Asier Karrera Arenzana euskal presoa baldintzapean aske geratu zen astelehenean, azaroaren 17an. Horretarako ebazpena eman du Espetxe Zaintzako Epaile Zentralak. Karrerak egunerokoan epaitegiak ezarrita hamabost baldintza eta “jokabide arau” bete beharko ditu zigorra erabat bete arte.
Karrera 2000ko azaroren 14tik zegoen kartzelan. 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Hirugarren gradua, berriz, 2022ko urrian eman zioten lehen aldiz. Orduan, baina, fiskaltzaren eskaerari men eginda, Auzitegik Nazionalak atzera bota zuen hura, eta 2023ko otsailean bigarren gradura itzularazi zuten. Hilabete batzuk geroago, lastailean, berriz onartu zioten gradu progresioa, eta 2024ko ilbeltzetik baliabide telematikoekin ari zen zigorra betetzen. 2023an bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Hori da baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskatzen dieten gutxieneko epea. Karrerari egotzi zioten 2000. urtean Fernando Buesa Blanco PSE-EEko buruzagia zena eta haren bizkartzain Jorge Diaz Elorza hiltzea.
Karrera, besteak beste, Madrilgo Valdemoro, Huelva eta Pontevedrako A Lama espetxeetan izan zuten preso. 2021eko martxoan iragarri zuten etxarriarra euskal herriratuko zutela. Lehenik, Palentziako Dueñasko espetxera eraman zuten, handik Arabako Zaballako espetxera lekualdatu zuten eta, azkenik, Gipuzkoako Martutenera mugitu zuten.