekin tratua. Beretako gauza erraza da jendea gertu sentitzea.
Gertu sentitzea, intimitatea eta mina partekatzea. Jendearekin harremana sortzen al da?
Bai, asko. Guk jende askorekin heriotzarengatik besterik ez dugu harremana izan. Eta hortik hasita izan dira laguntasunak eta gertutasunak. Kasuaren arabera betiko gogoratzen zara, beste kasuetan ez zara gogoratzen. Agurtzen zaituzte, eta ez baldin badakizu, zuzenean esaten duzu: "ez dut gogoratzen". "Ba, ez dakizu? Halako egun batean, nola hil zen hola, hura eta horrela". Batzuetan gogoratzen zara. Zeren, jakina, urtero 200 hildako izatean, lehen esandakoa, buruak ez du lehen bezala ematen.
"Jendeari gertutasuna eskaini behar zaio. Guretako hori printzipalena izan da"
Jende asko.
Bai. Hemengo inguru honek 20.000 biztanle dauzka. Azkeneko urteetan, jubilatu nintzenean, Leitza, Betelu, Larraun aldean lan egiten nengoen. Han jendea ez zen hain ezaguna. Leku horietan zazpi edo zortzi urte ibili naiz. Alde guzitara, esan dudana, emaztea Leitzan-eta agurtzen dute, nahiz eta hain aspalditik ez ezagutu. Jendearengan arrastoa uzten du. Horrek betetzen zaitu.
Besteen minek halako momentu intentsuetan bizitzeak arrastoa uzten du?
Bai. Nola esan ezetz. Baina zu deitu zaitu horrelako kasuetan laguntzeko. Kasu latzetan gaizki pasatzen duzu. Ezagunak baldin badira negarra saltatzen zaizu askotan. Den jendearen arora. Baina esaten duzu: "defentsa gaitasun bat izan behar duzu". Beraz, ahal duzun gehiena alde batera utzi. Baina horrek ez du esan nahi jendearekin hotza izan behar duzunik. Esan bezala, jendeari gertutasuna eskaini behar zaio. Guretako hori printzipalena izan da. Baina, dudarik gabe, kasu askotan bizi guztirako gelditzen zaizu. Esaterako, Uharte Arakilgo tren istripua. Edo umea besotan zuela etxeko atea zabaldu zuen emakumezkoa. Nirekin joan zen koinatua ez zen ezer esateko gai izan, eta nik esan behar izan nion senarra hil zela.
Aldaketak
Atzera bueltatuko gara, 80 hamarkadara. Ehorztetxe batzuk batu zineten?
Gure kasuan ez. Gu Irache Tanatorioekin elkartu ginen (2003ko apirilean). Kitto, besterik ez. Nafarroako familia ehorztetxeetan, horietan bai, baina gure inguruan gu bakarrik geunden. Hau da, gu ez ginen beste ehorztetxe txiki batekin elkartu.
Zer ematen du talde handiago batean egoteak?
Lan baldintzak eta babesa, dudarik ez. Baina arriskua da zuk izan dituzun sustraiak galtzea. Eta ahalegin guztiak egin ditugu horrela ez izateko, ez galtzeko. Askotan zaila da. Eta beste batzuetan ulertzekoa da, enpresa handiagoa izatean, zoritxarrez, gauza batzuk galtzen dira. Eta diren gauzen arora, betiko galduko dira. Lanbide zaharrak, artisauak, nahi eta nahi ez galdu egin dira. Bizitza detaile txiki pila batez beteta dago. Lanbide honetan detaile txiki horiek ez dute asko kosta, baina balio handikoak dira. Niri hori mantentzea gustatu zait. Batzuetan, lan asko dago, leku desberdinak dira, kilometro asko, ordu ez egokitan ibiltzea... Horrelakoek ez dizute horretan segitzen laguntzen. Hori mantendu ahal izan dugu. Emaztea hor ibiltzen da, nahi eta nahi ez, eta, bere izateko moduagatik, ez da hain zaila. Berari berez ateratzen zaio hori.
