Gaztetxokoa zabalik da

Guaixe 2025eko azaroaren 27a

Etxarriarrak plazako zabalgunean eta inguruan. ARTXIBOA

Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailara arteko gaztetxoek erabil dezakete. Aurretik izena eman behar dute.

Etxarri Aranazko udalak jakinarazi du dagoeneko gaztetxokoa zabalik dagoela. Ikasturte honetan estreinakoz azaroaren 8an zabaldu zituen ateak eta apribilaren 26ra arteko asteburu guztietan zabalduko ditu: larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara eta igandetan 17:00tatik 20:00tara. Udaletik azaldu dutenez, “urteen esperientziak utzi digunaren ondorioz, adin tartea DBH 3. mailara, 14-
15 urtetara murriztu da, beraz, 11-15 urte bitarteko nerabe edo gazteek izanen dute bertan parte hartzeko aukera”. Udalak jakinarazi duenez, LH 6. mailako gazteei parte hartzeko gonbidapena luzatu die. 

Ikasturte honetan gaztetxokoa erabili nahi duenak izena eman beharko du. Horretarako eskabidea bete eta nerabearen argazkia udaletxean aurkeztu beharko da. Matrikula orrian, familiako kontaktu telefono bat jartzea beharrezkoa da, nerabe edota gazteari buruzko edozein gauza hitzartzeko. Udalak gaztigatu duenez, “begiraleei beraien lana errazteko, ezingo dira gaztetxokoan sartu matrikula, ordainagiria eta argazkia ekarri ez dutenak. Informazio gehiago nahi duenak udaletxean bertan du 10:00etatik 14:00etara, 606 239 008 telefono zenbakira hots egin daiteke 09:00etatik 14:00etara, edota kultura@etxarriaranatz.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.

Gaztetxoko zerbitzua Etxarri Aranatzen 2015ean sortu zen. Orduko hartan udalak, 12-16 urte bitarteko gaztetxoekin batera, gaztetxokoko proiektua martxan jarri zuen, neska-mutilek neguko asteburuetan egoteko eta ongi pasatzeko toki bat izan zezaten.