Astekaria

"Hogei kana erdietarako, dena indartu beharko dugu"

Maider Betelu Ganboa 2026ko urtarrilaren 22a

Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide, ezkerrean, eta Unai Etxeberria 'Osinalde' eta Igoin Pikabea, eskuinean.

Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusu etxarriarrek aizkora apustua lotu dute Unai Etxeberria 'Osinalde' eta Igoin Pikabearekin martxoaren 21erako

Martxoaren 21ean, 18:00etan, Zumarragako Belokin edo Altsasuko Burundan jokatuko da Jon Erdoziak eta Aritz Oiarbidek luzatutako eta Unai Etxeberria "Osinalde"-k eta Igoin Pikabeak onartutako aizkora apustua. Etxarriarrek 23 urtez azpiko gipuzkoarrei egin zieten hogei kana erdikoaren bueltan apustua egiteko erronka, eta ilbeltzaren 2an, 18:30ean, Etzegarateko Alai jatetxean jarri zuten hitzordua.

Hitzordura zenbait aizkolari azaldu ziren, Unai Etxeberria “Osinalde” eta Igoin Pikabea III.a lehenak, eta beste interesaturen batzuk ere bai. 
Osinalde eta Pikabea III.a izan ziren azaldu ziren lehenak, eta beraiekin lotu genuen apustua, ados jarrita. Iban Zaldua beste bikote batekin azaldu zen, ezagutzen ez genituenak.

Osinalde eta Pikabea ongi ezagutzen dituzue; eurekin pikea omen duzue.
Bai (kar-kar).

Zergatik erabaki zenuten halako apustua proposatzea?
Orain aizkoran ez dagoelako mugimendu asko. Lehen Luis Mari Bengoak Egur Sportekin antolatzen zituen Urrezko Txapelketak zeuden, baina erretiratu zenetik ez daude. Federazioek antolatutako txapelketa ofizialak eta erakustaldiak ditugu, baina uda aldera izaten dira, eta neguan ez dugu ezer. Berotu ginen, animatu eta aurrera. Apustuak harrera ona izan du, kontentu gaude.

Hogei kana erdiko, lana bada. Aldaketa, orain arte lan motzagoak egin izan dituzuelako.
Bai, ea nola ateratzen den. Hemendik hasita geldi-geldi hasiko gara prestatzen, martxoraino.

Alde bakoitzak 2.000 euro jarrita, 4.000 euro daude jokoan. Lanak luzeagoak direnez, orain arteko entrenamenduak aldatuko dituzue?
Bai, moldatu beharko ditugu. Txanda librean ariko garenez entrenamendu gehiago batera egin beharko ditugu, txandak emateko eta lan horretara ohitzeko. Bestalde, fondoa landu beharko dugu. Oraindik ez dugu oso argi nola egingo dugun; ahal dugun guztia eginda joango gara. 

Zer diote erdoziatar aizkolari beteranoek, Juanjo aitak, Juanito aittunek eta ingurukoek?
Entrenatu beharra dagoela, hori diote. Asko entrenatu beharra dagoela. Pabiloian topera ariko gara martxoraino, eta eurek guri laguntzen eta egurra ekartzen nahikoa lan izango dute.

Egurrak erdibana jarriko dituzue. 
Alde bakoitzak materialaren erdia eramango du; hau da, alde bakoitzak hogei enbor, baina gero denok denona moztuko dugu. Hau da, bikote bakoitzak bere hamar enbor eta bestearen beste hamar enbor erdibituko ditu.

Federaziotik pasako omen dira tamainak ongi daudela egiaztatzera.
Bai, hala izaten omen da. Goizeko 9:00etatik 12:00etara plazaratu beharko ditugu egurrak, hankalekuekin, ongi jarrita.

"Orain aizkoran ez dago mugimendu asko. Apustua proposatzera animatu ginen, adostu dugu, eta aurrera"

Oraindik ez dakizue non izango den, Zumarragan edo Altsasun.
Beraiek Zumarragan izatea proposatu zuten; guk ez genuen oso argi, baina gogoratu ginen Larrionek, Vazquezek, Fidelek eta Jauregik Burunda pilotalekuan egin zuten apustuan giro ona sortu zela, eta Altsasu proposatu genuen. Oraindik ez da erabaki.

Apustuko notario lanak beterano batek egin zituen.
Bai, Luis Mari Bengoarekin ibiltzen zen Pello Iparragirrek. Bengoa bera zen etortzekoa, baina ezin izan zuen, arazo pertsonal batengatik.

Apustuari begira, zer indartu beharko duzue?
Hogei kana erdietarako, dena indartu beharko dugu, orain dugunarekin ez digulako balio. Argi esan genien, apustua orain bertan eginez gero ziurrenik bi kanaerdiko aldea aterako zigutela. Barrez hasi ziren, baina egia da.

Ez al zineten izutuko?
Ez ba! Gu baino entrenatuago egongo dira, ziur. Apustua otsaila aldera egin nahi zutela sumatzen zitzaien, baina guk horren azkar ezinezkoa zela esan genien. Azkenean, martxoaren 21ean izango da. Ea nola ateratzen den.

LABURREAN
"Apustuarekin, oso gogotsu"
Osinalde eta Pikabea III.a Aizkolariak

Nola hartu duzue apustua?
Gogotsu. Orain arte eurekin pike pixka bat izan dugu, bikoteka behin baino gehiago aritu garelako. Aukera gustatu zitzaigun eta gustura etorri ginen apustua lotzera. Orain ongi prestatu beharra dugu. Urrezko Aizkora ez dagoenetik, gazteendako ez dugu ezer ere ez. Alde horretatik, pena handia; lehengo eran bezala hasi beharko gara.

Nola prestatuko zarete?
Ahal den bezala. Egurra nonbaitetik ekarri eta asko aritu behar (kar-kar). Ahal dugunean batera, eta bestela bakarka. Badakigu atzetik jende asko dagoela laguntzeko, eta horrek poz handia ematen du.

Nola zaudete sasoiz?
Denbora askoan ez dugu plazarik izan eta asko aritu gabe gaude, baina motibazio honekin, jarriko gara.

Zumarraga edo Altsasu?
Zumarraga, baina arazorik gabe. Ateratzen dena.


Apustua, pausoz pauso
Apustua adostu
Pello Iparragirrek bi aldeek adostutako baldintzak eta apustuaren ezaugarriak jaso zituen paperean. Data, ordua, egin beharreko lana, apustuan jarritako dirua, tokia (oraindik zehaztu gabe) eta bestelako xehetasunak. 

4.000 euro jokoan
Alde bakoitzak 2.000 euro jarriko ditu. Ilbeltzaren 2an alde bakoitzak 500 euroko seinalea jarri zuen. Gainontzekoa, ilbeltzaren 31n (bakoitzak 1.000 euro) eta martxoaren 14an (bakoitzak 500 euro) jarriko dute. 

Adostutakoa sinatu
Lau aizkolariek eta Pello Iparragirre akta hartzaileak adostutako neurriak jasotzen zituen agiria sinatu zuten Etzegarateko Alaia jatetxean. Atzerapena eskatuz gero, eguneko 50 euroko isuna izango dute eskatzaileek. 

Ondorengo berriketak
Apustua lotu ondoren aizkolariak eta apustu deialdira bertaratu ziren aizkolari eta zaleak berriketan aritu ziren, gustura. Martxoaren 21erako apustua dute hitzordu garrantzitsua, Altsasun edo Zumarragan.