Azaroaren 15ean Euskal Selekzioak eta Palestinak San Mamesen jokatutako futbol partidak piztutako zirrara ez da itzali. Partida historikoa izan zen, irudiek mundua gurutzatu dute eta Palestina askearen eta euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko mezuek oihartzun paregabea izan dute. Asier Urkia Ijurra etxarriarrak lehen lerrotik bizi zuen guztia.
Euskal Herria-Palestina, futbol partida bat baino askoz ere gehiago izan zen.
Zalantzarik gabe. Zelaian 52.000 pertsona egotea, eta Euskal selekzioak zuen aurkaria Palestina zela kontuan izanda horrek ekarri duen oihartzuna oso handia izan da.
Osasuna taldeko fisioterapeuta zara eta gau handiak bizi izan dituzu klub gorritxoan, baina Euskal selekziora joateko deia jasotzea berezia izango da.
Jakina. Honakoa Euskal selekzioan fisioterapeuta naizen bigarren aldia da, aurretik Uruguairen kontrako partidarako deitu nindutelako. Lehenengo aldian Jagoba Arrasatek deitu, eta partidarako kontuan hartzen ninduela esan zidan. Nire baiezkoaren ondoren klubari baimena eskatu zitzaion, eta segidan Euskal Futbol Federakundeko zuzendaritzak niri eta klubari deialdi ofiziala egin ziguten. Palestinaren kontrakoan, berdin. Azaroaren 14tik 16ra, ostiraletik igandera bitartean Euskal selekzioarekin egoteko baimena eskatu ziguten.

Selekzioa non kontzentratu zen?
Ostiralean Lezama ondoko jatetxe batean geratu ginen bazkaltzera. Ondoren, 16:00etan Lezaman genuen hitzordua. Guztiak bildu, ekipazioa jantzi, prestatu eta 17:00etan entrenamendua hasi zen. Hura bukatuta, autoak San Mamesen utzi genituen eta autobusez joan ginen hotelera.
Fisioterapeutek lan handia izan duzue?
Selekziora heltzen diren jokalariak ongi daude, ez dago lesionaturik. Beraz, ezer larririk gertatu ezean lan arruntak egiten ditugu: entrenamendu aurretik orkatilen bat bendatu, berotu... Hotelean, masajeren bat eman, jokalari batzuek masajea hartzeko ohitura baitute. Eta partidarako, antzeko.
Osasunako jokalariekin egunero lan egiten duzu eta euren ohiturak eta maniak badakizkizu. Selekzioan Osasunakoak ez diren jokalariekin zerotik hasi beharko duzu.
Hala da, nik Osasunako jokalariekin zer egiten dugun badakit, besteekin ez. Horregatik, aurrekoan Uruguairekin egin bezala, fisioterapeutok selekziora datozen jokalarien futbol taldeetako fisioekin harremanetan jarri ginen, jokalariek dituzten ohiturei buruz galdetzeko: jokatzeko orkatilak bendatzen dituzten ala ez, zer duten gogoko... halakoak. Jokalariak Lezamara iritsi zirenean eurekin hitz egin genuen, zer behar zuten galdetzeko. Nolanahi ere, jokalariek nahiago izaten dute beraien artean hitz egiten egon, taldeko harmonia sortzeko. Halako hitzordu batean normalean fisioek ez dugu lan gehiegirik izaten.
Taldearen arteko harmonia lortu zenutela agerikoa da, hala islatu baitzen zelaian. Euskal Herria txikia izanik, jokalari askok lehendik ezagutuko zuten elkar.
Gehienek elkar ezagutzen genuen ligan edo kopan aurka jokatzen dugulako edo aurreko deialdietatik. Egia da deialdi honetan hamazazpi jokalari berriak zirela; gutxi batzuk errepikatzen zuten. Dena den, jokalariak, staffeko kideak bezala, hala nahi dutelako daude selekzioan, gogotsu daude eta giroa oso ona da. Ez dago ligako partida batean dagoen tentsio puntu hori, alde horretatik lasaiagoa da. Selekziora doan jendeak badaki zertara joaten den, eta giroa berezia izaten da, Athletic, Alaves, Erreala edo Elcheko jokalariekin halakoetan egoten garelako bakarrik. Ligan beraien kontra jokatzen dugunean soilik unetxo bat egoten gara, 5 minutu eskas.

Jagoba Arrasaterekin lan egitea gustura hartuko zenuen.
Bai, harremana izaten jarraitzen dugu, bai berarekin eta Bittor Alkizarekin baita ere, Osasunan beraiekin 6 urte eman genituelako. Jagobak Euskal selekzioaren ardura hartu eta nirekin gogoratzea pozgarria da. Gogotsu nengoen berarekin egoteko eta staff-eko gainontzeko kideekin biltzeko: Athletic-eko fisioa, Errealeko medikua... Selekzioarekin elkartzea, asteburu ederra pasatzeko, pozgarria izaten da.
