Manuel Ijurra Etxarri agurtu dute

Guaixe 2025eko azaroaren 17a

Manuel Ijurra Etxarri. ARTXIBOA

Udal zinegotzia eta Sakanako Mankomunitateko presidentea izan zen. 

Manuel Ijurra Etxarri, Manolo, 84 urte zituela, azaroaren 14an hil zen, alarguna eta hiru seme utziz. Hileta elizkizuna eta lur ematea atzo, azaroak 16, izan zen. Ekintzailea, hainbat enpresa izan zituen. Gainera, Etxarri Aranazko Udalean hainbat legegintzalditan zinegotzi izan zen. Esaterako, udalak Amnistia, euskara eta foruak aldarrikatuz adierazpena egin eta ekitaldia antolatu zuen 1977ko ilbeltzaren 16an. Orduko udaleko zinegotzietako bat zen Ijurra. Udal ardurak izateaz aparte, etxarriarra Sakanako Mankomunitateko presidentea izan zen 1991 eta 1995 urteen artean, ibarreko erakundearen bigarren legegintzaldian. Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea, banaketa izan zenean Eusko Alkartasunako kide egin zen Ijurra. 

Erabakitzeko eskubidearen inguruan herri galdeketa egin zen 2014an Etxarri Aranatzen. Hura babestuz erakunde adierazpena sustatu zuen udalak eta hura babestu zutenen artean zegoen Ijurra. 

Bestetik, Etxarri Aranazko musika bandako zuzendari Alfredo Martinez txistu ikasketak ematen hasi zen 50. hamarkadan eta ikasleetako bat Ijurra izan zen.