Astekaria

Zelai berriaren ametsa, beteta

Maider Betelu Ganboa 2026ko otsailaren 2a

Etxarri Aranatz Kirol Elkarteko futbolariak, zelai berrituan. AITOR KARASATORRE

Etxarri Aranatz Kirol Elkarteak "pozik eta oso eskertuta" mustu zuen San Donato belar artifizialeko futbol zelai berria. Etxarriko musikariek futbol taldearen ereserki berritua aurkeztu zuten, eta aitortza berezia egin zitzaion Arretxe juntakideari

Etxarri Aranazko San Donato futbol zelaia txiki geratu zen ilbeltzaren 25ean. Egun handia zen, amestutako belar artifizialeko zelaia mustutzen zen eguna, eta herritar guztiek bertan egon nahi izan zuten. Futbol jokalari guztiek talde argazkia egin zuten berritutako zelaian, drona eta guzti. Berehala mustutze ekitaldia hasi zen, Andra Mari ikastolako frontoian. "Futbol zelaian bertan egitea politagoa litzateke, baina eguraldiagatik badaezpada frontoian egitea erabaki dugu" zioten juntako kideek. 

Etxarri Aranazko musikariek eta dantzariek Agur Jaunak bereziarekin egin zieten ongietorria bildutakoei. Segidan, Etxarri Aranatz Kirol Elkarteko hamar futbol taldeak aurkeztu zituzten. Klubeko babesle guztiei eskertza egiteko txanda izan zen ondoren. Babesle guztiek futbol klubaren bufanda jaso zuten opari. Instituzioetako ordezkariek ere, Etxarri Aranazko alkate Maria Saez de Albeniz eta Naroa Anso zinegotzia buru. Haiekin batera Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafael del Amo eta Teresa Iñigo idazkaria eta Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitia zeuden, eta Lakuntzako Lagun Artea eta Altsasu futbol klubetako ordezkariak. Guztiek batera argazki erraldoia atera zuten, eta Etxarri Aranazko dantzariek aurreskua dantzatu zieten guztiei. 

Izaskun Erdozia: "Kluba inoiz baino biziago dago; belar artifizialeko zelaia izatea gakoa da"

Kluba, inoiz baino biziago
Etxarri Aranazko Kirol Elkarteko juntako kideak igo ziren oholtzara. Haien izenean, Izaskun Erdozia presidenteak eta Iosu Murgiondo presidenteordeak hartu zuten hitza. "Eskerrik asko hurbildu zareten guztioi. Guretako egun berezia da gaurkoa, eta oso pozgarria da zuek guztiak ikustea. Ospakizun eguna da, izan ere urte askoren eta pertsona askoren lan eta inplikazioaren ondoren azkenean amestutako belar artifizialeko futbol zelaia mustuko dugu. Inbertsio garrantzitsua izan da herriarentzat. Etxarriko Udalak finantziatua, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Eskerrik asko benetan. Etxarri Aranazko Kirol Elkartearen etorkizunari begira, belar artifizialeko zelaia izatea gakoa da, bertako eta inguruko neska-mutilek futbolean jokatzeko eskaera gero eta handiagoari erantzuten dio, eta gure herria kirolaren inguruko jarduera, topaketa eta elkarbizitzarako toki gisa sendotzen du" agurtuz hasi zuten euren jarduna. 

Une honetan ia 200 haur eta gazte trebatzen dira Etxarri Aranatz klubean, eta horietatik laurden bat neskak dira. Guztira hamar talde dira, benjaminetatik erregionaletara, horietatik hiru neskenak. "Kluba inoiz baino biziago dagoen une honetan, hainbat balio finkatu eta indartu nahi ditugu: parte hartzea, berdintasuna, errespetua, ahalegina, talde lana eta euskararekiko konpromisoa. Gure haur eta gazteak beti erdigunean jarriz, guztiondako, elkarbizitzarako eta hazkunde pertsonalarendako gune ere izatea nahi dugu". 

Arretxe: "Ez nuen aitortza inondik inora espero, baina oso polita izan da"

Etxarri Aranatz Futbol Elkartea 1965. urtean sortu zela ekarri zuten gogora. "Urte guzti hauetan kluba bizirik mantendu duzuen eta proiektu hau gaur errealitate bihurtzea posible egin duzuen jokalari, entrenatzaile, juntakide, bazkide, zale, eta babesleen eta udalaren lan desinteresatua, inplikazioa eta lankidetza balioetsi nahi ditugu". Halaber, Lagun Artea eta Altsasu klubei sinergiak lantzen eta elkarrekin lanean jarraitzeko gonbitea egin zieten. 

