Etxarri Aranazko San Donato herri eskolako jantokia Eskubide Sozialak, Kontsumo eta 2030 Agenda Ministerioak jantoki bikain gisa hautatutako jantokietako bat da, menuen kalitate eta iraunkortasunarengatik.
Eskola Jantoki Osasungarri eta Iraunkorrei buruzko Errege Dekretu berriarekin batera, Ministerioak jantoki bikainen inguruko gida egin zuen. Eta hartan araudi berriak ezarritako jarraibide batzuk jada abian jarri dituzten ikastetxeen adibide batzuk ematen ditu, tartean Etxarri Aranazko eskolakoa. Jangelaren kudeaketaz Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua arduratzen da. Bozeramaileak esan duenez, "agerian gelditu da araudi berriko jarraibideak aplikatzea posible dela eta zorrotzagoak ere izan daitezkeela, horrekin menuen prezioa igo gabe".
Hezkuntzako arduradunek azaldu dutenez, "ikastetxeek bat egiten dute ikastetxeetan astero eguerdiz egiten diren bost otorduak osasungarriak izatea bermatzen duen araudiarekin, eta, horrela, askotariko dieta eta dieta orekatua ziurtatu nahi da ekitate-baldintzetan. Helburu hori aintzat hartuta, fruta eta barazkiak eta arraina, lekaleak eta zereal integralak jatea bultzatzen da, ultraprozesatutako elikagaiak mugatzearekin batera".
Etxarri Aranazkoa moduko eskualde eskoletako jantokien lizitazio deialdietan departamentuak enpresei eskatzen die dietista-nutrizionista langileak izan behar dituztela plantillan, eskola menuak egiteko. Era berean, menu horiek Hezkuntza Departamentuko dietista-nutrizionistek gainbegiratzen eta testatzen dituzte aldizka. Bestalde, arduradunek gaztigatu dutenez, "lanean ari gara ikastetxean bertan sukalde zerbitzua duten eskola jantokien eredu bat ezartzeko, garaiko produktu fresko, hurbileko eta ekologiko eta guzti, ahal baldin bada".
Aitortza
Loli Igoa Unzilla jantokiko zerbitzariak azaldu duenez, haurrei eskaintzen dizkieten jakien artean daude "potajeak, arraina eta jaki osasungarriak, onak dira. Etxean jaten duguna bezalakoa da".
Elikadura egokia izateko, Jangarria enpresa arduratzen da eguneroko menuak prestatzeaz. "Haiek prestatutako menuak eskolako sukaldean bertan prestatzen ditu Ane Peña sukaldariak". Sukaldariak prestatutako platerak jangelan ikasleei banatzeaz arduratzen dira Igoa eta Bittori Senar Andueza, baita jantokia antolatzeaz ere.
Gaur egungo gizartean kultur aniztasuna, elikadura intolerantziak eta bestelakoak daude. "Menuak prestatzerakoan horiek guztiak kontuan hartzen dira. Gaitzei dagokienez, guk, zorionez, kasu bakarra dugu, zeliako bat". Magrebko gurasoen seme-alabei "gurasoek eskatzen dutena ematen diegu. Zeren, batzuk ez dute oilaskorik jaten, eta besteek bai".
Ikasleek zerbitzatutako platerak gogoz hartzen ote dituzten galdetuta, esan duenez, "batzuek bai, oso ongi. Besteak ez. Badakizu, halako jatekoak haurrei ez zaie asko gustatzen. Baina gehienek ongi hartzen dute".
Zaindu beharrekoak
Eskola menuak prestatzerakoan departamentuak kontuan izaten dituen irizpideetako batzuk dira elikagai naturalenak edo ahalik eta gutxien prozesatutakoak erabiltzea. Horretarako, garaiko eta hurbileko landare produktu eta lekale freskoak kontuan izaten saiatzen dira, ekoizpen ekologikoko elikagaienak eta ikastetxean bertan jakiak prestatzea.
Horrekin batera haurren obesitatea begiz jota du departamentuak: "Europar Batasuneko osasun publikoko arazo larrienetako bat da. Estatuan 6 urtetik 9 urtera bitarteko haurren heren batek baino gehiagok gehiegizko pisua du, eta obesitatea %15etik gorakoa da, Aladino 2023 ikerketaren arabera. Hori dela eta, fruta eta barazkiak egunero kontsumitzeko gomendioa egin dute. Hau da, egunean 400 gramo edo 5 fruta edota barazki zati jatea. "Arau hori betetzen dituzten adingabeen ehunekoa oso txikia da. Ikasleen erdiek baino gutxiagok jaten du fruta egunero, eta barazkiak are gutxiago".
Kontuan izanik haurrek ikastetxean denbora asko pasatzen dutela, eta ikasle askok gutxienez otordu nagusi bat bertan egiten dutela (normalean, eguerdiko bazkaria, egunerako energiaren %30-35 eman behar die), "eskola ingurunea funtsezkoa da helduarora arte mantendu daitezkeen elikadura jokabide eta eredu osasungarriak bulkatzeko", azaldu dute arduradunek. Ildo horretan, gidak, Etxarri Aranazko San Donato herri eskolako jantokiaren ondorengoak nabarmendu ditu: ikastetxean bertan sukaldea izatea, menuan arrainaren errezetak sartzearen aldeko apustua egitea eta arrain urdina eta arrain zuria txandakatzea, ikasleek arraina jatea lortzeko erronkaren barnean, astean arrainaren errezeta bat eta hiru artean eskainiz, Omega 3 gantz-azido poliinsaturatuak bezalako mikronutriente iturria izanik.
Ministerioaren aitortzaren ondoren lanera "pozik" joaten dela aitortu du Igoak. "Gure lana norbaitek ikusten du, eta estimatzen du. Lanean segitzeko motibagarria ere bada".