Etxarri Aranatzek Valle de Egues C izan zuen aurkari Sarrigurenen. Partida oso estuan, etxeko taldea izan zen 17. minutuan aurreratu zena, baina Aratz Mariñelarenak bana berdintzea lortu zuen atsedenaldiko txirrina jotzear zenean, 45. minutuan, eta gol horrek airea eman zion Etxarri Aranatzi. Bigarren zatian garaipena lortzen saiatu ziren bi taldeak. Jon Erdoziak 1-2 aurreratu zuen Etxarri 50. minutuan, eta hortik aurrera primeran kudeatu zuen aldea, partida bukaerara arte markagailua ez baitzen mugitu.
Lagun Arteak Arga Ibaiaren kontra jokatu zuen San Jorge zelaian. Partida oso borrokatua izan zen hasieratik. 16. minutuan Arga Ibaia aurreratu zen, eta nahiz eta Lagun Artea saiatu, ez zegoen iruindarren atea zulatzeko modurik. Bigarren zatiak berdin jarraitu zuen. Lakuntzarrak poltsikoa hutsik itzuliko zirela zirudienean, luzapenean bana berdintzea lortu zuen Gorka Egurzak, garaipenaren zaporea izan zuen berdinketa lortuaz.
Etxarri Aranatz jarri da lider (18 puntu), puntu batera Beti Kozkor B eta Kirol Sport dituela. Hain zuzen ere ligako bederatzigarren jardunaldian Etxarri Aranatzek eta Beti Kozkor B-k lidergoa izango dute jokoan azaroaren 23an, 18:30ean, Lekunberrin. Lagun Arteak, aldiz, egun berean Beloso taldea hartuko du Itxesalden, 19:00etan.