"Lanbide honetan detaile txiki horiek ez dute asko kosta, baina balio handikoak dira"
Hildakoak, garai batean, etxeetan izaten ziren.
Bai, bai. Klinika inguruan tanatorioa jarri eta, hortik hasita, gorpu gehienak tanatorioan jartzen dira. Etxeetan aldizka. Zeren gure inguru honetan badaude etxe zahar ederrak eta zabalak, familia giroan gustura egoteko. Batzuk mantentzen dute, geroan eta gutxiago.
Geroz, pisutan bizi garenez, errazago tanatorio edo beilatokira jotzea.
Hala da. Altsasun, sindikalaren pisuak deitzen diren horietan, eskailerak igotzeko eta jaisteko nahiko lan. Zaila izaten zen. Gainera, pisu txikiak dira eta jendeari harrera egiteko-eta... Gauzak zerbaiterako jartzen dira. Jartzen bada eta ez badu funtzionatzen, beno, ideia hori aittu egiten da. Baina kasu honetan, ez. Alderantziz izan da.
Hildakoen itxura beti zaindu da?
Orain bizitzan gauza askori garrantzia ematen diogu. Orain jende asko gimnasiora joaten da bere burua edo gorputzari kasu egiteko. Kasu honetan ere hala da. Orain dela 25 urte edo horrela, enpresak bere langileei ikastaroak ematen hasi ziren. Eta hortik hasita, esaten dena: "heriotzaren efektua arindu behar da". Eta horretan saiatzen zara. Batzuetan asmatzen duzu, besteetan ez. Askotan pertsona ezagutzen duzu eta horrek laguntzen dizu. Eta familiak momentu horretan zure aldera duen harreraren arabera, konfiantza handiagoa edo txikiagoa duzu. Ahalegintzen zara txukun uzten, gutxienez saiatu.
"Familiak momentu horretan zure aldera duen harreraren arabera, konfiantza handiagoa edo txikiagoa duzu"
Lehen beti elizan egiten ziren agur ekitaldiak. Berdin segitzen du?
Zuzenean kanpo santura eramatearena ez da oso ohiko ohitura. Altsasun urtean 80 bat hiltzen badira, bospasei izanen dira funtziorik, elizkizunik egiten ez direnak. Batzuetan ez dute hilerrira eramaten. Gorpua erraustera eramaten dute eta, ondoren, errautsak bakoitzak iruditzen zaion tokian kokatzen ditu. Batzuetan kanpo santuan, aspalditik kolunbarioak jarri zirelako. Beste batzuk, nahiz eta leku batzuetan errautsak botatzea debekatuta dagoen, basoan eta mendian jartzen dituzte. Baina gehien-gehienak oraindik modu tradizionalean egiten dira: funtzioa elizan eta, ondoren, erraustu eta kanpo santura eraman, edo zuzenean hilerrira eraman lurperatzeko.
Garai batean, literalki, gorpuei lur ematen zitzaien. Orain horma hobiak daude.
Lurperatzeko tokia ez dagoen kanpo santuetan, jakina, horma hobira joaten dira. Geroan eta gutxiago lurperatzen da. Inguruan, esaterako, Urdiainen. Orain dela gutxi horma hobiak jarri ez badituzte, denei lur ematen diete. Besteetan hilerriaren arora. Panteoiak ere izaten dira. Altsasun familia panteoi asko daude.
Zuloa egitea eta hilkutxa jaistea, udalaren kontu?
Garai batean, herri txikietan, familiakoek egiten zuten. Herri txikiren batean oraindik ere hala eginen da. Baina gehienetan udalaren kontura da. Edo, bestela, Irachek horrelako lanak egiten dituen beste enpresa bat dauka.
Domu santu egunez kanpo santura joateko ohitura baduzu?
Bai, beti izan naiz joatekoa. Aita eta ama, eta aitonak duela gutxi erraustu genituen, eta jasota ditugu. Ohitura hori ez da galdu behar, nondik heldu garen ez ahazteko.
Egun hauetan kanpo santuak biziz betetzen dira. Jendearekin topatzeko modua ere bada, ezta?
Bai, bai. Aspaldi ikusi ez duzun jendearekin topostatzen zara.