Astekaria

"Aldaketa batzuk eginda hobe bizi daiteke"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko abenduaren 10a

Klimaterio taldearen aurkezpena. UTZITAKOA

Aurrekoan Klimaterio taldea eta dokumentua aurkeztu zuten Etxarri Aranatzen. Alazne Juaniz taldeko kidea da. 

Pertsona menstruanteen bizitzaren etapa horretan ematen diren aldaketen aurrean esperientziak elkartrukatzea ezinbestekoa izan dela esan du. 

1. Zer da klimaterioa? 
Pertsona menstruanteen denboraldi bat da; etapa bat. 40 eta 50 urte inguru horretan aldaketa batzuk ematen dira. Hamabi hilabete hilekorik gabe ematen ditugunean menopausia egunak esaten zaie. Teorian perimenopausia, menopausia eta postmenopausia da klimaterioa, prozesu osoa hartzen du. Beti pentsatu izan dugu menopausia dela hilekoa gelditzen denean, baina aldaketak askoz lehenago hasten dira. 

2. Zeintzuk dira aldaketa horiek? 
Aldaketa pila bat ematen dira. Hormonak bere gauzak egiten hasten dira: lo falta, artikulazioetan minak, beroaldiak, emozionalki... 

3. Pertsona guztiendako ez dira berdinak izango, ezta? 
Pertsona guztiak desberdinak gara eta horretan ere horrela da. Normalean entzuten ditugun sintomak beroaldia, loarena eta pertsona menstruanteei jartzen diguten histeria hori. Baina askoz gehiago dago, eta askotan ere larriagoak izaten dira. Menopausian daudela eta ongi daudela esaten duten askok ere besteen esperientziak kontatzean konturatzen dira ez diren sintomak izan dituztela ere. 

4. Zer egin daiteke?
Aurretik aldaketa batzuk eginda askoz hobe bizi daiteke. 30 edo 35 urterekin aldaketak eginda, askoz hobe egongo ginateke. 

5. Klimaterio taldea aurkeztu duzue.
Pertsona batzuk gure gorputzetan gauzak sentitzen hasi ginen eta iruditu zitzaigun polita litzatekeela elkartzea eta gozo eta epaitu gabe hitz egiteko leku bat izatea. Gure bizipenak dira. Ematen du gauzak aldatzen ari direla, baina jende askok ez du honi buruz norekin hitz egin. Espezialistengana joaten gara eta ez dugu babesa sentitu; pasatu behar dugun etapa bat dela esaten digute. Duela urte bat elkartzen hasi ginen. 

6. Zenbat elkartzen zarete?
Lehenengo kafe solasaldian hamabost bat elkartu ginen eta hortik gauzak ateratzen hasi ziren. Amankomuneko beharrak genituen, eta noizean behin horrelakoak egitean interesgarria iruditu zitzaigun. Whatsapp talde bat sortu genuen, Klimaterio garaia, eta 67 lagun inguru gaude. Sakanako Mankomunitateko Berdintasun, Kirol eta Anitzartean teknikariekin elkartu ginen ere. 

7. Zer egiten duzue? 
Mankomunitatearekin elkartu ondoren hainbat tailer eta hitzaldi antolatu ditu: yoga hormonala, zoru pelbikoa, indarra lantzeko tailerrak... Oso garrantzitsua da indarra lantzea. Kirola eta nutrizioaren inguruko jardunaldiak egin ditugu ere. Oso gai interesgarriak landu ditugu, eta jarraitzeko asmoa dugu.  

8. Bilerak irekiak dira? 
Tailerretan elkartzen gara. Aurreko egunean taldearen eta dokumentu baten aurkezpena egin genuen, eta pertsona berriak etorri ziren. Esnatze moduko bat izan zen haientzat. Ikusi genuen oso garrantzitsua dela. Lan egiteko gogotsu. Flipatu zuten. Gauza asko egin daitezke. 

9. Zer dio dokumentuak?
Ikertzen joan gara eta Menopausia eta klimaterioa osasun laguntza eskatzeko eskaera da. Kataluniako elkarte batek egin zuen eta guk Nafarroako Legeekin osatuko dugu eta euskaratzen ari gara ere. Urtarrilean parlamentura goaz. EHBilduko bi parlamentariei esan genien eta oso prest agertu dira. 

10. Zein da hurrengo urratsa? 
Herri, auzo, talde feminista eta emakume taldeetan zabaltzea da gure nahia. Existitzen diren eta betetzen ez diren legeetan oinarrituta dago, eta helburua da osasun etxeetara eramatea dagozkigun eskubideak betetzeko. 

11. Emakumeak ez dira ikertu. 
Pertsona menstruanteen gorputzak ez dira zientzian sekula ikertu. Ziklikoak gara eta zailagoa eta garestiagoa da. Espezialistengana joaten garenean medikalizatzen gaituzte.