Palestina ez zen edonolako arerioa, eta eguna oso berezia izango zela aurreikusten zen. Espero zenuena izan zen? Burbuila batean bezala zaudete, baina ezinezkoa izango da halako festa eta aldarrikapen giro batean distantzia hartzea.
Nik ezin dut esan Bilboko kaleetan nolako giroa zegoen, gu hotelean kontzentratuta geundelako, baina zelairako bidean zegoen jendetza ikustea, eta partida hasi aurretikoa sekulakoak izan ziren. Jokalariak harrituta eta hunkituta ikustea berezia izan zen. Gure jokalariak ume bat eskutik helduta zutela atera ziren futbol zelaira, baina palestinarrak larrosa bat eskuan zutela atera ziren, umerik gabe, sarraskian hildako haurren omenez. Hori ikustea... hunkituta geunden. Beraientzat ere hunkigarria izan zen zelaira atera eta San Mamesen 52.000 pertsona haiei animatzen ikustea. Beraien aldeko oihuak eta aldarrikapenak erabatekoak izan ziren. Partida bukaeran beraiekin batera zelaiari buelta ematea eskatu ziguten. Pankarta bat atera zuten, zaleei eskerrak emateko. Athletic-ek duen ohitura jarraituz, beraiekin Txoria txori kantatu genuen. Emozionatuta zeuden, negarrez. Palestinarrak zer pasatzen ari diren kontuan hartuta, behintzat egunerokotasun gogor horretatik tarte batean ateratzea, eta guk beraiekin unea partekatzea oso polita izan zen.
Zerk hunkitu zintuen gehien?
Jokalariak zelaira atera ziren momentu hori. Palestinarrak tunelean ikusi genituenean, larrosa eskuan eta guri begira, eta zelaira atera ginenean ikurriña eta Palestinako ikurra aurrez-aurre ikustea, mosaiko erraldoian. Hori politena izan zen. Izarok, Eñaut Elorrietak eta Gazako Sol Bank-ek batera kantatutako Gernika kantua ikusgarria izan zen ere bai. Eta bukaerako bi taldeen harmonia hori, bi taldeek batera Txoria Txori kantatu genuenekoa; oso hunkigarria izan zen.
Palestinarrekin soilik partidan izan zenuten hartu-emana?
Beraiek asteartean etorri ziren, eta Lezaman, Leioan eta San Mamesen entrenatu zuten. Guk eurekin partidan izan genuen harremana, baina bezperan Mikel Labakak eta Ahien Muñozek euren ordezkariekin batera prentsaurrekoa eman zuten eta eurak aurretik ezagutu zituzten.
Emaitza zen gutxienekoa, baina 3-0 irabazi zuen Euskal selekzioak. Taldea gustatu zitzaizun?
Lau jokalari talde batekoak, beste bost beste batekoak, bat handik, bestea bestetik... zaila izaten da horrela taldea osatzea. Ostiralean entrenatu zuten soilik. Entrenatzaile bakoitzak bere bere metodoak ditu, jokatzeko modu bat, eta soilik egun bateko entrenamenduarekin hori lortzea ez da erraza, baina lehen mailako jokalariak dira, eta berehala hartzen dute entrenatzaileak nahi duen bidea. Partida polita izan zen, gureak lehen mailako jokalariak direlako eta eurenak Qatar eta Arabia inguruan jokatzen dutelako. Dena den, inor ez lesionatzea, horretan nuen nik arreta jarria. Halako partida batetara joan eta gero jokalari bat lesionatuta bueltatzea ez da gozoa klubendako, beti gelditzen da hor pena hori. Denok ongi bukatu zuten.
"Palestinarrak larrosa batekin atera ziren, hildako haurren omenez. Hura ikustea..."

Partida ondoren zer egin zenuten?
Partida bukatuta palestinarrek hoteleko bidea hartu zuten, Kataluniara bidaiatzen zutelako, asteartean jokatu zuten partida prestatzera. Euskal selekzioko jokalariak, staffa, federazioko ordezkariak... guztiak San Mameseko txoko batean bildu ginen auzate edo lunch batean. Han egon ginen tarte majo bat, oso gustura. Jokalari batek Valentziara joan beharra zuen, besteak Elchera, gainontzekoak gertuago... baina denak han geratu ziren. Hor ikusten da sortzen den harremana. Uste dut jokalari askok gaua Bilbon pasa zutela. Nik ere hala egin nuen, emaztea eta lagun batzuekin elkartu eta gero. Giro ederrean trago batzuk hartu genituen, gustura. Asteburu borobila.
