Astekaria

Dantzalekukoak ikusgarri Etxarri Trailean

Maider Betelu Ganboa 2025eko abenduaren 22a

Etxarri Gazte Trailean aritu ziren Dantzaleku Sakanako korrikalariak. UTZITAKOA

Triku Trailek antolatutako Etxarri Gazte Traila Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarria zen eta bi txapeldun sakandar izan zituen, Ekhi Guirado eta Sihets Agirre. Maddi Berastegi eta Eider Perez hirugarrenak izan ziren

Trikutrail taldeak antolatuta, Etxarri Gazte Traila jokatu zen abenduaren 13an Etxarri Aranazko kanpineko inguru zoragarrietan, infantilen, kadeteen eta jubenilen proba, Nafarroako Kirol Jokoetarako baliagarria. Korrikalari guztiak batera atera ziren, baina bakoitzak bere distantzia zuen. Dantzaleku Sakanako korrikalariak bikain aritu ziren.

Jubenilen Lur Ocon hernaniarra gailendu zen (55:22), Arnaitz Kortajarena oñatiarraren (55:35) eta Gartxot Iribarren amaiurtarraren (58:17) aurretik. Dantzalekuko Victor Fernandez zazpigarren sailkatu zen (1:02:41) eta Julen Fuentes zortzigarren (1:03:22). Eider Urrutia lehen emakumea izan zen (1:24:33).

Kadeteen mailan Ekhi Guirado altsasuarrak irabazi zuen proba (38:54), Martin Argüellesi 15 segundo (39:09) eta Iñigo Molinari 55 segundo (39:49) aterata. Aurrekoan San Adrianen hirugarren sailkatu zen Dantzalekukoa, eta ikusgarri ari da, Nafarroako selekzioarekin entrenamendu saioak eta Tolosan trail entrenamenduak egiten. Aratz Mendoza hemeretzigarren izan zen (58:27). Nesketan, Leire Zestau eta Izaro Urkiola leitzarrak batera iritsi ziren (58:41), eta Dantzaleku Sakanako Maddi Berastegi hirugarren sailkatu zen (1:00:16).

Infantiletan Marek Oliver zarauztarra izan zen azkarrena (31:30), Alain Gajateren (32:15) eta Iker Zestauren (32:42) aurretik. Emakumezkoetan Sihets Agirre arbizuarra gailendu zitzaien (38:01) Aitana Resanori (39:36) eta Dantzalekuko Eider Perezi (40:11). Aiora Resano bosgarren sartu zen (40:39), Mai Lakuntza seigarren (45:31), Iraia Lopetegi zortzigarren (52:12) eta Ilargi Elola bederatzigarren (52:12). Etzi guztiek Altsasuko Krosa dute jokoan Dantzalekun.