Astekaria

"Gure hizkuntzarekiko duten interesa polita da"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko azaroaren 19a

Europako Euskal Etxeen topaketa; behean, ezkerretik seigarrena, Irati Altzelai. UTZITAKOA

Irati Altzelai Karasatorre etxarriarra irailetik Valentzian bizi da, eta bertako Euskal Etxean euskara irakaslea da. 

Euskararekiko eta euskal kulturarekiko duten interesa nabarmendu du, baita motibazioetako bat euskal musika dela ere.

1. Nola bukatu duzu Valentzian? 
Aldaketa bat behar nuen. AEKn lan egiten nuen, eszedentzia hartu nuen eta euskal etxean irakasle bat behar zutela iragarki bat ikusi nuen. 

2. Zergatik ikasten dute euskara Valentzian? Zer motibazio dituzte? 
Hainbat motibazio dituzte; bakoitzak berea du. Batzuk Euskal Herrian familia dute edo hizkuntza minorizatuekiko duten sentsibilizazioagatik. Baita askok musikagatik ere, letrak ulertu nahi dituzte. Ikasle dezente dauzkat ZETAKen letrak ulertu nahi dituztenak; ikasle bat Valentziatik Donostiara bera bakarrik joan zen ikustera. Etxarriko Egurre taldea erreferentiza duen gazte bat ere dago; musika talde bat du, eta erreferentzia taldetako bat Egurre da. 

3. Zenbat ikasle dituzu? 
50 eta 60 artean. Bost talde ditut; hasiera mailetan ditut ikasle gehien. Goi mailetan C1 taldean bost ikasle eta B1ean bost-zazpi. Beste guztiak hasiera mailetan.

4. AEKko metodologia erabiltzen duzu? 
Antzekoa. Jolasen bidez irakasten saiatzen naiz. Hemen erritmoa oso desberdina da. Astean hiru ordu klase dituzte eta egia da ez dutela, orokorrean, titulurik behar. Euskal kultura eta abar erakusten diet, gramatika baino gehiago. 

5. Zer diote euskarari buruz? Ikastea zaila da edo erraza da? 
Beraientzat zaila da. Ez dute hizkuntzarekin kontakturik. Gainera, euskara ikastea zaila dela topikoa oso-oso sartuta dute. Pixkanaka badoaz. 

6. Zer da zailena? 
Zailena erabiltzea da. Azkenean, hango ikasleek klasetik kanpo entzuteko eta erabiltzeko aukera dute, baina hemen ez dago euskara erabiltzeko aukerarik. Orduan, gehien kostatzen zaiena hitz egitea da, erabiltzeko espazioak sortzea. 

7. Azterketak egiten dituzte? 
Badaude ikasleak Euskal Herrira lan egitera joan nahi dutenak, eta agian horiek titulua atera nahi dute. Oso gutxi dira, eta gainera Bartzelonako edo Madrileko Hizkuntza Eskolara joan behar dira azterketa egitera. Bestela, jolasen bidez ikasten dute, eta euskal kultura erakusten diet. Interesa handia dute. 

8. Beste euskal etxetako irakasleekin harremana duzu? 
Duela hilabete inguru Europako Euskal Etxetako irakasle guztien topaketa egin genuen: Burdeos, Bartzelona, Madril, Berlin... Beraien errealitatea ezagutu genuen, eta oso interesgarria izan zen.  

9. Beste baten bat begiz jota duzu? Lekualdatuko zara? 
Momentuz hemen, eta gero ikusiko dugu.

10. Euskal Etxean zerbait gehiago egiten duzue? 
Euskal Etxean ekitaldi kultural asko egiten dira. 22an bi kantautoreen emanaldia eta ondoren pintxopotea izango da. Euskararen egunerako egitaraua prestatzen ari gara, eta aurreko asteburuan Hizkuntz Eskolako eta Euskal Etxeko ikasleen topaketa egin genuen eta Egurre taldeko abeslaria etorri zen hitzaldia ematera. Korrikarako asanbladak egiten dira eta ospatzen da ere. 

11. Zer moduzko esperientzia izaten ari da? 
Oso polita. Gure hizkuntzarekiko eta kulturarekiko duten interesa ikustea oso polita da.