Arretxeri aitortza
Juntak aitortza berezia egin nahi izan zion 20 urte baino gehiago juntan daramatzan Jose Javier Urkia Arretxeri. Bertsoa kantatu zioten eta oroigarria jaso zuen, hunkituta. "Guztion izenean, eskerrik asko, bihotzez, zure lan eta denboragatik, zelai hau zaintzen 24/7 lanean bolondres aritzeagatik". Azkenik, mustutze eguna prestatzen lagundu zuten guztiei eskerrak eman zizkieten. 

Berritutako ereserkia
Etxarri Aranazko musikariek futbol taldeko ereserki berritua jo zuten segidan. "2013an sortu zuen Etxarri futbol taldeak ereserkia, baina zaharkitua geratu da eta garai berrietara egokitu dute gure musikariek" azaldu zuen Adur Goikoetxea aurkezleak, eta Juanpa Agirrek futbolariei koroetan kantatzen laguntzea eskatu zien. 

Bukaeran auzate ederra zegoen prestatua. "Ez nuen aitortza inondik inora espero, baina oso polita izan da" azaldu zuen Arretxek, belar naturaleko zelaiak zuen lana gogora ekarriz. Rafa del Nidok nabarmendu zuenez, "gozamena da halako ekitaldi politetara etortzea". Lagun Arteako klubekoak, Javier Hernandez presidentea buru, adi egon ziren, Lakuntzako zelaia izango baita mustuko den hurrena. Finean, festa egun polita, merezitakoa.

"Gaurkoa ospakizun eta eskertze eguna izatea nahi genuen"
Izaskun Erdozia Ulaiar  Etxarri Aranatz K.E.-ko presidentea

Herri ia osoa bildu da ekitaldian.

Futbolak jende asko mugitzen du, geroz eta gehiago, neska-mutil asko; familia ia guztiak pasa gara edo pasako dira futboletik. Zelaia artifiziala jartzea beti amesten genuen gauza bat zen, jokalari eta talde guztiek hor entrenatu eta jokatzeko aukera izan dezaten. Gaur ospakizun eta eskertze egun bat izatea nahi genuen, eguraldiak lagundu digu eta jendea gerturatu da. Beraz, oso pozik gaude.

Musikak bere tokia izan du.
Etxarri Aranazko futbol taldearen ereserki bat bazegoen, Etxarriko musikari talde batek bere garaian egina, baina testuak mutilei edo semeei egiten zien erreferentzia; beraz, Etxarriko musikariei eguneratzea proposatu genien. Bildu, eta beraien ikuspegi artistikoarekin letra egokitu eta ereserkia moldatu eta eguneratu dute.

Etxarri Aranazko alkate eta zinegotziak, Nafarroako Futbol Federazioko presidente eta idazkaria, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikaria eta Lagun Artea eta Altsasu klubetako ordezkariak izan dira ekitaldian, besteak beste.
Zelaiaren mustutzea festa giroan ospatzea nahi genuen, eta ondokoekin partekatzea. Nafarroako Gobernutik ezin izan dute etorri baina gainontzekoak etorri dira eta oso eskertuta gaude etorri eta lagundu gaituztelako.

Arretxeri aitortza berezia egin diozue, horrenbeste urtez egindako lanagatik. Zur eta lur geratu da.
Bai, ez zuen espero. Gaurko egunarekin berari aitortza egitea oso sinbolikoa zela iruditu zitzaigun, 20 urte baino gehiagotan berarena izan delako belar naturaleko zelaia mantentzearen ardura. Zelai horrek horrenbeste lan eman dio, neguan eta udan egunero zaindu behar zelako...  ardura handia. Berari eskertza publiko xumea egitea polita iruditu zitzaigun. 

Bertsoa eta guzti.
Bertsoa, euskaldunendako, gure gauzak ospatzeko eta eskertzeko gauza oso polita da. Xumea eta polita. Eneko Lazkoz "Boli"-k egin zion bertsoa.

Eta zuek kantatu. Kantari onak dituzue juntan. 
(Kar-kar) Denetarik dago.

Egun polita izan da. 
Bai, gaurko egunarekin oso pozik gaude. Eta bihartik aurrera, berriro gurera: entrenatzera, partidetara eta lanera.