Partida eta eguneko giroa bizitzerakoan, nolako aldea zuena eta zaletuena, ezta?
Zeharo ezberdina. Emaztea eta lagunei esan nien, askotan ez dakizula non zauden gusturago, barruan edo kanpoan. Zaletu asko goizetik joaten dira, bazkaldu egiten dute, poteoan ibiltzen dira, zelaira kalejiran doaz... Sekulakoa izango da, ziur, baina barrutik bizitzea polita ere bada: egunerokoan egoten ez garen jokalariekin egon, zelaiko giro guztia barrutik bizi... Osasunarekin halakoa gertatu zitzaigun kopako finalera iritsi ginenean. Zaletuek sekulako asteburua pasa zuten Sevillan. Guri hotelera bideoak iristen zitzaizkigun, baina beste modu batera bizi izan genuen, oso pozik ere bai. Bilboko partidaren bukaera bezala. Txoria txori kanta eder hori, palestinarrekin batera zaleen aurrean kantatzea, barruan egotearen sentsazioarekin eta oiloipurdiarekin, ikusgarria izan zen.

Etorkizunean Euskal selekziotik deitzen badizute, jarraitzeko prest?
Bai, hori oso argi dut. Kontuan hartzen banaute, poza hartuko dut. Orain Euskal Futbol Federakundean ordezkari berriak sartu dira, oso gogotsu daude eta ea urtero partida bat lotzeko aukera duten. Ez da erraza, egutegia oso estua delako. Futbolariek partida asko dituzte, atseden tarteetan bestelako selekzioek jokatzen dute eta zaila izaten da, baina gogotsu daude eta ea, behintzat, urtero partida bat jokatzeko aukera dagoen. Deitzen badigute, aurrera, eta gustura gainera.
Euskal selekzioaren eta Palestinaren kontrako partidak beste dimentsio bat eman dio Euskal selekzioari, mundura atera delako. Horrek bultzada emango dio ofizialtasunaren gaiari?
Aurkaria Palestina izanda, horrek ikusgarritasun handia eman dio Euskal selekzioari. Nolanahi ere, selekzioa bidea egiten ari da, pixkanaka. Jokalariek asko jartzen dute beraien aldetik, denboraldian partida asko dituzte eta hala ere selekzioan aritzeko ilusio handia dute. Hazi berria sartu da, bai jokalarietan eta baita federazioko kideetan, gogotsu daude eta nik uste pausoak ematen joango garela.
Ofizialtasunaren bidean politikarien tartea dela esan zuen Arrasatek.
Bai, azaroaren 17an, astelehenean, irakurri nituen adierazpenak eta partidaren nondik norakoak. Eta hala da.
"Euskal selekzioak Palestina aurkari izanda, oihartzuna oso handia izan da, historikoa"
Euskal selekzioaren azkeneko partidatik zerekin geratzen zara?
Lehenenik, jokalari guztiek, Jagoba Arrasate entrenatzaileak, Mikel Labaka bigarren entrenatzaileek eta selekzioko kide guztiek hartzen duten ardurarekin. Jagoba propio etorri zen Mallorcatik selekzioa gidatzeko. Jokalariek partida asko dituzte, eta selekziokoa lagunartekoa zenez erraza litzateke beraiendako nekatuta daudela eta atsedena behar dutela esatea. Beraz, beraiek hartu zuten jarrera, selekzioaren deia erantzutea, nola entrenatu zuten ikustea, nolako ilusioarekin zelairatu ziren, partida bukatuta Galarretaren hitzak, hunkituta, jokalariak oso pozik... nire barrenean horrekin geratzen naiz. Bigarrenik, selekzioak hartu duen dimentsioarekin. 52.000 pertsona bildu ziren San Mamesen, eta minutu bat ez ziren egon animatu gabe. Jendearen berotasun horrekin geratzen zara.
Osasunara bueltan, partida berezia duzue larunbatean, Errealaren kontrako derbia Sadarren.
Hotelean horretaz hitz egiten egon ginen Errealeko jokalariekin eta medikuarekin. Despeditu ginenean elkarri esan genion larunbatean Iruñean ikusiko dugula elkar, baina beste gauza bat izango dela, bi taldeek hiru puntuak nahi ditugulako. Beraz, tentsio gehiagoko astea izan dugu aurretik.
Zorte ona Osasunarekin, eta ea Euskal selekzioarekin berriz lanean ikusten zaitugun. Nolanahi ere, zaila izango zaio selekzioari larunbatean bezalako oihartzuna lortzea eta halako sentipenak mugiaraztea.
Baietz espero dezagun; lanean jarraituko da, eta ea berriro aurtengoa bezain ongi ateratzen den.
