Azaroaren 1ean Agoitzen jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen finalaurrekoa, eta Eneko Lazkoz bertsolari etxarriarrak irabazi zuen, azaroaren 29ko Nafarroa Arenan jokatuko den finalerako txartel zuzena lortuz. 190 bertsozale inguru bildu ziren Agoizko kultur etxean, eta Lazkozekin batera, Saioa Alkaiza Guallar, Eki Mateorena Zozaia, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Endika Legarra Nuin, Julen Zelaieta Iriarte aritu ziren. Zigor Gartzia Zian izan zen gai jartzailea, eta epaile lanetan Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena izan ziren. Lazkozek 508,5 punturekin irabazi zuen saioa, eta haren atzetik sailkatu dira Saioa Alkaiza Guallar (496,0), Ekhiñe Zapiain Arlegi (494,0), Eki Mateorena Zozaia (488,5), Julen Zelaieta Iriarte (458,5) eta Endika Legarra Nuin (441,0).
Bertsotan
Lazkozek GUAIXE IRRATIA-n adierazi duenez, bertsotan "nahiko gorabeheratsu" sentitu zen, "ongi hasi, gero erori eta beleixe erremontatu nuela uste dut". Bertso saioaren aurreko gauan "katarroarekin eta nahiko gaizki" ibili zela eta goiza ere ez zuela "oso ona pasa" aitortu du Etxarriko bertsolariak: "Uste dut horrek saioan pixka bat eragin zuela". Hala ere "pozik"dago, egoerari aurre egin eta bertsotan "ongi aritzeko" gaitasuna izan zuelako.
Bertsolariaren iritziz, zortziko handian arratsaldeko "ariketarik onena" egin zuen: "Nerabe paperetik bion artean elkarrizketa polita egin genuela eta nire kasuan zehazki adin horretako gazte baten papera ongi hartu nuela uste dut". Bertsoak goitik behera osatzeko "txukun" aritu zen. Ekhiñe Zapiainekin egindako hamarreko txikian "gehiago kostatu" zitzaion: "Agian tokatu zitzaidan papera zailagoa egin zitzaidalako; influencer baten paperetik kantatu behar izan nuen. Ez dut mundu hori gehiegi ezagutzen, baina beno, pixka bat nire papera kanpora zoriona eta dena perfektua irudikatzen duen pertsona triste batena zen, eta nik uste nahiko ongi azaldu nuela pertsona horrek sentitu eta esan ditzakenak".
Bakarkako lanari dagokionez, "nahiko lan gogorra da, sei bertso kantatu behar dira oso denbora gutxian, eta jokoan asko dago". Momentu horretara, gainera, nekatuta iristen direla azaldu du: "Puntu erantzunak nik uste ongi erantzun nituela, nahiz eta hirugarrenean irristada izan nuen, eta pena hori gelditu zitzaidan buruan argi ikusi nuelako, baina gero kantatzean hanka sartu nuen". Gaiari hiru bertso kantatzeko orduan, "dezente sufrituta" bota zituen bertsoak: "Batez ere nire pertsonaia eraikitzeko orduan asko kostatu zitzaidalako, eta denbora dezente pasatu zela iruditu zitzaidan, gero bertsoak pentsatzeko komeni baino denbora gutxiago hartu nuen". Bertsoak gehiegi landu gabe kantatzen hasi zela esan du, "pixka bat estilo suizidan". Hala ere, "lan polita" egin zuela uste du.
"Poz handia sentitu nuen, finalean kantatuko dudalako; esan nahi duen guztiarekin"
"Irabazi nuela aditu nuenean poz handia sentitu nuen. Berriz finalean kantatuko dudalako, horrek esan nahi duen guztiarekin". Finala "oso plaza polita eta berezia" dela esan du Lazkozek, "opari bat guretako". Kanpotik erraza dela dirudien arren, "ailegatzea kosta egiten" dela esan du bertsolariak: "Lan asko egin behar da ailegatzeko, eta iritsi zarela jakiteak beti poz handia ematen du".
Azaroaren 8an, Leitzako Herri Aretoan izan zen bigarren finalaurrekoa, eta Julio Sotok irabazi zuen saioa finalerako txartela lortuz. Hirugarren eta azken finalaurrekoa azaroaren 16an jokatuko da, Tafallako kulturgunean, 17:30ean, eta bertan ariko da, besteak beste, Ekain Alegre Gil altsasuarra.