Azaroaren 15ean Bilbon bizitakoa azaltzea ez da erraza. Ia 52.000 pertsonek, 51.396 bihotzek, zehazki, San Mames betez zuten Euskal selekzioaren eta Palestinako selekzioaren arteko partidan, Palestina bizitzen ari den egoera salatu, bakearen alde egin eta Euskal selekzioa aldarrikatzeko. Argi zegoen ez zela soilik futbol partida bat, askoz ere gehiago zela, eta aurreikuspen onenak bete egin ziren. Goiz-goizetik milaka pertsona bildu ziren Bilboko kaleetan eta milaka pertsonek bat egin zuten San Mamesera joateko deitutako bi deialdietan, Palestinaren aldeko aldarri ozena egitera. Tartean sakandar asko zeuden, asko autobusez eta beste asko autoz bertaratuak. Haiei partida telebistaz, irratiz edo sare sozialez jarraitu zuten beste milaka pertsonak gehitu behar zaizkie.

Jagoba Arrasatek gidatutako Euskal selekzioko talde teknikoan Osasunako fisioterapeuta den Asier Urkia etxarriarra zegoen. Selekzioko kirol-zuzendaritzak taldea staffa osatu duten pertsona guztien konpromiso maila handia nabarmendu zuen. Euskal selekzioa 3-0 gailendu zen, baina hori gutxienekoa izan zen. Bilbon bildu zirenek bizi izan zutena ez dute nolanahi ahaztuko.
Partidan jasotakoa Mugarik Gabeko Medikuak fundaziora bideratuko da, Gazan laguntza eman dezaten.

Ahaztezina
Partida bukaeran hunkituta azaldu zen Arrasate. “Ahaztezina izan da. Jakina futbola ez dela garrantzitsuena, baina imajina ezin daitekeen kotetara hel daiteke. Hau da futbola noraino hel daitekeenaren lagina”. Halaber, jardunaldiak irudi “oso indartsuak” utzi zituela gaineratu zuen. “Zapia oparitzearen detailea, harmailetako mosaikoa, minutu bateko isilunea, gure jokalariak haurrekin atera izana eta eurak ez, soilik lore batekin; horrek sekulako karga izan du”. Palestinarrendako jardunaldi ahaztezina izan zen baita ere. “Oso eskertuta daude. Ez zuten Euskal Herria ezagutzen eta orain betirako gogoratuko dute. Hori da gure garaipenik garrantzitsuena”.
Euskal selekzioaren inguruan, argi mintzatu zen Arrasate. “Hemen herri bat dago eta jokalari batzuk, eurak ordezkatuko dituen selekzio bat nahi duena. Orain politikarien unea da”.
Palestinako entrenatzailea, Ehab Abu Jazar, eskertuta azaldu zen. “Palestinak palestinar borroka, bere eskubideak eta euren herritarren existitzeko eskubidea defendatzeko partida jokatu du. Partida historikoa izan da”. Aitortu zuenez, “ezin dut azaldu ere egin zelaira atera eta ia 52.000 pertsona Palestinaren alde oihu egiten ikusterakoan zer sentitu nuen. Nire lehen sentimendua nire familiaren eta Gazako herritarren sufrimenduaren oroitzapena izan zen, eta Palestinako kirolari martirren aldekoa”. Minutu bateko isilunean negar egin zuela aitortu zuen. “Nire bizitzako egun garrantzitsuena da. Historia hau kontatu behar dut, partida hau jokatu zuen entrenatzaile palestinarra izan nintzela”.
